«Langileok indartsu gaude»
Amarako Euskotren geltokiko langileak lanuzteak egiten ari dira. Udazkenean lan egoitza aldatuko diete, eta orain arteko lan baldintzak bermatzea nahi dute. Greba eskubidea urratu dietela salatu dute.
Aste Nagusiko jaiak baliatu zituzten euren aldarrikapena entzunarazteko, eta orain, Kontxako Bandera jokatzen den asteburuekin bat egingo du euren protestak.
Amarako Greba Batzordeko kideek esan dute Aste Nagusiko arratsalde-gauetan egin zituztela lanuzteak, eta langilee gehienek parte hartu zutela. Mobilizazioa ikusaraztea lortu arren, Eusko Jaurlaritzako lan sailetik ezarritako gutxienezko zerbitzuek grebaren eragina ahuldu zutela uste dute: «Zerbitzuen %75a inposatu ziguten. Gure ustez gehiegikeria izan da. Greba egin nahi zuten langile askok euren lan txanda osorik bete behar izan dute, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak direla eta».
Gutxieneko zerbitzu gehiegi
Greba eskubidea urratu egin dietela salatu dute: «Neurri horitako gutxieneko zerbitzuak ezartzea oinarrizkoa den greba eskubidea urratzea da».
Grebak aisialdiarekin lotutako zerbitzuetan eragitea nahi zuen langileen batzordeak, «lanera eta bestelako beharrengatik trena erabiltzen duten bidaiariak ez kaltetzeko». Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien ondoren, mobilizazioa «berbideratu» behar izan dutela adierazi dute: «Aisialdi orduetako trenetan %75eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Aldiz, lan zein eskola zerbitzuak betetzen dituztenetan %30ekoak. Tamalgarria da Garraio sailetik lanera, sendagilearengana, betebehar administratiboetara eta ikastera doazenak zigortzea».
Ekainetik borrokan
Argitu nahi izan dute zergatik jo zuten grebara: «Akordio batera heltzeko ezezkoa eman zuen enpresak. Enpresak hala eskatuta, eta akordio azkar bat lortzeko, mobilizazio guztiak utzi zituen alde sozialak ekainean. Borondate oneko jarrera honi erantzunez, enpresak zerbitzuetako koadroak inposatu egin zituen, eta ateak itxi zituen edozein akordiori. Ezetz esan zieten gure proposamen guztiei».
Lehen mobilizazioak pizteko arrazoia Irungo Arasoko tren egoitzaren sorrera izan zen. Orain arte Amarakoa izan da Euskotrenek Gipuzkoak izan duen tren egoitza bakarra. Irailaren 12an Irungo Arasoko tren egoitza jarriko dute abian. Amarakoak eta Irungoak batera ariko dira. Arasokoa sortuko dute, baina Amarakoa ere mantenduko dute. Langileen arabera, egoera berri honetan, ez dira langileen orain arteko baldintzak bermatuko, «jai ditugun asteburu kopurua, besteak beste».
Izan ere, zuzendaritzak Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia zerbitzuak indartu nahi ditu, baina lan taldearen handitzea eskasa izango da, langileen ustez.
Mobilizaziorako beste arrazoi bat, lan egoitza berrira joateko garraio planik ezarri nahi ez izatea: «Enpresari Arasoko langileei lanera joateko garraiobidea bermatzeko eskatuo diogu, Amarako langile gehienak bertara bidaliko dituzte eta».
Eskaera nagusiak dira orain arteko baldintzak bermatzea, eta errespetatzea libratzen duten asteburu kopurua.
Orain arteko enpresa zuzendaritzarekin izandako negoziaziak «oso txarrak» izan direla esan dute:?«2015. urtetik bilerak eskatu ditugu, baina joan den maiatza arte ez da eseri gurekin hitz egiteko. Lan baldintzen galera gure gain hartu behar genuela ezan zigun enpresak hasieratik, eta horrek innplizituki murrizketak dakartza. Egoitza berriaren sorrerak eragin duen egoera lan baldintzak estutzeko erabili nahi du zuzendaritzak. Jarrera inposatzailea izan du zuzendaritzak eta entzungor egin die gure eskaerei».
Hurrengo lanuzteak
Irailaren 4an, 9an, 11n eta 12an egingo dituzte hurrengo lanuzteak. Baita irailaren 13tik 24ra – irailaren 18a salbu–. Hurrengo bi igandetan Kontxako bandera jokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzako lan sailetik egun horietan %75eko gutxieneko zerbitzua egitera derrigortu dituztela azpimarratu dute: «berriz greba egiteko eskubidea urratuko digute».
Halere, aurrera egiteko asmoa dute: «Langileok indartsu gaude, eta ziur gaude grebak arrakasta izango duela. Oker daude uste badute gutxieneko zerbitzuekin sortuko duten normaltasun irudiak gure animoa jaitsiko duela».
Aparkalekuetako langileek ere greba hasi dute Okendo, Katalunia plaza, Kontxa eta Atotxako lurpeko aparkalekuetako langileen baldintzak okertu izana leporatu dio LABek Empark enpresari. Langileak geldialdiak egiten hasi ziren abuztuan, eta atzo berriz hasi zituzten lanuzteak. Hamasei lagun inguru ari dira lanean lau aparkaleku horietan. Baldintza duinak eskatu dituzte, gehienen soldatak ez baitira mila eurora iristen. LABen arabera, udalak ere erantzukizuna du, udalarenak baitira aparkalekuak.
Aparkalekuetako langileek ere greba hasi dute Okendo, Katalunia plaza, Kontxa eta Atotxako lurpeko aparkalekuetako langileen baldintzak okertu izana leporatu dio LABek Empark enpresari. Langileak geldialdiak egiten hasi ziren abuztuan, eta atzo berriz hasi zituzten lanuzteak. Hamasei lagun inguru ari dira lanean lau aparkaleku horietan. Baldintza duinak eskatu dituzte, gehienen soldatak ez baitira mila eurora iristen. LABen arabera, udalak ere erantzukizuna du, udalarenak baitira aparkalekuak.