Josu Tellabide, etnologoa
Lugaritzen jaio zen Tellabide 1943. urtean. Bertan bizi da oraindik. Azken 200 urteetako hiriko kale izenen eboluzioa aztertu du donostiarrak, eta herritarrak izatetik inposatuak izatera pasa direla uste du.
Lugaritz auzokoa zarela diozu.
Lugaritz auzoan jaio eta bizi naiz. Auzoa ukatu ziguten donostiarrak ez ziren ez jakin batzuek. Gero, kale bati Lugaritz izena jartzea lortu genuen, baina kale bati besterik ez. Nahi zuten moduan zatitu zuten hiria. Lugaritz Donostiako auzo nagusietako bat zen, 110 baserri zituen. Hiru auzo nagusi zeuden: Lugaritz, Ibaeta eta Amara. Gero bazeuden beste hiru auzo txikiagoak zirenak: Egia, Ulia eta Loiola. Eta gero herriak: Altza, Igeldo, Aduna eta Pasai San Pedro. Azken hauek gero kanpoan geratu ziren.
Auzo batzuk desagertarazi eta berriak sortu zituzten, beraz.
Ordezkapen bat dago kasu askotan: Loiolako Erribera Amara bihurtu nahi dute komertzialagoa delako, Intxaurrondo luzatu egin dute eta Altza desegin. Ordezkatzea herri bat desegitea da.
Auzoez ari gara, baina kale izenen eboluzioa ere aztertu duzu.
Azken 200 urteetako kale izenen eboluzioa aztertu dut. Uste dut toponimia gure izaera kulturalaren parte garrantzitsu bat dela eta kezkatzekoa da. Kastellanoak izan dira eta dira hemen jaun eta jabe, eta ondorioz izenetan ere gaztelania nagusitzen da. Gainera, ez da hizkuntza kontua soilik, kale izenak herritarrak izatetik inposatuak izatera igaro dira.
Zergatik diozu hori?
Ibaetari Los Juncales deitzen zioten eta Igeldori, Monte Igueldo. Monte Igueldo Igeldoko parkea egin zuen enpresaren izena da eta jendeak horrela deitzen dio mendiari, baina bere egiazko izena Txubillo da.
Toponimia aldatzen ari da. Mende hasieran egon zen halako pizkunde moduko bat eta berreskuratu zituzten izen batzuk, Ibaeta edo Ategorrieta esaterako. Izan ere, azken honi Puerta Colorada deitzen zioten. Dena den, frankistek hiria hartu zutenean euskara debekatu eta birrindu egin zuten.
Frankismoaz ari zara. Baina zer geratzen da gaur egun?
Lehengo egunean esaterako autobus parada batean zera ikusi nuen: El Diario Vascoko geltokia. Harrituta geratu nintzen, eta egia da bati baino gehiagori entzun dizkiodala halakoak. Leku hori Illarraberri deitzen da, baina Diario Vasco botere faktiko bat da eta indar handiagoa du.
Horrelakoa da hemen kulturaren kontua, zezenketei kultura deitzen diote eta pintxoei ere bai. Mundu erdia goseak hiltzen, eta hemen jatea kultura da.
Noiz aldatzen dira kale izenak?
Donostian hiru garai nagusi bereizten ditut nik: lehenengoa, harresia bota zutenean; bigarrena, bigarren errepublikan; eta hirugarrena trantsizioan.
Harresia bota zuten garaietan, esaterako, kale izendegia ez zen gehiegi aldatu. Garai horietako aldaketa garrantzitsuenetako bat plaza Berriari Konstituzio plaza deitzea izan zen.
Harresia bota ostean Donostiako burgesiari bidea libre geratu zitzaion negozioetarako, horregatik garai horietan erreginen, militarren, kolonizatzaileen edo espekulatzaileen izenak jartzea erabaki zuten: Okendo, Marques de Salamanca, Jose Gros espekulatzailearen auzo izena, General Etxague…
Dena den, boterea aldatzen denean beti inposatzen dituzte kale izen berriak.
Botereak erabakitzen du kaleak nola izendatu?
Bai, botere administratiboa daukanak erabakitzen du, hau da, politikoek. Izan ere, badakigu benetako boterea beste batzuek dutela.
Hori ez da aldatu. Garai haietan bezala, gaur egun ere dena eraikitzen jarraitzen dute, ez dute espazio bat libre uzten, eta gero beraiek nahi bezala izendatzen dituzte lekuak.
Garai batzuk oso kontserbadoreak izan ziren, Primo de Riveraren garaiak esaterako. Beti beraien lagunen izenak jartzen zizkieten kaleei. Gero trantsizioaren ondoren pixka bat aldatu ziren kontuak. Ramon Labaien eta Jesus Mari Alkain jarri ziren alkate moduan eta euskararen normalizazioan eragin zuten. Dena den, gauzak ez ziren garbi egin, eta Donostia izena jarri beharrean zintzo jokatzeko Donostia- San Sebastian izena jarri zioten hiriari. Hori ez da beste inon gertatu, Kataluniara edo Galiziara begiratu besterik ez dago.
Euskarak zein pisu du kale izenetan?
Ez behar lukeen bestekoa. Hemen gaztelania da nagusi, baita kale izenetan ere; adibide bezala hor dago Irutxulo bera.
Estatu kolpearen aurretik Amarako Ikastola dagoen lekuan Irutxulo deitzen zen kale bat zegoen. Ondoren, desagertu egin zen. XX. mende erdialdean edo bukaeran berreskuratu genuen berriro, eta Antiguako plaza bati jarri genion. Hura ere kendu egin ziguten. Gero Atotxara pasa zuten Irutxulo eta 2015. urtean Antiguatik kendu zuten berdinek kendu zuten Atotxatik, eta Atotxako Futbol Zelaia izena jarri zioten. Garai horretan udalean zeuden alderdi guztien babesarekin.
Oraindik ere lana dago egiteko orduan?
Donostiako udalak 1887an onartu zuen izenak euskaraz edo gaztelaniaz jartzea jendeak erabiltzen zuen moduaren arabera. Orduan Abuztuak 31 kaleari esaterako euskaraz San Telmo izena jarri zioten, baina ez zuten bete. Gero, berriro onartu zuten 1963an eta oraindik frankismo garaiko kartela ikusi daiteke.
Euskara atzeraka doa, izan ere, ez gara gai gaztelaniari aurre egiteko dinamikak ezartzeko. Txirritak esaten zuen errespetua galduz gero ez garela ezer, eta hala da; errespetua galtzen badigute ez gara ezer.