Morlanstarrak auzo elkartearekin izan da Irutxuloko Hitza. Azken hilabeteotan ematen ari diren aldaketa eta hobekuntzez hitz egiteaz gain, oraindik bidean dauden behar eta proiektuen inguruan mintzatu dira bizilagunek.
Etxebizitza berriak eraikitzen ari diren ingurua. (Argazkia: Lide Ferreira)
Apirila amaieran, Morlansen etxebizitza berriak egiten hasteko baimena eman zion Tokiko Gobernu Batzordeak VISESA enpresari. Bada, eraikuntza lanekin hasi dira jada.
Morlanstarrak auzo elkarteak azaldu duenez, orain arte hutsik egon da orubea: «Lehenago eraikitzeko asmoa zuten: baina, ziurrenik, krisi ekonomikoaren eraginez, itxaron zerrendak asko mugitu dira eta kostatu izan da falta ziren etxebizitza horiek saldu edo alokatzea».
Hutsik egon den tarte horretan, auzo elkarteak espazio hori moduren batean erabiltzeko eskaera egin zion udalari, «jolastoki moduan, adibidez». Halere, etxebizitzen aurreikuspena argi zegoen, eta ezetza jaso zuten: «Oso urte gutxitan jendetza etorri gara hona bizitzera; eta, egia esan, ez dugu ia ezer. Plaza eta parke bana, baina ez dago kultur edo kirol gunerik. Horregatik proposatu genuen orubea aprobetxatzea».
Auzoan dauden etxebizitza guztiak babes ofizialekoak dira: batzuk –koloredunak–, Donostiako Udaleko Etxegintzak kudeatzen ditu; besteak –gris eta txuridunak–, berriz, Eusko Jaurlaritzako Etxebidek. Morlans berria osatzeko egiten ari diren azken eraikin hori Eusko Jaurlaritzari dagokio; eta, oraingoan, 70 etxebizitza eraikiko dituzte.
«Eusko Jaurlaritzarenak diren beste eraikinek 94 etxebizitza dituzte, baina egiten ari diren berri horrek zabalera desberdina du, eta horregatik izango dira 70», adierazi du auzo elkarteak. Bi urte barru amaituta egotea aurreikusi dute.
Morlans zaharra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gune zaharra berritzen
Halere, Morlans zaharraren egoeragatik egon dira arduratuak azkenaldian. Bizilagunen aspaldiko aldarrikapena izan da, eta badirudi, azkenean, auzoko azpiegiturak berrituko dituztela. Halaxe azaldu zuen duela aste batzuk Eneko Goia alkateak.
Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Morlans pasealekuko 33 eta 93 zenbien arteko berrikuntza proiektua. Hala, Morlans zaharreko espaloiak, errepidea eta argiztapena hobetuko dituzte. Donostiako Udalaren Urak Ustiatzeko eta Saneamenduko Zerbitzuak idatzitako proiektua da, 381.500 euroko aurrekontua du eta lau hilabetetan egiteko asmoa dute. Auzo elkartearen arabera, datorren urtearen hasieran abiatu, eta udaberrian amaituko lirateke lanak.
«Saneamendu guztia aldatzeko errepidean zuloak egin behar dituztenez, mugikortasuna hobetzeko proiektua osatu dute», adierazi du auzo elkarteak. Hortaz, mugikortasunari dagokionez, Morlans pasealekuko trafikoa bideratuko dute. Horretarako, Katalina Eleizegira doan bi norantzetako errepide estua norabide bakarrekoa izango da.
Norabide bakarraren norantza zehazteko, bizilagunen artean galdeketa bat egiteko proposamena atera zela dio auzo elkarteak: «Beheruntz egingo balute, eta zerbaitengatik itxiko balitz eskola ondoko sarrera hori, ez dago nola atera. Horregatik, batzuk, goruntz egitea hobeagoa zela uste zuten».
Bestalde, proposatu zuten espaloia goitik beheraino, kale osoan zehar, egotea. «Egia esan, ez dago lekurik proiektu berri bat egiteko, eta dagoenarekin errepidearen alde batean behintzat jarriko dute espaloia», nabarmendu du auzo elkarteak.
Horrekin batera, zebrabideak ere egingo dituzte, eta asfaltatuko dute errepidea: «Kalea oso gaizki dago; auzoko zati hori beti egon da ahaztuta, eta obra gutxi egin izan dira
bertan. Asfaltatzearen beharra adibide batekin ulertu daiteke: udaleko langileak bertakoen aparkalekuak zirela adierazteko marrak margotzera joan ziren. Bada, Morlans goikoa ezin izan zuten margotu asfaltorik ez zegoelako».
Pantailak, zubibidean
Morlanstarrak auzo elkartearen beste kezketako bat Amarako zubibidea –Amara eta Antigua lotzen dituena– babestea da. Izan ere, zarata handia sortzen da trafikoaren ondorioz; eta ezbeharrak ere izan dituzte bertan, suizidioengatik. Beraz, aspaldiko beste eskaera baten zain daude: «Zarata eta suizidioen aurkako pantaila batzuk jartzeko eskatu dugu. Alde batetik, uda honetan, adibidez, hiru pertsonak euren buruaz beste egin dute, zubibidetik botata; eta, 2015ean, hamar lagun baino gehiago hil ziren. Bestetik, ibilgailu ugari pasatzen dira bertatik, eta hurbilen bizi diren bizilagunentzako arazo larria da hori».
2015ean, udalak egin zituen parte hartze prozesuetako aurrekontuetan, zubibidean pantailak jartzeko diru partida bat onartu zutela dio auzo elkarteak: «Guztia onartuta dago: proiektua, aurrekontua… Falta dena da lanekin hastea. Gainera, zarata mapa berritu dutenean, Morlans eta Amara zarata handiko gune bezala aitortu dituzte. Karlos I.aren aldaketarekin suposatzen zen ibilgailuak Urumeatik joango zirela, eta Amarako zubibidea ez zutela ia erabiliko. Baina oraindik trafiko handia dago hemen».
Lokala moldatzeke
Morlansen azpiegiturarik eta aisialdirako gunerik ez dagoenez, udalak lokal bat eman zion auzo elkarteari duela bi urte, Leire plazan. «Udalak konpromisoa hartu zuen lokalaren proiektua egiteko, eta gure ardura zen lokala bera moldatzea. Berez, proiektua uztaila bukaerarako egon behar zuen egina; gero, esan ziguten iraila amaierarako izango zela. Eta, orain, zain gaude».
Lokala egokitzeko lan horretan, deialdi berezi bat egin dute auzoan. Hain justu, bizilagunen atarietan lokalari buruzko informazioa utzi dute, eta lokala moldatzeko edonor aurkeztu daiteke: «Hasieran, auzolan bidez egitea pentsatu genuen. Baina, esaterako, komun bat ezin du edonork egin. Horregatik, argi dugu, ahal badugu, auzoko enpresa edo langileekin egingo dugula lokala. Banatu genuen informazio horretan lokalaren banaketa nolakoa izango zen azaldu genien, eta horrelako gremioetan lan egiten zutenei deia luzatu genien».
Proposamenak jaso dituzte, eta badago bere burua eskaini duen jendea: «Gremioa bera koordinatuko lukeen pertsona batek bidali digu bere proposamena, arkitekto batek ere bai, eta gremioetako langile batzuk. Gure asmoa da urtea amaitu baino lehen hastea, 2016ko aurrekontuetan dagoelako islatuta. Baina, orain, geldi dago dena, zain gaude».