‘Kaixomaitia.eus’ ligatzeko eta sarean jendea ezagutzeko gune bat da. Internet, sexua eta euskara lotu, eta arrakasta berehala etorri zela azaldu du Iñigo Arandia Kaixo Maitia atariko zuzendariak.

Iñigo Arandia, Kaixo Maitia webgunearen sortzailea. (Argazkia: Malen Aldalur)
2007. urtean abiarazi zuten webgunea, hasieran bikotea bilatzeko plataforma soil bat zen, ezagutzen ditugun gainerakoen antzekoa; baina euskaraz. Gaur egun aldiz, proiektu zabalago bat izateko apustua egin du Kaixo Maitiak eta euskaltzaletasunaz gain beste balore batzuk ere sustatu nahi ditu. Horretarako, feminismoa eta harreman ereduak hizpide hartuta hainbat ikastaro antolatu dituzte.
Nola bururatu zitzaizun halako plataforma bat sortzea?
2003an bururatu zitzaidan. Urte asko pasatu nituen Alemanian eta Ingalaterran. Gogoan dut Ingalaterrako azken urtean telebistan dokumental bat ikusi nuela. Porno produktore baten bizitza kontatzen zuten eta, tartean, azaltzen zuten protagonistak horrelako webguneen bidez ligatzen zuela, bestela aurreiritziak direla eta, oso zaila egiten zitzaiolako. Orduan etorri zitzaidan ideia.
Donostiara bueltatu eta proiektua abiarazi zenuen?
Hamar urte eta gero bueltatu nintzen, eta lehenengo urtea nahiko lasai hartu nuen. Urtebetez proiektua garatzen ibili nintzen lagun batekin batera. Gero hark utzi egin zuen eta neuk jarraitu nuen aurrera Kaixo Maitiarekin. Bitartean, hainbat lanetan aritu nintzen: Dokan zuzendari bezala eta Irrien Lagunak Elkartean, besteak beste. Ohartu nintzen ez niola nahi beste denbora eskaintzen plataformari, eta arreta gehiago behar zuela.
Hori izan zen inflexio puntua?
2015eko abenduan berritu genuen webgunea. Ordura arte, ligatzeko eta jendea ezagutzeko plataforma soil bat zen. Inongo zentzu kritikorik gabea. Dena den, egia da euskarazko militantziatik sortu zela, hasieratik argi nuen euskara hutsean funtzionatuko zuela.
Balore ugari bildu nahi zenituzten, beraz.
Garbi neukan balio gehigarri bat izan behar zuela euskaraz gain. Harremanen inguruan hausnartzea da helburua, edo behintzat horretara bultzatu nahi ditugu: zein familia eredu ditugun, zein harreman mota eraikitzen ditugun, zein gizarte egitura daukagun. Bikote harremanetan jarrita genuen fokua altxatu nahi genuen eta bazterretan zeuden horiek erdira ekarri.
Baloreetan jarri zenuten, beraz, arreta.
Baloreak landu nahi genituen alde batetik, baina baita funtzioak ere, esaterako, hirugarren generoaren aukera jarri dugu; hori erabaki politiko bat izan da. Gaur egun, bost pertsona daude beste genero bat bezala izena emanda.
Badaude berritasun gehiago?
Bai, esaterako, Kaixo Maitale gunea sortu dugu. Gune hau monogamiatik edo bikote harreman tradizionaletatik ihes egiten duten horien elkargunea da. Bestalde, beste gune berezi bat dugu 55 urtetik gorakoentzat; konturatu ginen segmentu oso jakin bat zegoela hor; eta azkenik, LGTB kolektiboarentzako gune bat ere badugu. Pixkanaka webgunea osatzen goaz.
Harremanen inguruan hausnartzeko blog bat sortu zenuten eta orain ikastaroak ere antolatu dituzue.
Balore ezberdinak transmititzeko blog bat egin dugu euskaraz, bertan sexuarekin eta harremanekin lotutako hainbat hausnarketa eskegitzen ditugu. Bestalde, sarean aurkitzen ditugun gauza interesgarriak ere euskaratzen ditugu. Gainera, hainbat ekintza eta ikastaro egiten ditugu jendea ezagutu dadin;?batzuk balio hezitzailea dute eta beste batzuk ez. Ikastaro hezitzaileak egingo ditugu urrian, esaterako. Bilgune feministaren laguntzaz antolatu ditugu ikastaroak: Feminismoaren oinarriak lantzeko ikastaroa, Komuni(erl)azioa: erlazioak komunikaziorik gabe posible dira? eta Nahikoa irekiak al gara harreman irekiak izateko? . Zerbait erraza izatea nahi genuen; feminismoa ulertu dezaten eta harreman irekietan sortzen diren zalantzak argitu ditzaten.
Nori zuzenduak daude ikastaroak?
Ikastaroak irekiak dira baina beharrezkoa da izena ematea. Emaginek emango ditu ikastaroak eta urriaren 19an, 22an eta 29an izango dira Garoa liburu dendan.
Helburu hezitzailerik gabeko ekintzak ere egiten dituzuela aipatu duzu.
Tarteka topaketak egiten ditugu, jendeak modu lasaiago batean elkar ezagutzeko aukera izan dezan. Baina egia esan ez da erraza. Aurreko batean, esaterako, sagardotegi batera joan ginen eta bost pertsona animatu ziren. Denak justifikatu nahi izan zuten euren burua halakoak ez zituztela maiz egiten esanez. Ligatzeko modu hauen inguruan aurreiritzi asko ditu oraindik jendeak.
Harremanen inguruan sakondu nahi duzula aipatu duzu. Aurrez ere egin zenuten ikerketa lan bat.
Aztikerren laguntzarekin galdetegi bat prestatu genuen euskaldunek Internet bidez erantzun zezaten. Aspertuta nengoen Euskal Herrian ez dela ligatzen dioen topikoarekin eta euskaldunak beraien harreman afektibo eta sexualetan ea zoriontsu ziren jakin nahi genuen. Ondorio ugari atera genituen, nagusienetako batzuk honakoak izan ziren: euskaldunen asetasun maila handiagoa dute arlo afektiboan sexualean baino; eta emaitzak nabarmen hobeak dira 18 eta 29 urte artekoetan, hortik gorakoen kasuan nabarmen egiten du bera arlo afektiboak eta baita sexualak ere. Arrakasta handia izan zuen galdetegiak.