EH Bilduk Belartzako lanen legalitaterik eza salatu du
Betelana lau hilabetez geldituta egon ostean, berriro ere materialak isuri eta metatzeari ekin diotela salatu zuen ostegunean Naturkonek. Ildo beretik hitz egin du EH Bilduk eta Belartzako lanetan gertatzen ari diren zenbait irregulartasun salatu ditu.
Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotziak azaldu du EAJ eta PSE-EE “bestaldera begiratzen” ari direla.
Salatu dute pabiloia eraikitzeko “soka suinketa” baimena falta zaiela. Baimen hau ezinbestekoa da obrak hasi ahal izateko, eta azaldu duenez, bertan lantzen dira, besteak beste, obraren eremua, eta kutxatuta egon daitezkeen lur eta hondakinen kudeaketa. Hala ere, obrekin aurrera jarraitzen dutela salatu dute: “Mercadona izango den pabiloiak hiru pisu izango ditu lur azpitik eta dagoeneko hasi dira lurra zulatzen soka suinketaren baimenik gabe”.
Bestalde, Belartza 2 eremuan materialak isuri eta metatzen ari direla salatu dute: “Obra egiteko baimenean argi azaltzen da materialak zabortegi batean isuri behar direla; eta ez Belartza 2 eremuan”.
Bestalde, metatzen ari diren materialaren kalitatea nolakoa den aztertu gabe dagoela azaldu dute: “Ez dakigu lurraren kalitatea nolakoa den, eta horren metatzeak zein ondorio izan ditzakeen”.
Hiru eskaera nagusi egin ditu EH Bilduk: lanak geldiaraztea, espedientea zabaltzea eta Belartza 2 bere betiko egoerara itzularaztea.
Burutaranek azaldu du ezin duela ulertu udalak bere legedia propioa ez betetzea, eta ilegaltasunen aurrean beste aldera begiratzea.