«Barruan, ezkutuan, nuen dohaina topatu dut»
Mikel Herrero, graffitigilea
Ia atseden hartu gabe jo eta su dabil Mikel Herrero (Egia, 1980). Karmengo Amaren kaleko 44. zenbakira iritsi zen duela lau hilabete, eta bizilagunak zur eta lur utzi ditu hormairudi eta panpin erraldoiekin. Hainbat dendatako pertsianak margotzeagatik ezaguna egin zen Mikel Herrero. Hormairudiak ere egiten hasi zen, gero eta lan eta enkargu gehiago eskatzen hasi zitzaizkion… eta orain bere tailer propioa ireki du Egian: Innovart 19. Nola hasi zinen graffitiak egiten? Nik uste dut lan honek ni aurkitu ninduela. Igeltsero gisa lan egin dut nire aitarekin, urte askoan. Hamazazpi urtez! Nekatu egin nintzen, eta utzi egin nuen. Orain bi urte daramat hormairudiak egiten. Nire lagun graffitigile bat ikusi nuen lanean, aurpegiak eta oso graffiti errealistak egiten. Eta probatzen hasi nintzen. Urte asko neramatzan maarraztu gabe. Txikitan bai, beti egiten nituen marrazkiak. Baina azkenean oso gazte hasi nintzen aitarekin lanean. Lan egitea izugarri gustatzen zait, eta aitaren tailerrean betidanik sortu ditut gauzak. Orain ere hainbat objektu berrerabiltzen eta gauza berriak sortzen saiatzen naiz. Altzariak, sprai poteak… Zaborretara bota beharrean, hori guztia birziklatzen dut. Graffitiak probatzen hasi eta… Probatu nuen, eta betiko harrapatu nau graffitiak. Nire amak goxoki denda bat ireki zuen Parte Zaharrean. Zerbait desberdina egin nahi zuen, eta nik Gollum bat egin nion, dendaren atarian jartzeko. Piruleta bat zuen eskuan, eta jendea dendan sartzeko amua zen. Goxoki denda itxi behar egin zuen amak, baina han egindako lanari esker nago orain hemen. Momentu horretan ez nekien zer egin nire bizitzarekin. Dendan nengoela, figuratxoak egiten nituen fimoarekin. Eta garai horretakoa da San Jeronimon oraindik ikusgai dagoen graffiti bat, Michael Jacksonena. Gure dendaren aurrean zegoen Vives bitxi denda. Graffiti zatarrez beteta zegoen pertsiana, eta jabeei baimena eskatu ondoren, margotzen hasi nintzen. Jendea harrituta geratu zedin lortu nahi nuen, eta uste dut lortu nuela, geroztik enkargu pila bat lortu ditudalako. Eta bi urte hauetan pila bat praktikatu dudanez, orain graffitiak nik nahi ditudan bezalakoak egiten ditut. Gainera, oso perfekzionista naiz. Ordu pila bat sartu ditut. Ehun bat graffiti egingo nituen jada. Irudi lauak ez ezik, hiru dimentsioko figurak ere egiten dituzu. Bai, hemen Karmengo Amaren kalean txakur bat egin nuen, tailer handi hau ireki baino lehen izan nuen lokal txikian. Bizilagunei baimena eskatu nien hormairudi bat egiteko, eta pixkanaka txakur hori egiten hasi nintzen. Denetik egin nahi dut. Neure buruan ideiak borbor ditut. Orain arte ez dut sormen hau guztia ateratzeko aukerarik izan, eta orain azkenean lortu dut aukera. Nolako harrera izan duzu auzoan? Ni beti bizi izan naiz Egian, baina hormairudiak egiteko hara eta hona ibili naiz. Baina behar nuen leku bat, tailer bat, nire traste guztiak ongi gorde eta lasai lan egiteko. Ezin nuen nire logelan esprai potez inguratuta jarraitu! [barrez]. Beti egin dut amets horrelako leku batekin. Tailer ireki eta handi bat. Jendearekin gertuko harreman bat izateko aukera ematen dit, eta beraiek nire lana ikus dezakete zuzenean. Nik txikitan beti jakin nahi nuen nola lan egiten zuten sortzaileek. Lehen Internet ez genuenean oso zaila zen sorkuntza prozesu bat ikustea. Jende asko sartzen da tailerrera nire lanak ikustera eta galdetzera. Eta badut ideia bat buruan, hemen barruan beste sortzaile batzuen lana erakustea. Nola aurkitu zenuen tailer hau? Nik sinesten dut patu kontuetan. Uste dut nire zain zegoela. Tailer honek 30 urte darama itxita. Transportes Lasarte izan zen lokal hau, kamioientzako tailer mekaniko bat. Iturgindegi bat ere izan da. Kale honetako eraikin hauek auzoko zaharrenak dira, oso leku berezia da. Orain arte ez dute alokairuan jarri nahi izan, eta alokatzea lortu dut, prezio merkeagoan. Oso pozik nago. Ametsa egia bihurtzea lortu duzula esan daiteke? Amesten nuena baino gehiago lortu dut. Gustatzen zaidan hori guztia egin dezaket orain. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko apaingarriak ikusten nituenean asko gozatzen nuen. Aurten nik apainduko dut Antzoki Zaharreko balkoia! Tailer hau ireki nuenen neure baitan pentsatu nuen, ‘egunen batean nik egingo dut’. Eta lortu dut! Josemi Beltran zuzendaria etorri zen hona. Tailerraren sarreran jarri nuen Hulk erraldoia ikusi zuela, eta enkargu bat egin nahi zidala jaialdiak. Izugarria izan zen. Godzilla erraldoi bat egiten ari naiz. Urria bukaeran ikusiko duzue Parte Zaharrean. Aldaketa handia izan da zuretzat. Izugarria izan da. Auzoan ezaguna nintzen, Egiako etxe askotan egin ditudalako iturgintza lanak. Eta konturatu naiz nire aldartea ere aldatu dela. Samindurik bizi nintzen. Auzotar batek esan dit, lehen beti haserre nengoela. Igeltsero lanak bukatzean ez nuen beste ezer egiteko gogorik. Horren samindurik bizi nintzen ez nuela ezer egin nahi. Egitasmo honetan murgildu nintzenetik dena aldatu da. Barruan ezkutuan nuen dohaina topatu dut azkenean. Gauez ere tailerreko ateak irekita ikusi ditut. Atsedenik hartzeko denborarik ez duzu hartzen? Egunak motzak dira niretzat. Ordu gutxi ditu egunak. Goizean goiz esnatu eta ideia pila batekin iristen naiz tailerrera. Orduak hegan doaz. Beldurrezko Asterako Godzilla munstroa egiten hasi nintzen eta konturatzerako goizeko lauak jo zuten. Energiaz beteta nator, egunerokoa zoragarria da. Zein proiektu lantzen ari zara orain? Orain Santa Teresa ikastetxeko ikasleekin ari naiz hormairudi bat egiten. Asko gustatzen zait jende gehiagorekin lan egitea. Aitor ikastolakoekin ere egin nuen beste bat, Tejeria kalean. Gainera oso ondo pasatzen dut haurrekin, ilusio handia egiten dit nire lanak ikusi eta harrituta geratzen direnean. Bestalde, Antiguako jai batzordearekin eta Emaus zentroarekin elkarlanean jaietako buruhandi berriak egiten ari gara. Oso pozik nago tailer horrekin. Emausekoek esan didate ikasleak ez dituztela inoiz horren motibatuta ikusi.