1886ko abuztuaren 28an sortu zuten Donostiako Tranbia Konpainia. Zaldiek tiratako orgatatik ibilgailu elektrikoetara igaro dira. 130 urtean asko aldatu dira mugikortasun ohiturak eta Dbus horietara egokitu da.

1886. urtea. Zaldiek tiratutako tranbiak izan ziren hiriko lehenak.
Nor ez da leihoko kristalean behera doan euri tanta harrapatzen saiatu; nori ez zaio irribarre bat atera atzeko bidaiarien hizketaldiak entzunez; nork ez du kuluxkatxo bat egin, eserlekuak gogorrak izan arren; edo nork ez du gorrotatu bidaia osoa hizketan aritu den ondoko astuna.
Azterketa aurreko azken errepasoa egiteko; bero sapa izugarria denean, lasai eseri eta etxera itzultzeko; putzuz putzu nekatu eta ekaitzetik babesteko; debekatutako azken muxua emateko; hiria zeinen azkar bizi den ikusteko atzeranzko eserlekutik. Zenbat kilometro eta zenbat istorio bilduko zituzten hiriko kaleetan.
Izan ere, 130 urte bete ditu aurten Donostiako autobus konpainiak.
1886ko abuztuaren 28an sortu zuten. Urtebete baino lehen,
Kontxatik abiatu eta Bulebarretik Ategorrietako orgategiraino egin zuen lehen ibilbidea. Ordutik ez du etenik izan.

Bi pisuko trolebusa.
Zaldiek tiratutako sei orga ireki eta sei orga itxirekin abiatu ziren, baina mota askotariko ibilgailuak izan ditu konpainiak, gaur egungo autobusetara heldu arte: mandoek edo zaldiek tiratutako tranbiak, tranbia elektrikoak, solairu bateko edo biko trolebusak, gasolinazko autobusak, diesel motordunak eta autobus hibridoak. 2014an eskuratu zuten
Irizarren i2e autobus elektrikoa; Europako lehena.
Hiriko mugak Dbusek definitzen dituela esan ohi da txantxetan, baina ez da guztiz okerra.
26.856 biztanle zituen hiriak autobus konpainia sortu zenean; ia 200.000 ditu orain. Hiriko harresiak bota zituztenean, eta auzoak zabaltzen hasi zirenean, tranbia ere hedatzen hasi zen. Kontxa eta Ategorrietako bideaz gain, Herrera, Bentaberri, Igeldo eta Amarara zabaldu zituen ibilbideak, auzotarrak batu eta hiria besarkatzen duen armiarma sarea bihurtu den arte.
Baina armiarma beharrean igel berdeak egiten du jauzi batetik bestera orain.
2005. urtean hartu zuen autobus konpainiak Dbus izena. Eta ordukoa du irudia ere. Desagertzeko arriskuan dagoen
Hyla Meridionalis Igarako igeltxo berdea eta hiriaren berezko kolore urdina nahasten ditu egungo markak.
Ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren aldeko apustua islatzen ditu horrela.
130 urtean asko aldatu dira mugikortasun ohiturak. Zaldi gainean zihoazen herritarrak patxada handiagoz joango ziren bazterretara begira, mugikorrari begira joan beharrean. Baina bizkorrak dira igeltxo berdeak ere, eta jakin dute erlojuen orratzen aurka jauzi egiten.