Bera Berak apustua egin du emakumezkoen errugbi taldea edukitzeko, eta momentuz jokalari kopuru polita biltzea lortu du; entrenatzen hasi dira, Lalo Alonsoren gidaritzapean.
Bera Beraren emakumeen errugbi taldea, Puioko zelaian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bera Berak emakumeen errugbi taldea osatu du, denboraldi berrirako. Lalo Alonsok hartu du taldearen ardura, eta pozik dago klubak jarritako erronkarekin: «Hogei urte baino gehiago daramatzat entrenatzaile lanetan. Beti egon naiz eskolako gazteekin; eta, aurten, talde berri bat entrenatzea proposatu zidan klubak, emakumeena. Konturatu ginen alde batera utziak genituela emakumeak, eta ezin genuen horrela jarraitu». Alonsoren ondoan, Lorena Revuelta prestatzaile fisiko lana egiten ari da; jokalaria da eta kluba ongi ezagutzen du.
Taldea osatzeko deia egin zuten, ahoz aho eta sare sozialen bidez: «Iragarki bat jarri zuen klubak, eta erantzun ona jaso genuen. Hutsetik hasi behar izan genuen, eta horretan gabiltza», dio Alonsok. Duela hamabi urte inguru izan zuen emakumeen taldea Bera Berak, eta Atotxan entrenatzen zutela gogoratu du entrenatzaileak: «Lau denboraldi inguruz aritu ziren, eta gero desagertu egin zen. Gerora izan ditugu neska batzuk, hamasei urte izan arte mutilekin nahastuta jokatu dezaketelako». Azken batean, klubak orain arte neska gutxi izatea normala da Alonsoren hitzetan, ez baitzuten goiko erreferentziarik; eta, normalean, Hernanira joaten ziren seniorretara iristean. Duela zazpi urte Donostiako Atletikok ere izan zuen emakumeen errugbi taldea, baina une honetan ez dauka. Beraz, Donostiako talde bakarra litzateke Bera Berarena.
Guztiz talde berria osatu du Bera Berak, eta 20 jokalari inguru dituzte momentuz. Oraindik ezagutzen ari dira Alonsoren esanetan: «Taldea osatzen ari gara. Badaude Hernanin errugbian jokatu zuten neska pare bat, eta beste batzuk beste kirol batzutatik datoz: atletismoa, futbola, saskibaloia… eta kirolariak ez direnak ere badaude». Taldearen multzo handienak 22-25 urte bitarte ditu; badaude, hala ere, gazteagoak eta zaharragoak.
Ana Pastor da jokalarietako bat, ustekabean hasi zen, eta gogotsu dabil: «Sekula ez nuen errugbian jokatu. Medikuntzako gelakide batek, Nerea Aizpitartek, probatzera etortzeko deia egin zigun, klubarekin harremana zuelako. Animatu ginen eta hemen gabiltza. Oso dibertigarria iruditu zaigu eta giro onean gabiltza».
Ligan, oraingoz ez
Taldea duela bi aste hasi zen entrenatzen, beraz, momentuz ez dute ligan parte hartzeko asmorik, ez baitaude prest. «Gehienek ez dute ideiarik, hiruzpalau jokalari kenduta. Hasieran zazpiko errugbirako taldea osatzea zen asmoa, teknikoki ere errazagoa delako hamabosteko errugbia baino. Kontua da talde handia osatu dugula, beraz, asmoa horrela jokatzea da», azaldu du Alonsok. Oraindik, ordea, ez dute lehiatzeko asmorik.
Euskadiko Errugbi Federazioak emakumeen liga bakarra du, irailetik urtarrilera irauten duena. Bertan, Getxo, Hernani, Elorrio eta Eibar moduko taldeak daude. Orain, baina, emakumeen errugbia bultzatzeko lanean ari dira federazioak, eta Gipuzkoako eta Euskadiko federazioak beste lehia batzuk antolatzea pentsatzen ari dira.
Puioko zelaian entrenatzen du taldeak, astearte eta ostegunetan, 18:00etan. Eta, noski, interesa duen edonori deia zabaldu nahi izan dio entrenatzaileak, taldean sartzeko: «Ez da beharrezkoa aurre ezagupenik izatea, gogoa izatea nahikoa da. Gainera, hilabete honetan beste talde batzuekin entrenamenduak egiten hasiko gara, gauza desberdinak egiteko».