Azkenaldian auzoan ematen ari diren aldaketen harira, Amara Berriko auzo elkarteko hiru kiderekin izan da Irutxuloko Hitza. Esku hartze zehatz batzuk egin ordez, auzo guztia eraldatu ahal izango duen eraberritze orokor bat behar dela diote.
Miguel Prieto, Begoña Oses eta Iñaki Olasagasti, Amara Berriko auzo elkarteko kideak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Karlos I.aren pasabidea, Aita Donostia plazako biribilgunea, auzoko zenbait plazen eraberritzea… Hirigintza arloan, hainbat eta hainbat aldaketa egiten ari dira azken hilabeteotan Amara Berrin. Hala ere, horietako gehienen diseinu eta esku hartzearen berri ez dute izan auzo elkarteko kideek: «Udalarekin harreman adiskidetsua dugu, eta beraiekin askotan biltzen gara, baina azkenaldian auzoan gertatutako zenbait aldaketei buruzko informaziorik ez digute eman, komunikabideen edo bizilagunen bitartez ezagutu ditugu azken berriak».
Amara Berriko auzo elkarteko kide Iñaki Olasagastik azaldu duenez, azken legegintzaldi guztietako zinegotziekin harreman zuzena izan dute: «Arazo edo beharren bat baldin badago auzoan, deitu egiten diegu zuzenean. Bilera bat egiten dugu, eta dena mahai gainean jartzen dugu. Beraz, harrera ona izaten da. Bilera horietako lorpen nagusietako bat Amaiur parkea izan da. Kontua da, askotan, oso erantzun eta irtenbide gutxi jasotzen ditugula bueltan».
Era berean, aldaketak gertatu izan direnean, ez dutela auzo elkartea aintzat hartzen adierazi du Miguel Prietok, beste kide batek: «Auzoaren filosofia edo fisionomian aldaketaren bat egin behar dutenean badirudi elkartea ahaztu egiten dutela. Erabaki bat hartu baino lehen, ez gaituzte kontuan hartu eta ez digute gure iritzia eskatu. Ondorioz, bizilagunen aurrean auzo elkarteak sinesgarritasuna galtzen du».
Informazio falta
Informazio falta horren isla da, besteak beste, udalak Aita Donostia plazako biribilgunea apaintzeko erabiliko duen diseinua. Ernesto Gascok esan zuenaren arabera, sumendi bat irudikatuko duen proiektuak plaza ezaugarrituko du. «Batzuentzako polita izan daiteke, baina ez dakit zerikusirik duen Amara Berrirekin», nabarmendu du Prietok.
Proiektuaren aurrekontua 138.888 eurokoa da, eta Begoña Osesen –auzo elkarteko beste kide baten– iritziz, «dirutza horrekin lehentasun handiagoa duten beste hainbat gauza egin daitezke». Gainera, uste du lau metroko altuera duen sumendiak segurtasuna kolokan jarriko duela: «Ikuseremuari dagokionez, arriskutsua izan daiteke gidarientzako».
Horretaz gain, Amara Berriko hiru plaza berritzen ari dira azken aste hauetan: Merkatarien plaza, Etxeberritarren plaza eta Donostiako Kofradien plaza. Proiektuaren helburua da jolas eta berdeguneak hobetzea eta espazio berriak sortzea.
Auzo elkartekoek bazekiten plazak berritzeko proiektua zegoela, baina, Aita Donostiako plazako biribilgunearekin bezala, diseinuari buruzko informaziorik ez dute jaso, eta lanak hasi direla ikusi dutenean, iritzi ezberdinak jaso dituzte elkarteko kideen aldetik. «Denek uste dugu berrikuntza bat beharrezkoa zela, baina jarri dituzten guneak ez dira denon gustukoak. Esate baterako, kirola egiteko gune bat jarri dute Merkatarien plazan. Bizilagun batzuen arabera, ez du zentzurik helduen gimnasio bat haurrentzako parke batean jartzea. Beste batzuek, berriz, uste dute bien arteko elkarbizitza posible izan daitekeela», kontatu du Olasagastik.
Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidea ixteko lanak ere hasi dituzte, eta erabaki horren aurrean pozik agertu dira auzo elkarteko kideak. Gai horren bueltan, iritzi ugari egon dira: batzuk, estaltzearen aurkakoak ziren, eta pasabideari erabilera bat ematearen alde zeuden; beste batzuk, aldiz, erabaki egokiena ixtea zela pentsatzen zuten. Auzo elkarteak bigarren aukera horren alde egin zuen. «Aspaldi egindako eskaera baten erantzuna da. Gure lehentasuna zen pasabidea desagertzea, puntu beltz bat zelako. Halaxe identifikatu genuen hiriko puntu beltzen mapa osatu genuenean», adierazi du Olasagastik.
Auzo bizi baten bila
Osesek azaldu duenez, aldaketa zehatz batzuk egin beharrean, Amara Berrik eraberritze orokor bat behar du: «Garai batean, auzoa izugarri bizia zen: mota guztietako dendak zeuden, eta itxura ere bestelakoa zen. Baina, egun, hori guztia desagertzen joan da eta auzoa zaharkitua geratu da. Horregatik, Amara Berri osoa biziberritu behar da».
Hori lortzeko, auzo elkarteak bi lehentasun finkatu behar direla uste du: batetik, jarduera kulturalak eta komertzioak sustatzea; eta, bestetik, bizilagunentzako elkartze gune bat sortzea.
«Oso ideia ona da Antso Jakitunaren hiribidea erakargarriagoa egitea komertzioentzako, baina harago joan behar dugu: lokalen alokairuarekin laguntzak eskaini behar dira eta jarduera erakargarriak egin. Azken batean, lortu behar dugu Amara Berriko jendeak bertan erostea, ez joan behar izatea saltoki handietara», esan du Prietok.
Jarduera kulturalekin gauza bera egin behar dela uste du Prietok: «Donostia 2016k antolatutako Windows jardueran izan nintzen asteburuan. Bizilagunek parte hartu dugu aktiboki, gurekin jarri ziren harremanetan, eta eskertzekoa da. Horrelakoek bizitasuna ematen diote auzoari. Jendea etortzen da Amara Berrira eta giroa sortzen da. Bide hori jarraitzea izan beharko litzateke gure erronka».
Bestalde, beharrezkoa ikusten dute denak elkartzeko gune bat izatea: «Plaza asko ditugu, baina gehienak itxiak dira eta zaila da horrela jendea erakartzea. Hortaz, gune ireki bat behar dugu, bertan jarduera ugari egin ahal izateko. Adibidez, ideia ona izango litzateke Gregorio Ordoñez pasealekua bulebarizatzea».