Mercadona eraikitzeko lanak hasi zituztenetik hainbat aldiz kexatu dira bizilagunak eta talde ekologistak Belartzako lanen legalitaterik eza salatzeko; udalak bi aldiz gelditu ditu obrak.
Xabier Rubio, Maritxu Serrano eta Mikel Esnaola. (Argazkia: Malen Aldalur)
Azken lau hilabeteetan bi aldiz geldiarazi ditu udalak Belartza eremuan egiten ari diren lanak. Añorgako bizilagunek eta talde ekologistek egindako salaketen ondorioz ohartu da udala lanen irregulartasunarekin. Haserre eta kezkatuta daude eragileak udalaren jarrerarekin, eta lanak modu “irregularrean” egiten ari diren bitartean “beste aldera begiratzea” egotzi diete.
Belartzako lanak ez dira gauza berria, ondo daki hori Maritxu Serrano Añorgako bizilagunak. Rekaldeko Poligonoaren Aurkako mugimenduan aritu zen 1986. urte inguruan. Hasierako proiektuak poligonoa Belartza osoan eraikitzea aurreikusten zuen, baina Serrano eta Añorgako beste bizilagun batzuk egindako mobilizazioen ondorioz Belartza 2 gunea babestea lortu zuten.
Hirigintza alorreko plan orokorra aldatu eta landa eremua izendatu zuten. Mikel Esnaola Añorgako bizilagunak uste du erabaki horren ondorioz lasaitu egin zirela herritarrak, “itxitako kapitulu bat” zela uste zuten: “Boletinean iragartzen dituzte udaletxeko jarduera publikoak, baina horiek ez ditu inork ikusten, eta eraikitze enpresa baten eskariz hirigintza alorreko plana aldatu eta landa eremu izatetik industria gune izatera pasa zuten”.
2001. urtetik 2007. urtera iraun zuen prozesuak eta 2010ean jarri zuten plan berria. Bizilagunen eta talde ekologisten iritziz, proiektua abiarazi zutenetik gaur egunera garaiak asko aldatu dira. Xabier Rubio Haritzalde natur taldeko kideak azaldu du, horiek “handikeri garaiak” zirela, eta oraingo egoera ez dela berdina.
Legalitaterik eza
Azkenik, 2016ko otsailean hasi zituzten lanak Belartza 2 eremuan. Obrak hasi eta gutxira bizilagunek eta talde ekologistek obretako lur hondarrak Belartza 2 eremuan pilatzen ari zirela ohartarazi zuten. “Hilabetez egon ginen udalak kasu egiteko zain eta hilabeteren ondoren Enrique Ramos zinegotziak gezurretan ari ginela esan zigun”, azaldu du Esnaolak.
Azkenik, irregulartasunak onartu eta obrak gelditzea erabaki zuten. Nahiz eta, ondoren, materiala metatzeko baimena eman zion udalak eraikitze enpresari. “Hori guztiz salagarria iruditzen zaigu eta epaitegietara joango gara”, azaldu du Rubiok.
Hala ere, Belartza 2 eremuan materiala isuri eta metatzea ez zen izan lanen irregulartasun bakarra: “Materialak Belartza 2 eremuan metatzen ari zirela salatu genuenean ohartu ginen Mercadona egiten ari diren tokian ere legez kanpoko gauzak zeudela”, azaldu du Rubiok.
Mercadona eraikitzeko lanetarako lehiaketa publikorik ez zutela egin ikusi zuten: “Udalak ez zuen lehiaketarik egin eta jada obrak hasita zeuden, esleipena eurek nahi moduan egin zuten”, azaldu du Esnaolak.
Hainbat eragile eta alderdiren salaketaren ondorioz astelehenean berriro geldiarazi zituzten obrak. Nahiz eta bizilagunek eta talde ekologistek salatu duten lanek jarraitu egiten dutela.
Ingurumen kalteak
Aipatutakoez gain, Rubiok azpimarratu du Mercadona eraikitzeko eremuan derrigorrez egin beharreko ingurumen inpaktuaren azterketa ere ez zutela egin. Bestalde, Belartza 2 gunean material metaketa eta isuriak hainbat albo kalte utziko dituela uste du Esnaolak: “Belartza 2 eremua Unanueko nekazaritza gune babestuarekin mugan dago eta bertan elikatzen dira babestutako arranoak, miru gorriekin”. Materialaren metaketarekin miru gorriek alde egin dutela dio Esnaolak, eta dagoeneko ez direla arranoak etortzen. Añorgako bizilagunak uste du azpijoko bat izan daitekeela Belartza 2 gunea eraikitzen hasten direnerako: “Horrela errazago gaindituko dituzte ingurumen inpaktuaren frogak”.
Dena den, oraindik badute belartza 2 eremua babesteko esperantzarik: “Lurraldekako Plan Partzial berriak esperantzak sortu dizkigu; orain ezingo lukete horrelako zerbait egin, baina plan berriak esaten du ezin dela aurreko legeekin konfrontazioan jarri”. Bestalde, udalak borondate politikoa izango balu kalte ordainik gabe Belartza 2 gunea babestea posible dela uste dute.