Loiolako La Salle ikastetxeko irakaslea da Periko Alkain. Aspalditik zuen buruan misiolari gisa joatea, eta azken bi udak Boli Kostan egin ditu, hango haurrei laguntzen, Akwaba etxean.
Periko alkain; irakaslea eta Misiolaria.
Pozik dago bizitako esperientziarekin Periko Alkain (Hondarribia, 1952), eta berriro ere itzuliko dela dio. Loiolako bizilaguna da, eta Abidjanen (Boli Kosta) ezagututakoaren berri eman du ikastetxeetan zein auzoan bertan, hainbat hitzaldiren bidez.
Nolatan erabaki zenuen misiolari gisa joatea?
Buruan nuen aspalditik misioena; beti izan dut joateko ilusioa, eta gutxienez probatu egin nahi nuen. Duela hiru urte erabaki nuen joatea, baina ezin izan nuen, eta iaz izan nuen aukera. La Salleko anai Joxe Manuel Arrizabalagak esan zidan bidali nahiko nindukela Afrikara, Abidjanera. Frantsesa nekielako eta hango anaiei atseden pixka bat emateko. Nire frantsesa freskatu eta hara abiatu nintzen, iaz, anai batekin. Aurten berriro itzuli naiz, leku berera, Zaragozako andereino erretiratu batekin.
Beste mundu berri bat da, izugarri desberdina. Hirugarren munduko kaleko giro peto-petoa, eta horren barruan, lekurik behartsuena.
Frantsesa zenekielako eskatu zizuten bereziki hara joatea, baina bertan 60 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dituzte, ezta?
Bai. Nik ulertzen nien, baina beraiek nahi zutenean. Ez badute nahi ulertzea, beraien hizkuntzetan hasten dira hizketan. Beraien frantsesa ere hala nolakoa da, baina elkar ulertzen genuen. Oso mutil majoak dira.
Oso hizkuntza desberdinak dituzte, eta leinu berekoak ez badira, beraien artean ere ez dute elkar ulertzen, frantsesez ez bada. Nik Akwaba hitzak ongi etorri esan nahi duela dakit, horretaz gain, bizpahiru abesti ikasi ditut, eta besterik ez.
Nola iristen dira haurrak Akwaba etxera?
Kalekumeak berreskuratzen ditugu, 6 eta 18 urte bitartekoak. Horretarako, kalean bizi eta lo egiten duten umeak gurekin etorri nahi izan behar du. Esplotatuak egoten dira alderdi guztietatik. Etxeko tragediatik alde egin dute, eta kalean oraindik ere tragedia handiagoa topatzen dute. Beraiek baino helduagoak direnek mafietan sartzen dituzte, lapurtzera behartzen dituzte, eta era guztietako abusuak jasotzen dituzte. Denera, 50 lagunentzako tokia dugu, legez ez digutelako uzten gehiago izaten leku berean. Orduan, lekua dugunean, Manos Unidas erakundearen furgoneta batekin joaten gara, gauez, badakigulako zein tokitan egiten duten lo, eta ea gurekin etorri nahi duten galdetzen diegu. Baietz esaten badigute, gurekin etortzen dira, eta han gainontzeko umeen poza eta osasuna ikusten dute.
Hasieran ez dute ezer esaten, ezta euren izena ere. Ikusten dutenean fidagarria dela tokia, hau da, sendatu egiten ditugula, eta zaintzen ditugula, poliki-poliki joaten dira askatzen. Zeintzuk diren eta nondik etorri diren kontatzen dute, eta txosten bat egiten dugu euren datuekin. Denak daude gaixo, malaria edo kolerarekin, eta hiesa ere izaten dute.
Zer eskaintzen diezue?
Akwaban seguru lo egiten dute, egunean hiru aldiz jaten dute, eta eskolak ematen dizkiegu. Askok ez dakite irakurtzen ere, eta eskola bereziak jasotzen dituzte. Auzokoei irekitzen diegun eskola dugu, bertako 50 ikasleez gain, beste 70 neska-mutil etortzen dira, eta sei gelatan banatzen ditugu. Hemezortzi urterekin institutura joaten dira, eta euren ikasketekin jarraitzen dute.
Azken batean, helburua ez da umezurztegi bat izatea; beraien gurasoekin harremanetan jartzen saiatzen gara, euren etxeetara itzul daitezen. Gurasoen berririk ez badugu, hemezortzi urterekin beste gune katoliko batera bideratzen ditugu, lanbide hezkuntza jaso eta euren etorkizuna eraiki dezaten.
Ume horien beharrik handiena maitasunarena dela aipatu izan duzu.
Bai. Ume horiek azken aldiz besarkatuak edo musukatuak izan ziren bi urte zituztenean. Oihaneko ohiturari jarraituz, bi urte dituztenean, euren tribuko izeba-osabaren bati eskaintzen diote haurra, eta zailtzea izaten dute helburu. Gogortu egiten dituzte inolako maitasunik gabe, lan fisiko gogorrak eginarazten dizkiete, sexualki abusatzen dituzte, edo auskalo. Horregatik alde egiten dute euren etxeetaik.
Hezetasuna handia da, ezta?
Beroa egiten du, baina uztailean ez hainbeste. Hango otsaila eta martxoa inguruan egiten du berorik handiena. Tenperatura 35 gradutik gora igotzen da, eta oso hezea da, itsasoa eta lakuen bueltan dagoelako. Hezetasunaren ondorioz, eltxo asko daude, eta horien artean dauden malaria sortzen dutenak, horregatik daude ia denak gaixotuta. Hori ohikoa da beraientzat. Gogorra dena da ezin jan ahal izatea. kalean egotea. Gure etxean babesa, kabia eta maitasuna ematen diegu.
Tribuen sistemarekin funtzionatzen dute orduan.
Bai, sistema tribala da. Leinuko kideek erabakitzen dute dena, norekin ezkontu, zer ikasi… bestela suntsitu egiten zaituzte. Ezer ez dutenak daude egoera txarrenean, eta horiek emakumeak eta haurrak dira.
Zer gordetzen duzu esperientziatik?
Ikusten zaituztenean, lehen unetik, «zuri bat guri kasu egitera», pentsatzen dute, eta zurekiko duten jarrerak ez du preziorik. Doan egindako lanagatik balio ikaragarria jasotzen duzu, eta haien begiradak betirako geratzen zaizkizu bihotzean gordeta. Horretaz gain, modu batera salbatu dituzun bizitzekin geratzen zara.
Agurrak nolakoak izan dira?
Joan nintzen lehen txandan, etxera itzultzeko garaian, negar pila bat egin nuen, izugarria izan zen. Aurtengo udan, bigarren aldiz joan naizenean, hango gehienak ezagunak nituen, oso polita izan da, eta agurtzean gogoan izan dut ea hirugarren txanda bat egongo den.
Zer galdetu dizute eskoletan egindako aurkezpenetan?
La Salleren ikastetxeetan egin ditut aurkezpenak. Txikiak dira gehien harritzen direnak, haurrek duten itxurarekin, gu hara joatean bertako haurrak gure itxurarekin harritzen diren moduan: ilea besoetan… asko ukitzen gaituzte. Bestela, gure egoitzaren argazkiak ikustean, komuna non dagoen eta horrelakoak. Galderak antzekoak izaten dira, baina bakoitzak bere erara egiten ditu. Han esaterako, ura lortzea zaila da, eta dutxatzen zaren egunean jainkoari eskerrak ematen dizkiozu. Hemen denak zaharrak ikusten dituzu, eta han denak umeak. Hona itzultzean konturatzen zara zenbat txorakeria ditugun!
Itzultzeko asmoa duzu?
Osasuna da lehen gauza, eta ni momentu honetan aldakako ebakuntza bat egiteko zain nago. Ilusioa badut, eta saiatuko naiz itzultzen, baina ez dakit noiz. Asmoa badut, baina ezin dut ziurtatu datorren udan itzuliko naizenik. Karga bat ez naizen bitartean, gustatuko litzaidake laguntzen jarraitzea.