Belartzako lanak. (Argazkia: Naturzaleak)
Betelana lau hilabetez geldituta egon ostean, berriro ere materialak isuri eta metatzeari ekin diotela salatu du Naturkonek.
“Harriek beheko harrobian dute jatorria eta udaberrian legez kontra ari zirela salatu bagenuen ere, udalak ekidin ez ezik, baimendu egin zituen araudia hautsiz. Orain udala orduan bezala beste aldera begira dabil irregulartasun guztien ezinbesteko laguntzaile bilakatu delarik”, azaldu dute.
Salatu dute udalak ez duela “erantzukizunik hartu” eta “ez ikusiarena” egin duela: “Harrobia izeneko eremurako onarturiko planak ez zuen ingurumen gaineko inpaktuen azterketarik izan, ingurumen alorreko legedia urratuz”. Gaineratu dute lanak zegozkien prozedura legala jarraitu gabe esleitu zirela.
Era berean, azaldu dute Belartza 2ko betelana ere legearen aurkakoa dela: “Baimenik gabe hasi ziren eta udalak lanak gelditu beharrean, hasieran gertaerak ukatu eta gero, 6.000 euroko isun irrigarria ezartzeko proposamena egin zuen, baina aldi berean baimena luzatu zien, gure ustez legearen aurka”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak zein Ur Agentziak ezarri zituen baldintza gehienak ez zituztela bete salatu du Naturkonek.
Udalari lanak ilegalki egiten ari dela jakinarazi arren “ezer” ez dutela egiten azaldu dute: ” Gaur lanean ari dira. Fiskaltzara joko dugu eta Arartekoan salaketa jarriko dugu beste behin ere, sekulako ezintasuna sentitzen dugun une honetan”.
Azaldu dute udalak Legea betetzen ari den “bermatzaile eta ingurune naturalaren kontserbazioaren aldeko defentzaile sutsua” izan behar lukeela: “Tamalez, aipatutako irregulartasun guztien laguntzaile bilakatu da eta larria da oso”.