Errioarekin bakeak egiteko garaia da
Ni, Urumea dokumentalean ere. Ibaia lagun edo bizilagun izan duten herritarren lekukotzak jaso ditu Labrit Multimedia ekoiztetxeak dokumentalean, eta ibaiari berari ere eman dio ahotsa, aurpegira diezagun zer puntutaraino egin diogun kalte iraganean.
Urumea ibaiaren beste berezitasun bat ere agerian utzi dute testigantza horiek: ez da ez Urumea, ez ibaia; errioa da.
Kaltea egina dago, baina ez dago etengabe korrontearen aurka joan beharrik. Hortaz, ea erriora gerturatu, hari begira geratu, eta bere balioa, handitasuna, uraren hotsa aditzeko gai garen aurrerantzean.
Teoria badakigu. Bereak dituen lurrak lapurtu dizkiogu bertan eraikitzeko; hondatutako tresna zaharrak, eta zakarrak bota ditugu, urak irentsi eta gainera desegingo dituelakoan; uraren kolorea aldatu eta alarmak piztu arren, hara doaz lantegietako isuriak… Teoria badakigu, baina ibaia madarikatu dugu, ur goraldietan gure etxeetara sartzeko ausardia hartu duenean. Orduan bai, beldurtu gaitu, errespetua sorrarazi.
Baina, korrontearen aurka egitea baina errazagoa delakoan, badator uraren kulunka gozoa; urak bere onera datozela dirudi pixkanaka-pixkanaka.
Ibaia ura daraman zera soil hori baina askoz gehiago izan da donostiarrentzat 80. hamarkada arte. Garraiorako, lanerako eta aisiarako gune izan da.
1919. urtean egin zuten, lehen aldiz, esaterako, Urumeako zeharkaldia. 3.850 metroko igerialdi bat izan zen, Loiola eta Maria Kristina zubiaren artekoa. 1958. urtera arte antolatu zuten; kutsaduraren ondorioz bertan igeri egitea jasanezin bilakatu zen arte.
Baina urak bere onera datozen honetan, bigarren saiakera egingo dute. Errioarekin bakeak egin eta aisialdirako gune gisa berreskuratu nahi dute. Hala, hainbeste urteren ostean, bihar, Urumeako zeharkaldia egingo dute berriro, Kairoscore eta Ur Kirolak klubek antolatuta.
Hiru taldetan aterako dira, tartean bost minutuko aldea utzita; lehenak 18:30ean abiatuko dira bosgarren zubitik (Jose Antonio Agirre), hirugarren zubira arte (Maria Kristina). 2.150 metro inguruko ibilbide zirkularra egingo dute igerilariek.
200 bat parte hartzaile espero dituzte. Beraz, harrituko dira izokinak, harrituko lanproiak. Haritzaldek ibaia eta ibaiertza ezagutzeko egiten dituen txangoez gain, inor gutxik begiratzen baitio ibaiari.
Hala nabarmendu dute