Aste Nagusi Pirataren hasiera. (Argazkia: Malen Aldalur)
Pirata auto-desterratu eta nahitaez desterratutako horiek,
Espazio publikoa guztiona dela aldarrikatuz bota ditugu aingurak hamahirugarrenez. Hemen gara beste urte betez guztiona den kaia kolorez, ametsez eta aldarriz betetzeko prest; desiotako mundu berriaren mapa eraikitzen jarraitzeko grinez.
Aurten, arratsaldeko 18:30ean lehorreratu dira Ezkila eta Matti, eta haiekin batera porturatu ditugu festarako gogoak lelo baten pean: “GORA KAI HERRIKOIAK!” Aingura kofradiak du, aurtengoan, Ezkilaren kargua; Mattiren rola, berriz, gurean ditugun bi errefuxiatuk hartu dute: Hassana Aalia eta Kateryna Kirsanovak. Horiek ordezkatzen dituzte harresiz beste aldera bizitzera kondenatuak dauden errefuxiatuak, eta horien bitartez, maitasun handienez, adierazi nahi diegu gure gunean, kaian, La Flamenkan, ONGI ETORRIAK DIRELA ERREFUXIATUAK. Izan ere, batzuek arreta “Allí abajo” telesailean jarri duten bitartean, guk hemen ondoan dugu, harresiez beste aldera, gurekin batera mundu berri baten mapa eraiki nahi eta beharrean dauden horiengan jarri dugu.
Txalo zaparrada eta ilusio handiz jaso genituen Matti eta Ezkila, eta ziur, niri bezala, bati baino gehiagori oilo larrua azaleratu zitzaiola Hassanak eta Katerynak aurtengo pregoia irakurri zutenenan. Guztion irriaren atzean, badakigu zein den ezkutatzen den istorioa: zapalkuntzarena, deserriarena, injustizia eta bizi baino, bizirautearena. Baina atzokoan ondo azaldu zuten moduan “infernuak eta mugak ezabatzeko” bizi gara, eta horretara goaz. Piratok ondo dakigunez, festek egiten gaituzte.
Txupina zeruan zehar galdu, eta guk berreskuratu genuen La Flamenkak gordetzen duena: elkartasunez, denon artean sortutako festa giro sano eta atsegina. Hau hasi besterik ez da egin, eta astebetez, geroz eta ñoñostiagoa den gure hiriko kaleak kolorez jantzi eta aldarriekin eranzten ariko gara. Gugatik. Gugandik urrun bizitzera kondenatu dituzten horiengatik. Harresia bizi oztopo dutenengatik. Isildu dituztenengatik. Eta nola ez, zugatik, Markel.
Itxi genuen La Flamenka larunbatez, baina korronteak bagaramatza berriz ere piraton errepublika askera. Isildutakoak testuratzeari utzita, esandakoei ekinez, eskuminak Santa Klarara.