'Uliako mintegien parkea, halako bakarra da Gipuzkoan'
Aurreko hau ez da guk, Uliako Lore-Baratzak proiektuko kideok esana. Alta, Aranzadi Zientzia Elkartea bezalako erakunde ezagunek diote, euren txosten eta ikerketetan oinarrituta.
Izan ere, haien arabera «Uliako mintegien parkea Donostiako udal Haztegien jatorri historikoaren azken erakusgarria da (…) hiriko bioaniztasunaren gordelekuetako bat da, eta Gipuzkoa osoan bakarrak diren kultur, historia, arte eta hirigintza intereseko berezitasunak ditu».
Ehundaka, milaka pertsonak, zuek edo gu bezalakoak, hilabeteak daramazki(gu) gure erakundeak presionatzen, gure hiriko gune berezi eta txundigarri hau bere osotasunean mantentzeko. Izan ere, hala da bere natura eta ondare balioagatik, baita bere baitan eman diren parte hartze eta ahalduntze herri ekimenengatik ere, zeintzuk zeharo eraldatu duten topagune honek jende askorentzat duen zentzua.
Gorka Otxoa eta Ramon Agirre aktoreak; Sabino Ormazabal idazle eta kazetaria; Julia Otxoa poeta eta narratzailea; Ricardo Ugarte margolari eta poeta; Xabier Baztarrika margolaria, Fermin Muñoz historialaria; Gregorio Fisac Martin ingeniari agronomoa; eta Nora Erdozia eta Edorta Subijana arkitektoentzat, adibidez.
Bihotz Inguru Baso Eskola, Goyeneche Fundazioa, Biolur, Haziera eta Udalatx Mintegi Ekologikoa; Kalapie txirrindularien elkartea; Txondorra Kultur Elkartea, Donostiako Piraten Aingura eta Traganarru kofradiak, Intxaurrondoko gazte asanblada, ‘Uda gau bateko ametsa’ antzezlaneko lan taldea, biodibertsitatearen alde lanean ari diren elkarteak (Haritzalde, SEO Donostia, Espainiako Paisajisten Elkartea… Eta gaur aurkeztu ditugun 4.226 sinadurak.
Hala, gu, beste donostiar, gipuzkoar eta gure hiriko jatorri anitzeko biztanle asko bezala, honen adibide argia gera. Guztiok musutruk, Donostiak duen Hiri Parke gutxietako bat mantentzean ari garenak, komunitatea egiteko era berriak gorpuztu nahian, auzo nortasuna elkarrekin (guztiontzako) indartu nahian… Uliako Lore-Baratzak proiektua bezalaxe. Hala, urte honen hasieran, Eusko Jaurlaritzak proiektu hau saritu zuen.
Parke hau, bestalde, hiri ondareen, jasangarritasunaren… adibide bilakatu da mila ikasle baino gehiagorentzat. Bai eta naturan oinarritutako hezkuntzaren, kultur eta belaunaldi arteko bizikidetzaren, auzoko familien… erreferente bat ere. Edozein gauza kopiatzeko hainbestetan begiratzen ditugun herrialde horietatik ekarri izan bagenu, Kultur Hiriburutza zaratatsu baina eduki gabeko horren ikono bat gehiago izango litzateke. Ordea, hemen sortu denez, herritar soil eta bolondresek eraiki degunez, bere ekimena gutxitu eta moldeak ezbaian jartzen dira, hiria egiteko duen balioa eman ordez.
Zoritxarrez, gaurko Donostia beste hiri eredu batera doa, abiada biziz. Gutxi batzuen interesen araberako hiri bat izatera doa, kontsumo eta espekulazioaren epe motzeko dinamikek denbora eta su motela behar dituen guztia leherraraziko dutena.
Horregatik, gure gobernuen erantzun eta ordezkaritza ezaren aurrean, Uliako Lore Baratzeko kideek, bai eta beste talde eta jendarte erakunde batzuk, parke honen zainketa eta bizitzarekiko posizio aktiboa mantentzera goaz. Horrela, bizi nahi dugun hiria eraikitzen goaz, inposatu nahi digutenaren aurrean, beti ere auzo mailatik eta guztion onurarako pentsatzen.
Eskerrik asko.