Tropa frankistak hirira sartu ziren eguna oroitu dute hainbat elkartek.
Tropak Donostiara sartu ziren eguna oroitu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Orain dela 80 urte sartu ziren Donostiara tropa frankistak. Egun hori oroitzeko ekitaldia egin dute memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari diren zenbait elkartek: Genozidio Frankistaren Biktimen Elkartea, Goldatu, Sare Antifaxista, LAB, EH Bildu, PCE-EPK, Ezker Anitza, Donostiako Errepublikarrak Elkartea, Libre eta Eleak mugimenduak. Salatu dute Udalak ez dituela hark antolatutako omenaldira gonbitatu eta beste ekitaldi bat antolatu dute. Goldatu taldeko Felipe Eizagirrerekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAK.
Zer da gaur gogoratu nahi duzuena?
Orain dela 80 urte tropa frankistak hirira etorri ziren. Aurretik ehunka pertsonek alde egin zuten erbestera milizien babespean, baina beste asko hemen geratu ziren. Hemen geratu zirenetatik 385 fusilatu zituzten eta 561 espetxeratu. Gure aitona-amonek bizitakoa oroitu nahi dugu.
Hainbat elkarte bildu zarete fusilatuen omenez eraikitako eskulturaren bueltan.
Ekitaldi polita izan da. Espero nuena baino jende gehiago hurbildu da eta formatua asko gustatu zait. Olerkia, musika, dantza eta lore eskaintza. Xumea bezain sentikorra izan da. Intimoa eta polita.
Dena den, bi omenaldi egongo dira; bata udalarena, eta bestea memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari diren elkarteena. Zergatik?
Mahai sektorialean guztiok batera erabaki genuen omenaldiaren eguna, baina ez genuen formatuaren inguruan hitz egin. Udalak bere aldetik erabaki zuen omenaldiaren formatua gurekin hitz egin gabe. Orduan, memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari garenok beste omenaldi bat egitea erabaki genuen. Ez goaz inoren kontra, soilik gure arbasoak oroitu eta omendu nahi ditugu.