Ibai Egia, Ilargi Berdea zirku eskolaren sortzailea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Ilargi Berdea zirku eskola sortu du Ibai Egiak (Egia, 1986). Gizakiak jolasen bidez ikasten duela uste du: “Hori da ikasteko modu naturala”. Guztientzat «erakargarria» izan daitekeen gune bat sortu du Ibaeta auzoan.
Ibaetan dago Ilargi Berdea zirku eskola; Portuetxe kaleko 55 zenbakian, hain zuzen ere. Koltxonetak, ohe elastikoa eta lau zinta zintzilik. Paretaren kontra, berriz, malabareak, ispilu bat eta esertzeko zenbait leku. Ibai Egia da gunearen eta proiektuaren sortzailea, Ander Arrieta berriz, erabiltzaileetako bat.
Txikitatik “tximukeriak” gustuko dituela dio Egiak. Betidanik maite izan du mugimenduarekin esperimentatzea: “Txikitan Urbieta kalean bizi nintzen, eta han ez zegoen leku askorik; gero, Egiara mugitu ginen eta han bi zuhaitz nahikoa izan ziren jolasean hasteko”. Betidanik izan du kirola gustuko Egiak, baina hezkuntza arautuak ez zion berak egin nahi zuen moduko kirolik eskaintzen. Behin derrigorrezko ikasketak bukatuta, goi mailako kirol teknikari izateko zikloa egin zuen; eta ondoren, kirol magisteritza: “Ohiko kirolak soilik irakatsi zizkidaten: futbola, eskubaloia, saskibaloia…”.
Unibertsitate ikasketak bukatzen ari zela ohartu zen berak ez zuela irakasle izan nahi: “Praktikak egitera eskoletara joatean ohartu nintzen plastika eta musikarekin batera, heziketa fisikoari oso garrantzia gutxi ematen zitzaiola”. Hori dela eta, ikasketak amaitu osteko bi urteetan aireko dantzako eta slackline ikastaroak eskaintzen ahalegindu zen zenbait kiroldegitan; baina “burokrazia” tarteko ez zuen lortu.
Zirku eskola
Ilargi Berdearen proiektua abiarazi zuen orduan. “Ilargi Berdea sortzeko prozesua nire bizi prozesuaren oso antzekoa izan da”, azaldu du Egiak. Pixkanaka hasi zen espazio baten bila zirkua aitzakiatzat hartuta: “Ideia ona iruditu zitzaidan zirkuarena, izan ere, hor gauza mordo bat sartu daitezke; akrobaziak, pailazokeriak, aireko dantzak…”. Helburu argi batekin sortu zen Ilargi berdea: “Bakoitzak gustatzen zaion zerbait egiteko aukera eskaintzen duen espazio bat sortu nahi nuen”.
2015eko azaroaren 2an ireki zituen ateak zirku eskolak. Hasierako ideia hamasei urtetik gorakoei zuzendutako espazio bat sortzea zen, nahiz eta, gerora, eta «eskaerak hala behartuta» planteamendua aldatu zuen: “Donostian gaztetxo asko daude akrobaziak lantzen dituztenak, eta hurbiltzen hasi ziren. Ondorioz, eta eskaria zegoela ikusita, gunea egokitu genuen”.
Hastapenetan egin zen bazkide Arrieta: “Ibai laguna nuen eta Ilargi Berdea ireki zuenean lau hilabetetarako bazkide egin nintzen” azaldu du Arrietak. Bereziki slackline egiten zuen berak; soka bat alderik aldera lotuta gainean oinez eginez.
Hasiera batean espazioa zirku eskola bezala definitu bazuen ere, hori baino gehiago dela uste du Egiak: “Mugitzea gustatzen zaion edozein pertsonari sentsazio berriak frogatzeko eta lantzeko aukera eskaintzen dion gune bat da”. Ados dago horretan Arrieta, izan ere ikasteko leku “paregabea” dela uste du, eta baita “ikasten jarraitzekoa” ere.
Filosofia propioarekin funtzionatzen du Ilargi Berdeak: “Eskolek eta federazioek kirol konpetitiboak sustatzen dituzte; Kasu honetan, norbere buruaren hobekuntza da helburua”.
Izan ere, kirola banaka egin arren talde dinamika presente dagoela uste du Egiak: “Gaztetxoak, esaterako, hamar laguneko kuadrilletan etortzen dira eta elkarri laguntzen eta irakasten diete”. Bat dator horretan Arrieta: “Asko ikasteko aukera eskaintzen du espazioak; bertan batzen den jendeak elkarri irakatsiz egiten du aurrera”. Hainbat jarduera egiteko aukera eskaintzen du guneak: besteak beste, aireko dantza , dantza bertikala, ohe elastikoa eta slackline.
Parte hartzeko
Hainbat modu daude Ilargi Berdearen parte izateko. Bazkide egitea da aukeretako bat; honela, espazioa irekita dagoen guztietan erabilgarri edukitzeko. Egiak azaldu duenez, gora beherea handiak izan dituzte bazkide kopuruarekin, baina gaur egun hemezortzi dira. Arrietak uste du aukera polita dela bazkide egitearena: “Ni bazkide egin aurretik ere aritzen nintzen halako kirolak praktikatzen. Ilargi Berdean gehienbat slackline, ohe elastikoa eta malabareak egiten nituen”.
Beste aukera bat bonuak dira; egun bateko bonua edo bost eguneko bonuak erosteko aukera dago: “Horiekin egun bateko edo egun batzuetako froga egin dezakezu, ea gustuko duzun edo ez ikusteko”.
Azkenik, ikastaro solteetan izena emateko aukera ere badago. Ikastaroak hasieratik hasten direla esan du Egiak, nahiz eta, beti ahalegintzen diren ikastaroekin aurrera jarraitzeko aukerak eskaintzen.
“Asmatzen eta berrasmatzen” ari dira egoera desberdinetara ahalik eta hobekien moldatzeko asmoz: “Suertatzen zaizkigun aukeretara egokitzen ari gara. Eskoriatzan ikuskizun bat eta ikastaro bat eskaintzeko aukera eman ziguten eta oso erantzun ona jaso genuen. Geroztik, beste toki batzuetan ere izan gara”. Aste Nagusian, esaterako, kalera aterako da Ilargi Berdea: “Jaietan zerbait egin nahi genuen baina udalak esan zigun ez zegoela guretzat lekurik Donostia osoan. Orduan, Donostiako Piraten mugimenduarekin harremanetan jarri ginen, eta ziurrenik kaian egingo dugu akrobazia erakustaldiren bat edo ikastaroren bat”.
Ametsak egia bihurtuz
Txikitan grabitatearen aurka joatearekin amesten zuen Egiak eta, orain, umetako ametsa bete izan balu bezala sentitzen dela azaldu du.
Izenaren zergatia ere ez da nolanahikoa: “Ilargiak grabitateari egiten dio erreferentzia; izan ere, hemen egiten ditugun jolas eta ariketa gehienek grabitatearekin dute zerikusia. Berdea berriz naturarekin eta, beraz, naturaltasunarekin lortzen dut; gauzak egiteko modu naturalarekin”.
Egiak uste du ohituta gaudela klaseen eta eskolen bidez ikastera, baina ziur dago ikasteko “modu naturala” jolastea dela. Horregatik uste du Ilargi Berdearen helburua “bazkideak bertaratu, elkarrekin ikasi eta aurrera egitea” dela.
Konbentzituta dago bizitza jolasten ikasten dela. Pozik dago Egiako bi zuhaitzak berak nahi moduko espazio batengatik ordezkatzea lortu duelako: “Txikitako amets bat betetzea lortu dut”.