Ibai Etxarri: «Egurra ematea gustuko dut»
Ibai Etxarri, ilustratzailea
Nahiz eta gaztetatik marraztu, Intxaurrondo Ibai Etxarri gaztearentzat ez da erraza izan bidea egitea. Pixkanaka pauso txikiak ematen ari da zaletasuna ogibide bihurtu eta urte luzez sortzen jarraitu ahal izateko. Nola hasi zinen marrazkigintzan? Asko kostatu zait nire estiloa aurkitzea. Gaztetatik marraztu dut, estilo pila bat estilo landu ditut, euskarri asko probatu ditut… Hasieran marraztu egiten nuen. Ondoren diseinu programak erabiltzen hasi nintzen. Batxillergoa bukatuta diseinu enpresa batean hasi nintzen. Bideo jokuetarako diseinuak, animazioa… Lan asko egin nuen. Tamalez, krisi garaia heldu zen eta lana bukatu zen. Hutsetik hasi behar izan nuen. Bartzelonan ikasketak egin nituen, 3D formatuko animaziokoak, baina oso lan nekeza da. Minutu bateko animazioak lan izugarria eskatzen du. ‘Ugarri’ izenarekin horma irudiak egiten hasi zara. Antton Ugarte auzokidearekin batera hasi nintzen iaz. Galduta negoen, ez nekien nondik jo. Eta ustekabean aukera hau sortu zen: horma irudiak egiten hasi ginen enkargu bidez. Lagun batek eskatuta bere garajeko pareta bat margotu genuen. Beste batek bere bulegorako horma irudi bat margotzeko eskatu zigun, ondoren etxe batean ere egon ginen. Hastea asko kostatzen da, baina badirudi pixkanaka abiada hartzen ari garela. Gure estiloa mantenduta, gure marka izan nahi dugu, eta jendeak gure estiloa ezagutzea gure horma irudiak ikusten dituenean. Udan horma irudi erraldoi bat egin zenuen Altzan. Bagera elkartearen enkargu bat izan zen. Altzako erdaldunei zuzendutako horma irudi bat egin behar genuen Mingaina dantzatu lelopean. Mingain luze bat margotu genuen mugimenduan. Mingainetik ateratako adur tanta horietan euskarazko hitzak idatzi genituen. Jolas moduko bat proposatu genuen. Eta irudia Uste duzuna baino gehiago dakizu mezuarekin batera aurkeztu genuen. Gaztelaniaz, errumanieraz, portugesez eta arabieraz ere itzuli genuen esaldia. Lan izugarria izan zen, oso handia da. Txapinene kalean ikus daiteke. Kaleko arteak erakartzen al zaitu? Guk spraya ez dugu erabiltzen. Margoekin egiten dugu lan. Lagun honengatik hasi naiz horma irudiak egiten. Baina ez naiz inoiz mundu horretan mugitu. Eta zer egin duzu ilustrazioak eta diseinuak jaten ematen ez dizunean? Bitartean ahal ditudan lanak egin ditut. Hondartzan toldero gisa aritu naiz 11 urtez. Oso mugitua naiz eta gustura egon naiz, hondartza baino bulego hoberik ez dago! [barrez] Pasquier enpresan ere lan egin nuen. Pentsatzeko denbora pila bat izan nuen! Tostadak pintatzen zortzi orduz, pentsa buruak zenbat buelta eman ditzakeen. Lan horri esker berriz hasi naiz pilak jartzen. Ez diot mugarik jarri nahi neure buruari. Gauza desberdinak probatu nahi ditut, nahiz eta orain ilustrazioarekin zerikusirik ez duten gauzak egin. Muralak egin eta nire proiektuak egingo ditut. Lehen egiten nuen pintura olioarekin, baina utzita daukat. Serigrafia ere egin dut. Orain jantzita dudan kamiseta ere nik egin dut. Zerk inspiratzen zaitu? Telebista ikusita jada mila ideia hartzen ditut, begira nola dagoen mundua! Ideia bat dudanean, dokumentatzen hasten naiz. Eta asko galdetzen diot jendeari, nire ingurukoei. Ondoren zirriborro bat egiten dut, eta pixkanaka lantzen lanean hasten naiz. Mezu edo gogoetarik gabeko ilustrazio bat egitea adibidez ez da erakargarria niretzat. Motibazio bat behar dut. Zuretzat eredugarri den sortzailerik ba al dago? Banksy asko gustatzen zait, eta bai, erreferentea da niretzat. Ziur nago eragina izan duela nigan, nahiz eta nire marrazkiek komiki itxura gehiago duten. Baina orohar ez diet beste artisten lanei gehiegi erreparatzen. Agian burugogorregia naiz [barrez]. Irutxuloko Hitzan hainbat ilustrazio argitaratu dituzu iritzi atalean. Oso ondo pasatu dut. Bizi garen mundu honetan egurra eman behar da! Iaz argitaratu nituen lehenak. Garai berean Groseko jai batzordeak San Tomas eguneko kartela egiteko eskatu zidan. Eta aurtengo jaietakoa ere bai egin dut. Honetaz bizitzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila da. Aukera oso gutxi daude. Marrazten ari zarenean, mugarik jartzen al diozu zeure buruari? Oso askea naiz, egurra ematea gustatzen zait. Egia da egiten dituzun ilustrazioengatik zenbaitek betoa jartzeko arriskua duzula, eta hori kontuan hartzekoa da. Gaiaren arabera egia da neure burua zentsuratzen dudala, bestela batzuk gainera etortzen zaizkizu. Mikel Orbegozo komikigilea, nire lehengusua, –Irutxuloko Hitzako kolaboratzailea– bere erara ere egurra ematen ari da. Gustatuko litzaidake bera espetxetik ateratzean berarekin ere gauzak egitea. Amets egiten hasita… Nola gustatuko litzaizuke ikustea zeure burua urte batzuk barru? Ilustratzaile lanak egitea, noski. Horma irudiak egitea baita ere. Gogorra da, asko mugitu behar duzu eta: diseinua etxean egin, materiala eraman hormak margotzeko, lana nolakoa izango den hitz egin… Lan oso mugitua da baina erakargarria. Ilustratzailea zarenean bulegoa etxean duzu, eta muralgile gisa, berriz, kalean ari zara lanean. Gure hurrengo pausoa izango da geure burua ezagutzera ematea. Donostiatik harago ere gustatuko litzaidake lan egitea. Badirudi gauzak mugitzen ari direla. Gasteizen adibidez sekulako mugimendua dago. Eta ahal dudanean neure kabuz ere egingo ditut lnire lantxoak:?kartelak egin edo ipuinak ilustratu, adibidez. Jada ez nago galduta, bidea hartu dut. Baina pausoz pauso ari naiz, pixkanaka. Ez dakit… Diseinatzaile grafiko enpresa batean ez dut ikusten neure burua. Gauzak probatzeko gogoa dut.