2017a arte ez dute lanekin hastea aurreikusten.
Itxura hau izango du Loiolako zeharbide berriak. (Argazkia: Donostiako udala)
Autoentzako norabide bakoitzeko errei bana utzita, bulebar bilakatuko dute egungo Loiolako zeharbidea.
Denbora daramate udal teknikariek proiektua definitzen auzotarrekin batera. Lau bilera egin dituzte aukera ezberdinak aztertu eta beharren araberako proposamen bat zehazteko.
Gaur, 18:30ean egingo dute prozesu horren guztiaren ondoren lortutako emaitzaren aurkezpena loiolatarren aurrean, kultur etxean.
Duñike Agirrezabalaga Lankidetza zinegotziaren esanetan, “proposamen hau ia behin betikoa da; azken orduko aldaketa txikiren bat onar daiteke agian, baina hau oinarri hartuta idatziko da proiektua”.
Aldaketa erabatekoa izango da. Loiolako zeharbidean
trafikoa ia guztiz deuseztatutako da. Izan ere, autoentzako errei bana utziko dute, baina gainerakoa oinezkoentzako bidea eta gune berde zabal bilakatuko da. Loiolan aparkatzeko dauden arazoak aintzat hartuta, “autoak kalean edo lur azpian sartu, hori izan zen erabaki beharreko lehen gauza, eta auzotarrek nahiago izan zuten bigarren aukera”, azaldu du zinegotziak.
Horregatik,
zeharbidearen azpian parkin bat egitea izango da lehen lana. Beste proiektu bat da, eta dagoeneko idatzita dago. 14 hilabetean egin beharko dute. 100 autorentzako aparkaleku bat egingo dute, eta interesa duten herritarrek euren lekua erosteko aukera izango dute.
Hortaz, zeharbideko trafikoa hutsala izango da, eta oso geldoa, oinezkoek izango dutelarik lehentasun osoa. “Horrela, Urumeako autobidea erabiltzea nahi dugu Loiolako Erriberako bizilagunek, Loiolatik pasa behar izan gabe”, esan du Agirrezabalagak. Trafikoa bideratzeko biribilgune berri bat egingo dute Urdintzuko zubiaren alboan, kuarteleko zubiaren parean.
Zeharbidearekin batera, Euskotrenen geltoki berriaren lanak amaitzeak, “erabateko aldaketa” ekarriko duela Loiolara esan du zinegotziak. Geltoki berriaren albo batean esaterako, gune ireki zabal bat sortuko da, “mota askotariko jarduerak egiteko gune bat izan daiteke”.
Proiektu handia izanik, udal ordezkariak ez du datarik eta aurrekonturik aurreratu: “2017a baino lehen ez dira lanak hasiko, eta aurrekontu zehatza ez dago jakiterik proiektua bera idatzi arte”.