«Nahi nuena topatu dudala uste dut: musika, hain justu»
Izaro Andres, musikaria
Izaro gazte mallabiarrak musika talde bat sortu du Donostian Iker Lauroba, Ane Bastida eta Oriol Floresekin batera. Bihar (urriak 1, larunbata) Donostikluba jaialdian izango dira zuzenean jotzen, Gazteszenan (21:00). Mallabikoa zara, baina Donostiako musikari batzuekin elkartu eta Izaro izenarekin jotzen hasi zara. Nola elkartu zarete? Komunikazioko gradua egin dut Donostian eta horregatik bizi naiz hemen. Nik urtebete eman nuen bakarrik jotzen, joan den maiatzean Oriol Flores ezagutu nuen arte. Nire kontzertu batean egon zen, eta amaieran galdetu zidan ea proiekturik nuen buruan. Berak ikusten zuela aukera zerbait egiteko, eta Iker Lauroba eta Ane Bastida ere aurkeztu zizkidan. Geratu ginen abesti batzuei pare bat buelta emateko eta… Maitasuna sortu zen! Noiz hasi zineten batera jotzen? Oso denbora gutxi daramagu. Urtarrila amaieran egin genuen lehen entsegua. Halere, elkartu ginenetik kontzertu pila bat eman ditugu, astebururo jo dugu, eta azaroa arte ere erritmo bera izango dugu. Oso pozik gaude. Diskoa kaleratu berri duzue. Joan den astean argitaratu genuen; Om izena du. Denok batera estudioan sartu, eta elkarrekin grabatu dugu. Publikoak aurkezpen kontzertuetan entzun ahal izan dituzte kanta guztiak aurretik, bat izan ezik:?Zangalatraba. Ez dakit zergatik ez dugun jo, diskoko kantarik politena dela esango nuke. Diskoa kaleratzeko crowdfundingaren zati bat errefuxiatuen aldeko proiektuetara bideratu duzue. Kezkatzen zaituenari buruz kantatu eta idaztea gustuko duzu? Azken aldian jende askok esan dit izugarria dela lortu dudana, eta nik beti esaten dut, gauza batetaz jabetu behar dugula: Mundu guztiak ezin du lortu. Sirian jaiotako batek ezin du lortu, nahiz eta zuk baino gaitasun handiagoa izan. Edo familia txiro batekoa bazara, edo Kongon jaiotako emakume bat baldin bazara. Talentu bat izan dezakezu, baina badira arrakasta lortzeko beste baldintza batzuk, eta horregatik ni oso zorionekoa naizela uste dut. Nola hasi zinen musikan? Mallabian beti izan dugu musikarekiko zaletasun handia eta umetatik abestu dut, baina bueno, herriko abesbatzan. Gehiago ez. Etxean abesten nuen, baina nire ahotsaz gain beste zerbait behar nuen, ez nuen musika tresnarik. Eta gitarra bat erosi nuen.Youtubeko bideoak ikusiten hasi nintzen, lagun batek akorde batzuk irakatsi zizkidan… Idazten hasi nintzen, eta handik gutxira lehen kontzertua eman nuen; geroztik ez naiz gelditu. Youtube garrantzitsua izan omen da zure ibilbidean… Paradise izeneko kanta idatzi nuen, nire lehendabiziko abestia. Gitarra jotzen duen lagun batekin eta zinema ikasten ari den beste batekin elkartu, eta bideo bat grabatu genuen. Youtubera igo genuen bideoa, eta ustekabean, musikan hasteko ateak ireki zizkidan. Pikadero filmeko musikarako aukeratu zuten. Kalifornian ikasten ari nintzela bizitzan gertatu zaidan bitxikeriaren bat kontatzeko eskatu zidaten, eta horixe bera kontatu nien, Youtubera igo nuen abesti bat film batean agertzen dela. Zinemara joan nintzen filma ikustera eta asko hunkitu nintzen. Eroso sentitzen al zara zu zeu bakarrik agertokian? Oso gustura egon naiz bakarrik jotzen. Orain, nahiz eta talde batekin jo, beti hartzen dut tarte bat nik bakarka jotzeko. Bakarka jotzeari ez diot utziko, oso eroso sentitzen naiz. Askok esan didate asko gustatzen ni bi formatutan ikustea, bakarrik eta taldean. Antzeztea, konposatzea, dantzatzea, idaztea… Abesteaz gain gauza desberdinak probatzea gustuko duzula esan izan duzu. Beti ibili naiz dena probatu nahian, eta orain uste dut nahi nuena topatu dudala: musika, hain justu. Halere, orain arte egin dudan guztia Izarorekin ematen ari naizen kontzertuetan islatzen da. Sortu dut istorio moduko bat. Gidoi txiki batzuk daude, baita mugimendu batzuk ere. Antzerkiari esker agertoki gainean, musikaz harago, presentzia bat sortzea lortu dut. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesten duzu. Nola erabakitzen duzu zein hizkuntzatan egin nahi dituzun abestiak? Hizkuntzak asko aldatzen du abesti baten melodia. Inkontzienteki hartzen dut erabaki hori. Hitz joko, esaldi edo ideia batetik abiatzen naiz, eta hizkuntza bakoitzak bere baliabide propioak ditu horretarako. Datorren hizkuntzan datorrela, bidea libre uzten diot sorkuntzari. Datorren hizkuntzan dator, eta nik horrela onartzen dut. Momentuan sentitzen dudanaren arabera konposatu eta idazten dut. Txinparta sortzen da, eta momentu horretan egin eta bukatu behar dut hasi dena. Oso musikazalea zara? Adele eta Nora Jones jarraitu ditut beti. Pedro Pastor ere asko entzuten dut, baita kantautore kanariar batzuk ere. Alos Quartet ere asko entzuten ari naiz azken aldian. Nola ikusten duzu Donostiako musika eszena? Nik uste dut badaudela areto batzuk apustu oso indartsua eta benetakoa egin dutenak. Asko gehiago egin daitekeela? Bai, baina asko balio duen jendea dago hiri honetan, eta egiten dutena ikusarazi behar da. Aukerak ez dira falta, musika baldintza duinetan egitea da zailena.