Amiantoa erabiltzen zuen 1950etik 1981era Altzan lanean aritu zen fabrikak. Haurrak jolasean aritzen ziren, lantegiak bere hondakinak botatzen zituen lurretan.
Garai bateko fabrikaren irudia. (Argazkia: Estibaus.info)
Aurreko legegintzaldian adostu zuen udalak Altzako kiroldegia berritzea. Dagoeneko lehiaketa publikoa egina zegoen, diseinua erabakita, eta obra egiteko zorian. Obrak hasi aurretik, ordea, lurrak aztertu dituzte, eta amianto arrastoak azaldu dira. «Kutsadura espero genuena baino handiagoa da», azaldu zuen Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak, joan den ostiralean. Fibrocementos Vascos S.L. izeneko enpresa egon zen egun kiroldegia dagoen lekuan, 1963 eta 1981 urteen artean, hor nonbait, eta enpresa hark egindako isuriak dira lurren kutsaduraren arrazoia.
Altzako Historia Mintegiaren Estibaus webguneko artikulu baten arabera, enpresa hori 1950eko hamarkadatik zegoen Altzan. Zehazki, Buenavistan zuen eraikina, bizikleta fabrika zaharrean, Antxon Alfarok egindako idatziak dioenez. Enpresak hainbat izen izan zituen: Tellita, Urtellita, eta, 1961ean, Fibrocementos Vascos, S.L. Azken batean, horixe ekoizten zuten bertan, fibrozementu hoditeria; eta ekoizpena handitzeko baimena jaso zutenean, lekuz aldatu zuten eraikina, Buenavistatik Altzara. Orduan, Alemaniako enpresa batek erosi zuen, eta izena aldatu zion: Boost Fibrocementos Toschi-Iberica. Itxi zuten urtean, 1981ean, 120 langile zituen.
Kontua da, fabrikaren inguruan, etxebizitzak eraiki zituztela, 1960. hamarkadan, eta pixkana, harremana gero eta gatazkatsuagoa bihurtu zen, fabrika eta bizilagunen artean. Ezezaguna zen herritarrentzat amiantoa, garai hartan, baina fabrikako ekoizpenak sortzen zuen zarata eta hauts zuria jasagaintzak bihurtu zitzaizkien. Haurrentzat, ordea, kutsadura ez zen arazo bat, eta lantegiaren hondakinak botatzen zituzten lurretan jolasten aritzen ziren maiz.
Maria Luisa, biktima zuzena
Maria Luisa Sarriegi fabrika hartan lanean aritu zen denboraldi batez, 18 urte zituela. Pleurako minbiziaz hil zen 2006ko apirilean, bere garaian jasandako amianto arnasketagatik.
Baliteke biktima gehiago ere azaltzea, fabrikan lan egindakoen artean. Izan ere, amiantoa erabili zela frogratu dute inguruetan egindako azterketek.