Udalbatzarrean adostu dute beste bide batetik jotzea zezenketen inguruko galdeketa egin ahal izateko. Donostia Antitaurina Orain taldeak borrokan jarraituko duela dio.
Zezenketen aurkako manifestazioa, abuztuan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Zezenketen inguruko galdeketarako beste bide bat hartzea onartu zuen Donostiako Udalak, atzoko udalbatzarrean. Izan ere, Espainiako Gobernuak hala eskatuta, Donostiako epaitegiak zezenketei buruzko herri galdeketa bertan behera utzi zuen, joan den asteartean. Eneko Goia alkateak eman zuen albistearen berri, «triste» zegoela esanez, eta beste bide batzuk landuko zituztela gehitu zuen. Zehazki, otsailaren 19rako deitua zegoen galdeketa, eta data mantentzeko asmoarekin, herritarrek hasitako bidea udalarena egitea adostu zuten zinegotziek. Udalbatzarrak 2015ean herri galdeketei buruz onartutako erregelamenduarekin, ministroen kontseiluari baimena eskatuko diote, kontsulta egin ahal izateko.
Udalbatzarrean PSE-EEko Ernesto Gasco zein alkatea bera kezkatuak agertu dira hainbeste lanen ostean kontsultak izan dezakeen partehartzea dela eta. Bere aldetik, EH Bilduko Axier Jakak esan zuen bidea babestuko dutela, baina ez dutela ulertzen zergatik eskatu behar duten baimena herri kontsulta bat egiteko: «Zer gertatuko da ez badigute baimenik ematen? Zein erantzun emango die udalak eskaera egin duten 9.000 herritarrei?».
Donostiako Antitaurina Orain taldeko Aitor Marinek ez du ulertzen galdeketa atzera bota izana: «Kontsulten erregelamendua indarrean dago oraindik, eta epaitegian dagoen lege bat erabili daiteke. Behin behinean bertan behera uztea eska daiteke, gero konponbiderik ez duen kalte bat sor badezake; eta donostiarrei zezenketen inguruko iritzia eskatzeak ez du inolako kalterik sortzen! Gainera, ez da bete beharrekoa, beraz, zer kalte sor dezake?». Aurrera begira, galdeketa egiteko gogoz jarraitzen dute: Donostiako Udalak baldin badu konpetentzia erabakitzeko zezenketak egon behar diren edo ez, eta jendeari galdetu nahi badio, lotsagarria da Madrilen baimena eskatu behar izatea kontsultarako. Horrek agerian uzten du demokrazia falta. Gainera, ez ninduke batere harrituko ezezkoarekin erantzuteak. Guri ez zaigu axola kultura espainola edo euskalduna den, guk nahi dugun bakarra da animalia zuzentasunez tratatzea».
Madriletik ezezkoa iritsiko balitz, aurrera jarraituko dute antitaurinoek. «Uste dugu udalak badituela baliabideak galdeketa egiteko. Egingo ez balu, presioa egingo genuke, eta bestela, azken aukera zezenketak debekatzea litzateke, eta, orduan, seguru estatuko abokatuak baimena emango lukeela galdeketa bat egiteko».
Alkateak asteartean azaldu zuenez, aldaketaren harira, 16 urtetik aurrerakoek beharrean, 18 urtetik gorakoek edukiko dute parte hartzeko eskubidea. Marinek pentsatu nahi du donostiarrek ongi erantzungo dutela: «Adina igotzearena seguraski gure kalterako izango da, gazteek animalien eskubideak babestearen aldeko jarrera izango dutelako. Partehartzeaz esango nuke, gutxiengo demokraziaz ari garela, eta ikusita lehen aldiz aukera dagoela hiriko kontuetaz iritzia emateko, uste dut gogoa egongo dela eta partehartzea handia izango dela, nahiz eta ez iritsi hauteskunde batzuetako partehartze datuetara».
Zergen eztabaida sakona
Denbora luzez aritu ziren udal ordezkariak 2017ko zergak zenbatekoak izango diren erabakitzen, udalbatzarrean. Eztabaidak eztabaida, ordea, zerga arauak onartu zituzten.
Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziak izan zuen protagonismo nagusia, gobernuak zergen inguruan hartutako erabakien berri eman behar izan baitzuen. Proposatutako zerga igoerek arrazoi bat dutela argudiatu zuen, udalak zergen bidez diru-sarrerak izan behar baititu, beste zerbitzu batzuetarako. Zehazki, zaborren gaineko zerga %8 igoko dute, eta saneamenduarekiko zerga %3, hala, zerbitzu horien defizitari aurre egin nahi diote. Guztira, zergen handitzea %1’5 izan daitekeela esan zuen, betiere, behin Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitzen duenaren arabera. Izan ere, horrek eragina du Ondasun Higiezinen Zergan.
Herritarren kexak agertu dira udalbatzarrean
Iraileko udalbatzarra 9:30ean hasi zen, eta zergen inguruan ari ziren eztabaidan udal ordezkariak, hainbat protestak bat egin zutenean.
Groseko Mirakruz 19ko eraikina babestearen aldeko pankarta bat atera zuen herritar talde batek, eta Udaltzaingoak trabak jarri zizkion; aldi berean, Zorroagako zahar etxeko langileak ere protestan agertu ziren, eskuan kartelak hartuta, udalarekin hitzarmen bat lortzeko zain daudela eta. Zalaparta sortu zen, eta Eneko Goia alkateak isiltasuna eskatu zuen gelan; eta bestela, kalera ateratzera gonbidatu zituen.