Gero eta Karmentxu lagun gehiago dira
Kaiko jai batzordeak kanpaina bat abiatu du erraldoi berriak egin ahal izateko. Karmenetako jaietako erraldoiak egoera txarrean daudela azaldu dute; 11 urte baino gehiago dituzte. “Oso modu ‘artisauan’ egin genituen, erraldoi bat nola egiten den jakin gabe”, azaldu du Gorka Sagastumek. Hernaniko Urduri tailerrean egin zuten erraldoiaren egitura, eta beste guztia kaiko jai batzordeko kideek egin zuten.
Gaur Parte Zaharrean, Bretxan, kalejira egin dute erraldoi zaharrekin, eta erraldoiak dantzatzeko ikastaroa egin dute. Karmentxu Lagun egiteko kanpainaren berri ere eman dute, euro bana jarriko duten sei mila lagun behar baitituzte: “Dirua behar dugu, baina garrantzitsua da jendearen inplikazioa lortzea. Eta horretarako egin dugu ikastaroa. Auzo askotan erraldoiak dantzatzen dakien jendea falta da. Kaian bakarrik ez, Loioan eta Bidebietan ere bai”, jarraitu du Sagastumek. Kanpainarekin bat egiteko informazioa Karmengo jaietako Facebook orrialdearen bidez ematen ari dira.
Gaur eguerdian egin duten ekitaldira jende andana joan da, eta Karmentxu Lagun asko lortu dituzte. Kanpaina babesten ari diren pertsonei argazkiak egiten dizkiete, kanpaina zabaltzen laguntzeko.
Karmentxu eta Bixente –kaiko arrantzale baten omenez– izango dira erraldoi berriak. Asier Salazarrek diseinatu du bi pertsonaia hauen irudia.
Erlazionatutako edukiaKarmengo jaietako erraldoi berriak egiteko laguntza behar dute