Euskotreneko geltokia dute Altzan, joan den irailaren 12tik, baina gutxik ezagutzen dute oraindik. Erabili dutenak pozik dauden arren, autobusek lanean gogor jarraituko dute, soilik Lasarterako norantzan baitoa trena.
Altzako bi bizilagun, Santa Barbarako sarreraren ondotik igarotzen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Altzan garraio publikorako aukera berri bat zabaldu zaie: Euskotren. Topoaren geltokia dute altzatarrek, irailaren 12tik, eta ordutik bi aste baino gehiago igaro diren arren, oraindik bizilagun gutxik ezagutzen dute. Irutxuloko Hitza Altzan egon da, bertakoen iritziak jasotzeko, eta orokorrean erabiltzaileak pozik badaude ere, kexarako tartea ere izan dute.
Printzipioz 14.000 herritarri begira zabaldu dute zerbitzua, eta 15 minuturo Altza Erdialdearekin lotzen du. Oraindik, ordea, bizilagun gutxik atera diote zukua.
Pedro Llanosek, esaterako, autobusa erabiltzeko ohitura du, baina inoiz Anoetara joateko, Herrerara jaitsi eta topoa hartu izan du; pozik dago aukera berriarekin: «Donostiara joateko autobusean mugitzeko ohitura izan dut, autoa aspaldi baztertu nuen horretarako. Topoaren geltokia zabaldu duten garaian, ospitalean egon naiz, beraz, oraindik ez dut ezagutzen. Orain ordutegia begiratzen ari nintzen, eta erabiltzeko asmoa dut, agian gaur arratsaldean bertan».
Leire Folgar, berriz, ohiko erabiltzaile bihurtu da egun gutxitan: «Oletan bizi naiz eta nire bi alabek Intxaurrondon ikasten dute, beraz, oso ongi datorkigu, bi minututan egiten baitugu bidaia. Lehen Herrerara joaten ginen topoa hartzera, eta bueltan, autobusa hartzen genuen edo oinez igotzen ginen, eguraldiaren arabera. Orain, geltoki honetatik oinez jaisten gara, erraz egiten baita. Tartean grebak egon direnez, oraindik ez ditut ordutegiak ongi ezagutzen, baina oso pozik gaude». Hain zuzen ere, Euskotreneko langileen grebarekin zabaldu zuten geltokia, eta gutxieneko zerbitzuak egon ziren erabiltzaileen eskura.
Maialen Goikoetxeari ezinhobeto datorkio topoa, laneko joan-etorriak egiteko, baina faltan botatzen du Iruneko norantzan joateko aukerarik ez izatea: «Irunetik zetorren topo beraren geltokia izango zela pentsatzen nuen, hau da, Pasaia-Altza-Herrera. Baina kontua da, desbideratze bat egin dutela, eta Altzakoa dela azken geltokia. Irunera joan nahi badut, Herrerara jaitsi behar dut, eta han tren aldaketa egin. Nire etxetik Herrerara, oinez zazpi minutu daude, eta azkarragoa egiten zait hara jaistea; bueltan, ordea, hobe datorkit trenez aldatu eta itxarotea». Edonola, erabiltzen du Lasarteko norantzan joateko: «Azkarra da, eta ordutegiekin oso zehatza, ez da autobusa bezala».
Altza-Galtzaraborda adarraren proiektua aurreikusia dago udaleko aurrekontuetan, eta 70 milioi euroko kostua izango du. Momentuz, ordea, ez dago egiteko eperik ezarrita.
Hiru sarbide
Geltokirako sartu-irteerak egiteko, hiru aukera dituzte Altzako bizilagunek: eskailerak dituzte anbulatorioaren ondoan eta Santa Barbaran, eta igogailua dute Altza pasealekuan. Igogailua erabili du, lehen aldiz,
Aroa Arinek, bere haurrarekin joateko: «Beti autoan mugitzen gara, Donostiara eta alde guztietara; baina gaur umearekin buelta bat ematearren, topoa probatzera etorri gara».
Maria Luisa Leonet eta
Maria Angeles Sarriegi lagunak dira, eta irekieraren egunean ezagutu zuten geltoki berria. «Lehengoan Anoetan egon ginen; hemen hartu eta bertan utzi gintun, primeran. Dena berria, oso txukuna eta oso ondo dago. Gaur buelta bat ematera goaz, presarik gabe», dio Leonetek. Orain arte autobusean moldatu dira, eta erabiltzen jarraituko dutela diote: «Lehenago ailegatzen da topoa, baina etxe aurrean dugu autobus geltokia, Errenteriarako, Groserako, erresidentziarako… denerako», gehitu du Sarriegik.
Mikel Tola eta
Maribi Martin senar-emazteak oso ongi moldatu dira orain arte autobus zerbitzuarekin: «Gaur probatuko dugu topoa lehenengoz erdialdera joateko, ea zer moduz. Lanera joateko ez digu balio, Antiguan egiten baitugu lan, eta gauean berandu arte; Lugaritzeko geltokia urruti geratzen zaigu gainera». Herreran tren aldaketa egitearekin, ordea, ez dutela arazorik dio Martinek: «Madrilen bizi izan naiz, eta han eguna igarotzen genuen tren aldaketak egiten».