Mozal legeak hirian 20 lagun zigortu dituela salatu dute
Denen arteko isunek 7.000 euro batzen dituzte salatu du Eleak-Libre dinamikak.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak Mozal Legea ezarri zuenetik, urtebete bete zen uztailean. “Herritarren eskubide eta askatasun publikoak hobeto finkatuko ditu, herritarren segurtasuna hobeto bermatu eta galaraziko ditu legez kanpokoak, indarkeriazkoak zein izaera bandalikoa duten jokaerak”, aipatu zuen ministroak. Lege horrek berak, ordea, hainbat donostiar zigortu ditu, eta horixe salatu du Eleak-Libre dinamikak, komunikabideen aurrean. Zehazki, Mozal Legeak Donostian 20 lagun zigortu dituela eta haiei jarritako isunek 7.000 euro batzen dituztela aipatu dute: “Erasoen aurrean, defendatu ditzagun guztion artean guztionak diren eskubide zibil eta politikoak”.
Haserre agertu dira gertakarien aurrean Eleak-Libreko kideak, eta ozen oihukatu nahi izan dute “Mozal Legeei EZ!”. Gainera, gertakari guztietan material politikoa lapurtu dutela diote, bain ertzainek bai udaltzainek ere: “Indar polizialak aldatzen dira, gaiak ezberdinak dira, baina jokabidea eta emaitza berbera da: eskubide zibil eta politikoak zapirtuak, kritika eta disidentzia zigortua, lapurreta”.
Elkartasun bila
Datu guztien irakurketa egin ostean, udalari eskaera egin diote, Mozal Legearen aurkako iritzia eman dezan. Mozio bat aurkeztuko dutela esan dute, Udaltzaingoak legea aplika ez dezan. Gainera, isunen bidez “lapurtutako dirua” berreskuratzeko, abenduan elkartasun edalontziak eta zapiak salgai jarriko dituztela esan dute.