Donostiapedia egitasmoa abiatu dute Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan. Auzolanean hiriari buruz idatzitako liburua da Donostiapedia; 50 lagunek euren ekarpena egingo dute bertan.
Wikipedian trebatzeko Donostiapediak antolatutako hainbat ikastaro egin dituzte. (Argazkia: Donostiapedia)
Egun, ez da hainbeste egile dituen liburu asko egongo. Auzolanean, 50 lagunek eratu duten hiriari buruzko liburu bat da Donostiapedia. Liburu bat idaztetik harago, wikipedian Donostiari buruzko informazioa osatu nahi dute.
Ohartu dira, gaur egun, Wikipediak ez duela islatzen Donostiaren eta donostiarren errealitatea. 492 donostiar ageri dira wikipedian, eta horietatik soilik 100 dira emakumezkoak. Lanbideetan ere ageri da desoreka: 102 idazle, 56 futbolari, 53 politikari, 43 aktore, bost zientzialari eta lau bertsolari.Errealitate hori iraultzeko asmoz, hainbat hiritarrek Donostiaren inguruan duten ezagutza zabaldu dute Interneten; ondoren, guztiak batu eta Donostiapedia izeneko liburuan kaleratzeko.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan kokatzen da proiektua, nahiz eta ideia 2015ean sortu zen. Amarapedia egin zuten urte horretan Olatu Talka egitasmoaren barruan. Esperientzia horretatik abiatu zirela azaldu du Xabier Cañas, Donostiapedia proiektuko zuzendariak: “Lehenengo esperientzia Amaran egin genuen, auzoko ezagutza bildu eta bizilagunak Wikipedia erabiltzera trebatu nahi genituen”.
Amarapedia proiektuak izan zuen erantzun ona ikusita, egitasmoa Donostia osora zabaltzea erabaki zuten. “Wikipedia mundu mailako seigarren webgunerik bisitatuena da, eta baita euskarazko libururik handiena ere”, adierazi du Cañasek.
Bi atal ditu egitasmoak: bata, erakundeek osatzen dutena, esaterako, liburutegiek eta museoek; eta bestea, parte hartzen duten herritarrek osatzen dutena.
Hiritarrak proiektuan parte hartzera animatzeko, urte bukaeran artikulu guztiak batuko dituen liburu bat egitea bururatu zitzaiela azaldu du Cañasek. Momentuz, 50 pertsonak 100 artikulutik gora idatzi dute.
Wikipedia euskarazko libururik handiena izan arren, asmoa oraindik handiagoa izatea dela esan du Donostiapediako koordinatzaileak. Horregatik, artikuluak gaztelaniaz idazteko aukera baldin badago ere, gero guztiak euskara itzuliko dituzte: “Batzuek gaztelaniaz idatzi dituzte artikuluak, baina badago jendea itzultzeko prest azaldu dena eta, beraz, artikulu horiek euskaratu egingo ditugu”.
Hiriaren errepresentazioa
Hiriaren isla izan nahi du Donostiapediak eta, horretarako, oraindik lan handia egiteko dagoela uste du Cañasek: “Wikipedian, komunikabideetan gertatzen den bezala, gizonen presentzia, adibidez, emakumeena baino askoz handiagoa da”. Futbola jarri du adibide gisa; izan ere, Realeko jokalari gizonezko guztiek dute euren orrialdea Wikipedian, aldiz, emakumezkoek ez. Irailera arteko artikuluak kontuan izanda, 45 gizonezko eta 20 emakumezko gehitu dira.
Agerikoa ez den Donostia hori agerrarazi nahi dutela dio Donostiapedia proiektuko zuzendariak. Horretarako, norbanakoez gain, hainbat elkartek ere hartu dute parte egitasmoan: “Emakumeen Etxean izan ginen ikastaro bat egiten, eta emakume asko animatu ziren artikuluak idaztera”.
Argi du Cañasek zein den Donostiapedia liburuaren helburua: “Orain arte Interneten existitzen ez zen Donostia hori ezagutarazi nahi dugu”. Horretarako, ahalik eta Donostiar gehien behar izan dituzte.
Wikipedian trebatu dira
Hainbat ikastaro egin dituzte herritarrak Wikipedian trebatzeko asmoz: Emakumeen etxean eta Tabakalerako Ubik liburutegian. Azkeneko lantegia, berriz, bihar egingo dute, 10:30ean, Koldo Mitxelena liburutegian. Doako ikastaroen bitartez herritarrak Interneten edukiak sortzera animatu nahi dituzte, horrela, “XXI. mendeko auzolan digital bat eratzeko”.
Hamaika eduki sortu eta sortuko dituzte donostiarrei eta Donostiari buruz Wikipedian. Horregatik, Donostiapedia egitasmoak hainbat batzorde eratu ditu proiektuaren barruan sortzen diren edukiak modu ordenatuan kudeatzeko: gizartea, geografia, arkitektura eta topografia, kultura, eta historia.
Donostiapedia arnas luzeko proiektua da, kultur hiriburutzaren barruan hasi eta aurrera begira bere ibilbidea egingo duena: “Abiapuntu gisa, ekimen konkretu sorta definitu dugu eta guztietan hiria bera eta hiritarrak izango dira protagonista”.
Era guztietako gaiak
Idazleak, bertsolariak, zientzialariak, ikastolen historia, kale izenak, hotelak, museoak, kontu historikoak, elkarteak… hamaika gai landu dituzte Donostiapedia egitasmoan parte hartu duten kideek. Dagoeneko eskuragarri daude artikuluak eta proiektuaren inguruko informazio guztia Donostiapediaren Wikipedia orrialdean.
Pozik daude lortu duten erantzunarekin. Izan ere, hasierako helburu guztiak betetzen ari direla azaldu du Cañasek. Hiritarrekin lotura duten artikuluak sortzen eta hobetzen, Wikipedia donostiarrengana hurbiltzen, herritarren parte hartzearen bidez ezagutza soziala bultzatzen, eta euskarazko sorkuntza digitala sustatzen eta hobetzen ari dira.
Izan ere, urte guztian zehar Donostiaren inguruko artikuluak pilatzeaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte Donostiapedia egitasmoaren barruan: QRpedia, Bake Itunak, Haur eta gazte literatura, Wikipedian oinarritutako jokoa, Emakumeak Wikipedian, Wikipedia loves Libraries eta aurretik aipatu ditugun Donostiapediarekin lotutako lantegiak.
Abenduan aurkeztuko dute Donostiapedian batutako artikuluak bilduko dituen liburua. 2016ak Wikipedian utzitakoa bilduko dute bertan, baina proiektuak aurrera jarraituko du: “Zenbat eta jende gehiagok idatzi Wikipedian geroz eta ezagutza gehiago sortuko da Donostiaren eta donostiarren inguruan, eta hori aberasgarria bezain erabilgarria izango da donostiarrentzat”.
Kepa Sarasola, Donostiapediako kidea: «Informatikari donostiarrak ekarri ditut Donostiapedia liburura»
Nola iritsi zinen Donostiapedian parte hartzera?
Ikerketa proiektu baten bitartez heldu nintzen Donostiapedia egitasmora. Ixa ikerketa taldeko kidea naiz eta Matxin itzultzaile automatikoa egin dugu. Ikerketa horretan, Wikipediako artikuluak itzultzeko sistema bat asmatu dugu. Wikipediako testuak itzultzen ditugu, gero itzultzaileei ematen diegu berriro ere zuzendu ditzaten, eta zuzentzaileek egiten dituzten aldaketekin gure itzultzaile automatikoa hobetzen joaten gara. Ikerketa horretan nenbilela egin nuen topo Donostiapediarekin eta benetan proiektu polita eta beharrezkoa iruditu zitzaidan.
Zergatik iruditu zitzaizun beharrezkoa?
Lotsagarria zen Wikipedian zegoen generoen arteko bereizketa. Ez al dago emakume interesgarririk Donostian? Eta baita lanbideena ere. Denak futbolariak eta aktoreak dira, eta donostiar guztiak ez gara futbolariak edo aktoreak. Oso ondo iruditzen zait futbolariak eta aktoreak egotea, baina badago jende gehiago Wikipedian egotea merezi duena. Esaterako, nik informatika fakultatean jende interesgarri asko ikusten dut. Horregatik, informatikari donostiarrak ekarri ditut Donostiapediara. Donostian, eta orokorrean gure inguruan, ikertzaileek ez dute merezi duten prestigioa. Une honetan, hamahiru informatikari donostiar daude Wikipedian, eta unibertsitateko 26 irakasle. Jendea gauza ederrak egiten ari da, ez futbolariak bakarrik. Bestalde, lehendik Wikipedian zeuden donostiarrak ere ekarri ditut Donostiapediara.
Zer esan nahi duzu?
Badago jendea Wikipedian Donostian jaio dena edo bertan lan egiten duena, baina Wikidata deitzen den informazioa falta zaie; nik horiek aurkitu ditut kategorien bitartez eta Donostiapedian jaso ditut. Lehengo batean, adibidez, hogei lagun aurkitu nituen.
Zuk ez duzu ikastarorik behar izan.
Ez. Nik irakasle gisa hartu dut parte horietako batzuetan. Wikipedia aurkitu nuenean ikaragarri gustatu zitzaidan. Jendea telebista ikusten edo gurutzegramak egiten ibiltzen denean ni Wikipedian saltseatzen aritzen naiz.
Zer gustatzen zaizu gehien Donostiapedia proiektutik?
Gauza oso politak daude Donostiapedia egitasmoan. Bere orrialdean sartuta Donostiaren eta donostiarren oso argazki polita aurkitu daiteke. Taula batean jaso ditu Xabier Cañasek, proiektuaren koordinatzaileak, donostiar guztiak. Bertan, donostiarrak lanbidearen, garaiaren edo generoaren arabera ordenatu ditzakezu. Niri izugarri gustatu zitzaidan. Bestalde, jendea Wikipedia erabiltzera trebatzea oso interesgarria da. Jende horrek aurrerantzean Wikipedian ereiten jarraitu dezake. Horrela ohartuko dira zeinen tresna erabilgarria eta eskertua den Wikipedia.
Arantxa Arzamendi, Donostiapediako kidea: «Jendea animatzen ibili nintzen, gauza asko dauzkagu kontatzeko»
Nola animatu zinen Donostiapedian idaztera?
Aspalditik egiten dut lan Donostiako Liburutegi Nagusian. Gainera, teknologia berrien zalea naiz, eta iruditu zitzaidan Donostiapedia egitasmoa aberasgarria izan zitekeela liburutegiarentzat.
Aurretik bazenekien Wikipedia erabiltzen?
Kataluniako liburuzainek asko landu dute arlo hori eta haiei segika guk ere egin genituen ikastaro batzuk, beraz, Donostiapediak antolatutako lantegietan parte hartu nuenean abantaila nuen. Ez da erraza Wikipediaren erritmoak eta dinamikak jarraitzea. Dena den, Donostiapedia egitasmoa hasi aurretik egin nuen zerbait Wikipedian Donostiako liburutegien inguruan.
Eta, gero, Donostiapediarekin hasi zinen.
Bai, eta jendea animatzen ere ibili nintzen, gauza asko daude kontatzeko eta ingurukoak animatu nahi nituen Donostiapedian parte hartzera. Ez da erraza, baina azkenean 50 lagun inguru elkartu gara.
Zeri buruz idatzi duzu?
Gehienbat elkarteen inguruan idatzi dut. Donostian oso ezagunak diren zenbait elkartek ez zuten Wikipediako orririk. Hori dela eta,Vasco de Camping elkartea eta argazkilaritza elkarteei buruz idatzi dut Donostiapedian. Gainera, informazio bila nenbilela Maritxu Urretarekin egin dut topo, bi elkarteen sorreran egon zen bera. Gaur egun, 101 urte ditu eta elkarteen aitzakian Urretaren biografia txiki bat ere idatzi dut. Oso emakume aurrerakoia izan zen bere garairako.
Nahiko erraza da Wikipedian idaztea, dena oso arautua dago. Ez dago sormenarentzako lekurik dena erreferentziekin egon behar da. Horrek fidagarritasuna ematen dio plataformari.
Wikipedian Donostiaren edo donostiarren inguruan idatzitakoa artikuluekin liburu bat egingo dute.
Proiektuaren hasierako helburuetako bat zen aurten sortzen diren artikuluekin liburu bat egitea. Wikipediak berak ematen du horretarako aukera. Egitasmo honek papera eta digitala elkarrekin lantzeko aukera eskaintzen du. Egia da, agian, liburua eduki aldetik efimero samarra geratuko dela, baina egitasmoaren hasiera bezala polita izango da.
Gustatu zaizu, beraz, egitasmoa?
Bai, asko gustatu zait. Ikastaroen bidez jendeari Wikipedia erabiltzen irakastea oso interesgarria izan da. Behin ikasi eta gero, esku artean informazio baliotsua baldin badute, sarera igotzeko aukera izango dute. Jendea gauza oso interesgarriak egiten ari da, baina oraindik gauza askoz gehiago egin daitezke. Adibidez, museoen inguruan Donostian gauza mordoa dago esateko.
Donostiapedia 2016an hasi da hiriburutzaren aitzakiarekin, baina urte luzez jarraitu dezakegu Donostiaren eta donostiarren inguruan idazten.