Zubietako jaien izaera eta aniztasuna islatu nahi izan dute festak iragartzeko egin duten argazkian. (Argazkia: Lourdes Hueta)
Festa egarriz daude zubietarrak.
Egun bakarra geratzen da Santio jaiak hasi eta astebete iraungo duen festan murgiltzeko. Bihar eguerdian jaurtiko dute txupinazoa, Zubietako plazan, 12:00etan. Jaietako zapi morea jantzita, eta mozorroak jantzita etortzera animatu dituzte herritarrak. Iaz izan zuten jaiak mozorrotuta hasteko ideia, eta harrera ona izan zuenez, aurten ere errepikatu egingo dute.
Giro ederra izango da plazan, goiz partean kirol ikuskizun batek ere hartuko du-eta plaza ondoan dagoen frontoia. Gipuzkoako Errebote Txapelketaren finala jokatuko da 10:30ean. Hego Euskal Herrian hiru elkarte besterik ez dira errebotean jokatzen dutenak, eta aurtengoan lortu dute lau talde osatzea. Zubietako bi, Oiartzungo Txost elkartetik bat, eta Villabonako Behar Zana elkartekoa da bestea. Zubietako talde bat lehiatuko da Villabonako Behar Zana elkartekoen aurka.
Bazkalorduan denek elkarrekin bazkalduko dute, herri bazkarian. Ondoren, Erraustegiaren aurkako Zubietako taldeak antolatuta, bingo herrikoian parte harteko aukera izango da. Hain zuzen, erraustegiaren aurkako aldarria ozen entzungo da jaietan: «Herritarrok bat eginda azalarazten dugu zubietarron herri izaera, eta bat eginda egiten diogu aurre gure lurretan egiteko asmoa duten erraustegiari ere. Horregatik, hure herriko festak ongi pasatzeaz gain, aldarriz ere bete nahi ditugu», adierazi du jai batzordeak.
Talentu erakustaldia
Aurtengo berritasun garrantzitsuenetakoa Hoi denk hoi abilidadia! herritarren talentu erakustaldia da. Dantzatu, abestu, magia egin, umorea… Zein izango da zubietarren ezkutuko gaitasuna? Haur, gazte, heldu… Banaka edo taldeka, utzi lotsak etxean, eta utzi ikusleak zur eta lur! Igandean egingo dute, 17:30ean. Azken urteotan dantzaldi musikala antolatu ohi zuten. Herriko dantza taldeek parte hartzen zuten, eta ikuskizun bat prestatzen zuten. Aurten, ordea, beste herritarrak ere animatu nahi dituzte. Bakoitzak barruan gordeta daukan hori besteei erakusteko unea izango da.