(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak otsailean iragarri zuen bezala, Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidea ixten hasi dira. Asteartean hesiak jartzen hasi ziren eta geroztik pasabidea estaltzeko lanak abiatu dituzte. Bost asteko epea dute lanak emaitzeko eta udalak 108.713 euroko aurrekontua bideratu du.
Amara Berri auzo elkartea pozik agertu zen otsailean udal gobernuak Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidea ixteko hartu zuen erabakiarekin. Iñaki Olasagasti auzo elkarteko presidenteak adierazi zion Irutxuloko Hitzari elkarteko kide guztiak zeudela gune hori ixtearen alde: «Hiriko puntu beltzen mapa egin zenean, Emakumeen Etxean izan ginen, eta pasabidea puntu beltz gisa identifikatu genuen. Desagertu beharreko pasabidea izan da beti gure ustez».
Kalapie txirrindularien elkarteak eta EH Bildu-k gogor kritikatu dute pasabidea ixteko erabakia. Karlos I.aren hiribidean 100 bizikletarentzako aparkaleku automatizatu bat jartzeko proiektua garatu zuen EH Bilduren gobernuak –50.000 euroko aurrekontua–, eta azkenean udal gobernu berriak baztertu egin du.
Pasabidea estali eta ingurua urbanizatuta espazio zabalago bat lortuko dutela uste du Aranak, eta oinezkoen irisgarritasuna ere asko hobetuko dela esan du. Bizikletei dagokionez, «beste tokiren bat» bilatu beharko dutela adierazi du Aranak.