Egiako Mikel Pikaza bizilaguna uztailean hil zen. Bere denbora eta indarra eskaini zizkien auzo eta herri mugimenduei. Bihar eguerdian omenaldi bat egingo diote Plaza Haundin, bere lana eskertzeko.
Kuadrillakoak, Mikek Pikazaren soslaia margotuko duten lekuan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sortzez irundarra zen, eta munduan barrena hara eta hona ibili ondoren, azken 20 urteetan Egian bizi izan da Mikel Pikaza. Guztiz etxekotua zegoen, eta hala erakusten du bere jardunak. Auzoarentzat lanean jarraitu zuen azkenera arte; uztailean gaitzak eraman arte.
Irutxuloko Hitza bere kuadrillako lagunekin eta auzo elkarteko kideekin bildu da Pikaza gertuagotik ezagutzeko.
“Saltsa guztietan sartuta zegoen. Baina ez figurante gisa bakarrik; ez, ez, leporaino sartuta”, dio erdi broman Antton Gonzalez, Pikazaren kuadrillakoak.
Egia Bizirik auzo elkartea, Duintasuna jubilatuen elkartea; LAB sindikatua; Ezker Abertzalea; metroaren aurkako taldea; eskubideen karta soziala; kontsumo arduratsua; antenen aurkako mugimendua; Txondorra; ekonomia sozial eta eraldatzailea eta beste hainbat kontutan egiten zuen bere ekarpena.
Zuen denbora eta indar guztia eskaintzen zizkien herri mugimenduei. “Baina, zuk noiz egiten duzu lo? galdetzen genion askotan”, dio Carmen Hierro kuadrilla kideak. Bazkal ondorengo siesta sakratua zuen, baina gauari ordu asko lapurtzen zizkiola aitortzen dute lagunek.
Akuilu lana
Pikazak egiten zuen gidari lana. Horretan ados daude kuadrillako lagunak eta auzo elkarteko kideak. Oso metodikoa eta ordenatua omen zen: “Bere kuadernotxoarekin ibiltzen zen erabat. Han apuntatzen zituen datak, erabakiak, gai ordenak…Bileretan urduri jartzen zen inolako ordenik gabe solasean hasten baginen”, dio Josefina Garcia de Eulate lagunak.
Larunbat eguerdian Mikel Pikaza omenduko dute Plaza Haundin. (Argazkia: Egia Bizirik)
Mila saltsatan sartua, mila eta bat bilera antolatu eta gidatzen zituen Pikazak: “Beti norbaitek eman behar du aurpegia, eta bera bidaltzen genuen beti”, dio Antton Gonzalezek. Uretako flotagailu baten gisan irudikatzen du lagunak: “Hari helduta joaten ginen beste guztiok”.
Izan ere, «behartutako lider” gisa definitu dute Pikaza: “Ez zen batere liderra. Berari jendeak parte hartzea gustatzen zitzaion, baina inor behartu gabe. Borondate edo gogorik eza ere errespetatzen zuen. Zenbat gaude, lau? Ba, lauon artean egingo dugu, esaten zuen askotan”, gogoratzen du Juan Mari Jauregi lagunak.
Herritarrek auzoan, hirian, edo jendartean eragingo zuten erabakietan parte hartzea zen Pikazaren nahi eta helburu nagusia: “Berak ideiak botatzen zituen, eta jendeak hausnartzea, iritzia ematea, ideia berriak bota edo eztabaidatzea gustatzen zitzaion. Isilik egoten zen entzuten, eta bere buruan ideia guztiak ordenatzen. Batzar irekien formatua aldarrikatzen zuen”, dio Eñaut Beloki Egia Bizirik auzo elkarteko kideak.
Berdaitz Gurutzeagarekin batera, ordu asko eman ditu Belokik Pikazaren alboan. “Ilusioa eta lan egiteko gogoa” helarazten zituela diote: “Ideia utopikoa, burugabea edo ia ezinezkoa iruditu arren, bere ilusioa kutsatzen zuen Pikazak”, dio Belokik.
Lagunen ustez ere Pikazak bazuen harremanetarako dohain bereziren bat: “Hizketarako trebetasun handia zuen. Umil umil, baina harira joaten zen”, dio Jauregik. “Ez zen haserretzen gainera. Beti jarrera baikorra zuen; beti irribarrea prest”, dio Gonzalezek. “Norbaitek trabak besterik ikusten ez zituenean, jarrera ezkorra zuenean, orduantxe amorratzen zen. Ezinezkorik ez zen Mikelentzat. Oso ausarta zen, beti edozertarako prest”, dio Garcia de Eulatek.
Ezinezkorik ez izate horrek, “motxila beteegia” eramatea zekarrela onartu du Gurutzeagak. Hemendik aurrera, auzo elkarteak dituen indarrak neurtu eta horren arabera lanean jarraitzea izango dute helburua. Lagunek ere antzera pentsatzen dute: “Ordezkaezina zen, eta ordezkatzea ezinezkoa da gainera. Bera gabe auzoa aktibatzen eta lan egiten ikasi beharko dugu”.
Omenaldia
Auzotarrek omenaldi bat egingo diote Pikazari bihar eguerdian. Hain gustuko zituen batzar bat egingo dute, aulkiak biribilean jarrita. Bere gustuko abestiak ere abestuko dituzte, eta bere soslai bat marraztuko dute plazako horma batean betirako iraun dezan gogoan. Auzo elkarteak Pikazari buruzko aldizkari berezia banatuko du, eta baita bere liburuak ere. Azkenik, haritz bat landatuko dute Plaza Berrin.