Herritarrek kudeatutako Atenasko Hotel City Plazan bizi dira, egun, 400 errefuxiatu. Bertan izan dira Groseko Itziar Villalba eta Iñaki Etxeberria, euren laguntza eskaintzeko helburuarekin.

Itziar Villalba eta Iñaki Etxeberria, hotelean bizi den errefuxiatu batekin. (Argazkia: Itziar Villalba)
Itziar Villalba Grosen bizi da, bere senar Iñaki Etxeberriarekin. Halere, urtean zehar, alde batetik bestera ibili dira, errefuxiatuak laguntzeko asmoz. Hain zuzen ere, Intxaurrondoko gastronomia elkarteak bultzatutako Zaporeak proiektuarekin Chiosera (Grezia) joan ziren apirilean, errefuxiatuei jaten emateko. «Esperientzia polita baina, aldi berean, gogorra izan zen. Mugak itxi zituztenean izan ginen bertan, eta bazkaria banatzen genien. Nahiz eta harreman oso zuzena ez izan, hainbat errefuxiaturekin harremana mantentzen dugu», azaldu du Villalbak.
Laguntzen jarraitzeko
Han egon zirenez eta zenbait errefuxiatu ezagutzen zituztenez, Donostiako ume-eramaileak biltzen aritu den taldeak deitu zion Villalbari: «Iritzia eskatu zidaten errefuxiatuak laguntzen jarraitu nahi zutelako, eta jakin nahi zuten nola egin zezaketen hori». Horrela, Villalbak eta beste neska batek, Sara Pinedak, bat egin zuten ume-eramaileen taldearekin.
Lehenengo, Katsikasko kanpamenturako materiala eta dirua bildu zituzten. Hala, Marian Bernal eta Julen del Corral joan ziren bertara. «Abuztuan joan ziren, eta hango egoera oso bestelakoa zen; boluntario ugari zeuden: ikasleak, oporrak hartzen dituztenak…», esan du Villalbak.
Tarte horretan, Chiosen ezagutu zuten emakume batek idatzi zien WhatsApp bidez: «Laguntza eskatu zigun, eta berarekin jarri ginen buru-belarri. Hamairu urterekin ezkondu zen, eta hamalaurekin izan zuen bere lehen alaba. Ordutik, senarraren tratu txarrak jasan izan ditu; eta, egun, 25 urterekin, bost seme-alaba ditu». Laguntzeaz gain, bisitaren bat egin diote, eta, orain, «nahiko ondo» dagoela dio Villalbak.
Kasu hori landuta zutenean, Villalbak eta Etxeberriak Atenasko inguru batean dauden errefuxiatuen egoerak aztertu zituzten: «Hiru eskola, eta ospitale eta hotel bana daude. Banan-banan joan ginen, gure laguntza non izan zitekeen eraginkorrena jakiteko. Denen egoera da latza, baina teilatu bat izanda, zertxobait babestuagoak sentitzen dira. Arazo nagusia da janaria; laguntza guztia iristen zaie, eta euren artean banatu egiten dute; baina ez da nahi adina iristen».
Atenasko Hotel City Plaza okupatutako autogestionatutako hotel bat da. Greziako herritar batzuek kudeatzen dute, eta sukaldean lagundu zezaketela esan zieten Villalba eta Etxeberriari. «Hotela oso ondo dago. Jabeek zegoen bezala utzi zuten: sukaldean denak funtzionatzen du, logeletan oheak eta maindireak daude…».
Beste tokiekin alderatuta –eskolak, ospitaleak, kanpamentuak…–, hotela oso egoera onean dagoela dio: «Beste toki batzuetan komun bakarra eta bost dutxa dituzte 500 errefuxiatuentzako, eta gela bakoitzean 20 bat pertsonek egiten dute lo, lurrean. Etorkizun bat izango zutela uste zuten; engainatuta etorri dira».
Hori dela eta, hotelean errefuxiatuak antolatzerako orduan, dena errazagoa dela dio Villalbak: «Guztira, 400 errefuxiatu daude, eta 100 familiatik gorako itxaron zerrenda bat dago. Bertan dagoen jendea ahula da, eta hori da sartzeko baldintzetako bat. Horregatik daude 180 haur eta emakume ugari. Familia bakoitzak logela batean egiten du lo, eta txandaka banatzen dituzte zereginak».

Bi haur, Donostiarengandik jasotzen ari diren laguntzagatik eskerrak ematen. (Argazkia: Itziar Villalba)
Haurrak goizetan eskolara joaten dira, eta, bitartean, helduek etxeko lanak egin edo bazkaria prestatzen dute. Villalba eta Etxeberria sukaldean ibili dira, laguntzen aritu diren beste errefuxiatu batzuekin: «Esperientzia honetan politena izan da beraiekin etengabe egotea. Laguntzeko prest daude beti, eta oso eskuzabalak dira, daukaten guztia eskaintzen dizute».
Haurrak eskolatik bueltatzen direnean, bertan laguntzen dagoen Granadako emakume batek jolasak antolatzen ditu: eskulanak, marrazkiak, abestiak… jarduera ugari izaten dute hoteleko txikienek.
Villalbaren arabera, hoteletik irten daitezke, eta atera egiten dira; esaterako, futbol partida bat jokatzeko. «Hala ere, arazoa da, kalean, beltzez jantzitako ultrek jo izan dituztela, eta beraien beldur dira», nabarmendu du.
Istorio gogorrak
Lortu duten antolaketa horren atzean, baina, egoera latzak bizi izan dituzten errefuxiatuen testigantzak daude; tartean, bi anai-arrebena: «Sirian bizi zen familia osoa. Bere beste bi arrebak aurreratuak ziren; ez zeramaten belorik. Bada, han zeudela, lepoa moztu eta hil egin zituzten beloa ez eramateagatik. Bizirik geratzen ziren beste bi anai-arrebei handik ihes egiteko esan zien beren amak, Europara etortzeko. Turkiara iristen direnean, esaten diete Europan lana izango dutela, ondo hartuko dituztela…».
Anai-arreba horiek, ordea, Chiosera iritsi zirenean Greziako poliziarengandik tratu txarrak jaso zituzten. «Orain, hotelean bizi dira, eta babestuta dauden arren, ez dute euren logelatik irten nahi, guztiaren beldur dira», adierazi du Villalbak.
Hotelean dagoen beste haur batek bere aita hiltzen ikusi zuen: «Lepoa moztu zioten hari ere bai, eta umeak sekulako trauma dauka». Beste emakume batek, berriz, familia osoa galdu zuen bonbardaketa batean, Sirian; eta bakarrik etorri zen Greziara. Familiarik gabe geratu zen 22 urteko neska bat ere bai, Europara pateran zetozenean. «Eta horrelako milaka eta milaka istorio daude…», esan du Villalbak.
Villalbak azaldu duenez, hemendik aurrera, harremanetan jarraituko dute hotel autogestionatuarekin, dituzten beharrak transmititu eta guk laguntzen saiatzeko: «Lurra moketazkoa denez, ondo etorriko litzaieke xurgagailu bat; eta jasotzen duten fruta hartu eta eramateko furgoneta bat ere bai». Horretaz gain, lagundu nahi duen edozein herritarrek aukera dauka, Portabebes para Siria Facebook kontuaren bitartez edo dirua kontu honetara bidaliz: ES81.2100.3842.91.0200145681 (‘Donacion’ kontzeptuarekin).