Altzako kiroldegiko lanak atzeratu egin dituzte, hango lurretan espero baino amianto gehiago topatu dutela eta; Jesus Uzkudunek ezagutzen ditu halako kasuak, eta gaia gertutik jarraituko du.
Jesus Uzkudun; Asviamie elkarteko kidea eta amiantoan aditua.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Amiantoarekin lan egindakoa da Jesus Uzkudun, Orbegozo enpresan. CCOO sindikatuko idazkaria izan zen urte askoan, eta amiantoaren aurkako borrokan daramatza azken hemezortzi urteak. Asviameko kidea da, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartea, eta eskuartean ikertzeko hainbat kasu dauzka, tartean, Altzakoa.
Nolatan hasi zinen amiantoaren inguruan ikertzen?
Orbegozon lanean ari nintzela, lan osasunarekin kezkatua nenbilen. Amiantoaren inguruan irakurtzen nuen, baina, beti, Uralita fabrikekin lotzen zuten. Guk erabiltzen genuen amiantoa, labeetan eta konpontzen genituen frenoen zapatetan, baina horri ez zitzaion garrantziarik ematen. Gogoan dut, 1990. hamarkadan, lanean askotan goitik behera zuri geratzen nintzela.
Eraman genuen lehen epaiketa, 1997an izan zen. Gasteizko kamiolari bat mesotelioma baten ondorioz hil zen, pleurako minbiziak jota. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzako dokumentu ugaritan agertu frenoen zapatek amiantoa zutela, galdu egin genuen. Ordurako borrokan genbiltzan amiantoa debekatzeko, langileek horren ondorioz bi aldiz ordaindu gabe. Hau da, lehenengo kutsatuak izan, eta, gero, lanpostua galdu. Hortik hasi nintzen, eta pixkanaka ehunka kasu gehiago agertu dira. Momentu honetan, tramitean dauzkat nirekin Orbegozon lanean aritutako bi lagunen kasuak, eta Tolosako paper-fabrikan aritutakoak, esaterako.
Osasun zaintzan, amiantoarekin 3.000 lagun ginen izena emanda hasieran, eta orain, 7.400 inguru gaude. Erronka dugu, izena eman dezan amiantoarekin lan egin duen jende gehiagok. Behin gaixotasuna agertuta, ez baduzu amiantoarekin aritu zarela dioen justifikanteren bat, gero, oso zaila da lortzea. Enpresei dirua kentzen badiegu, hurrengorako neurriak hartuko dituzte.
Amiantoa mineral batzuen batura da, baina zertarako erabili izan da?
Industrian, bereziki, I. Mundu Gerraren ostean hasi ziren amiantoa erabiltzen: fundizioetan, labeak isolatzeko, bakelitetan, autoen bolanteetan, teilatuetan, ur-hodietan… Kanpotik ekarritako produktu bat da, Kanada, Errusia edo Hego Afrikatik. Urte batzuetan saltzen zuten produktu miragarri gisa; merkea, suak ez zuena erretzen, eta isolatzaile oso ona. Hala ere, duela 2.000 urte jada, esklaboek aurpegia babesten zuten, bazekitelako zer gertatzen zen.
1984an arau bat atera zuten, arriskua zegoenez, hauts kantitate bat errespetatu beharra zegoela esanez. Gerora, demostratu da alferrikako neurria zela, eta debekatzea zela irtenbide bakarra. Azkenean, 2002an debekatu zuten.
Hala ere, oraindik tonaka eta tonaka amianto topa dezakegu Euskal Herriko leku askotan. Horregatik, inbentarioa egiteko eskatzen ari gara, eta Hernani izan da lehen herria hori egiteko ardura hartu duena. Europako kontseiluak onartu zuen amiantoarekin bukatu beharra zegoela, eta Polonia izan da herrialde bakarra aurrekontu bat egin duena, urtez urte amiantoa garbitzeko. Garbitzen ez den bitartean, hor dago, eta jendea kutsatzen joango da.
Gainera, datu deigarri bat badago; 60 herrialde baino gehiagotan debekatua dago amiantoa, baina munduko amiantoaren ekoizpena ez da gutxitu.
Nola kutsatzen du amiantoak?
Oso gutxirekin nahikoa da. Orain, etxe batean obretan hasten badira, adibidez, lehengo hodiak puskatzen dituztenean, aukera handia dago fibrozementozkoak izateko, hau da, amiantoa, eta hauts hori kutsakorra da.
Zein gaixotasun sor dezake?
Gaitz bat baino gehiago sor ditzake. Lehen sintoma, normalean, pleuran orbanak agertzea izaten da. Larriena, mesotelioma da, pleurako edo peritoneoko minbizia, oso txarra da, eta oso azkarra. Biriketako minbizia ere sor dezake, eta eztabaida dago ea beste minbizi mota batzuk ere sor ditzakeen, baina oraindik legez behintzat ez daude onartuak. Tabakoaren minbizia eta amiantoarena, biriketan, berdinak dira.
Hala ere, tarte luzera sortzen dira gaixotasun horiek, ezta?
Bai. Hogeitamar urte edo gehiago igaro daitezke amiantoaren gaixotasunak azaldu arte. Horregatik, zaila izaten da askotan demostratzea enpresa zehatz batean lanean ari zinela sortu zitzaizula gaixotasuna. Enpresa guztiak behartuak daude amiantoarekin lan egin dutela esatera, baina ez dute egiten.
Horregatik diot, oso garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzaren zerrendan egotea, gerora, gaixotasunen bat izan ezkero, kalte-ordainak eskatzeko aukera izateko. Kontua da, jende askok ez dakiela amiantoarekin lanean aritu dela. Hala ere, niregana jotzen badute, nik asmatuko dut, pare bat galdera eginda. Badaude beste hainbat produkturekin kutsatutako langileak: disolbatzaileak, soldadura keak, eta beste hainbat produktu, baina askotan ezkutuan geratu dira.
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatuko dio kaltetuentzako diru funtsa sortzea, ezta?
Bai. Minbizia sortu ezkero, kalte-ordainenak eskatu behar zaizkio lan egindako enpresari; baina, kontua da, enpresa asko desagertuta daudela. Horregatik eskatzen dugu, Frantzian dagoen bezala, diru funts bat sor dadila, gutxieneko bat eman ahal izateko kaltetuei. Eusko Jaurlaritzak urtean 20.000 euro bideratuko balitu, arazo larrienak konpontzeko balioko luke, baina Espainiari eskatuko diote, eta nik ez daukat esperantza handiegirik haiekin.
Altzako kiroldegiko lurretan azaldutako amiantoaz zer dakizu?
Katak egin berri dituzte lurretan, eta ez udalak sekulako ardura duelako, atzetik zirikatzen aritu garelako baizik. Guk bagenekien, han lanean aritutako jendearen bidez, azken urteetan iritsitako albisteengatik, amiantoa erabili zuela han egondako enpresak. Altzan, lehen, herri osoa hautsaz kexatzen zen, eta amiantoa zen. Orduan, kutsatutako jendea egongo da, arnastutakoagaik.
Kiroldegian lan egindako gizon bat minbiziak jota hil berri da, eta ikertzen ari gara. Bere alargunarekin hizketan ari naiz. Niri esan didate, urte haietan amiantoa eta beste produktu toxiko asko errekan behera joaten zirela. Horrekin, bete lana egin zuten, eta zenbat haur ibili dira inguru horretan jolasten! Bazekiten kutsatuta zegoela, eta batzuek diote, kiroldegia egin zenean, azpitik lurra atera zutela, eta mugitu. Horregatik, azterketa serioak egin behar dira, sekulako arriskua dagoelako. Aldamenean eskola bat dago, inguruan baratzeak, jendea hor dabil!
Udalak aipatu zuen lur horietan zegoen amiantoa bizigabetzea izango litzatekeela agian aukerarik onena. Posible da?
Inerte bihurtzea oso zaila da. Lehenengo gauza da amiantoa noraino dagoen zabaldua jakitea, eta ez aukera merkeena hartzea. Gainera, susmoa daukat, kiroldegian bertan, galdaratan, amiantoa dagoela. Egoera oso txarrean dago, azterketa bat eskatzera goaz, eta laborategi batera eramango dugu. 1980ko hamarkadan egin zuten kiroldegia, eta oraindik amiantoa erabiltzen zen, barra-barra.
Kiroldegi berria egiteko asmoa dago. Egoera zein den ikusita, zer gerta liteke?
Zer gertatzen da lur kutsatuekin? Hori dena garbitu beharra dago, eta atzetik ibiliko gara kontrolatzen. Kontuz ibili daitezela, lanak legeak dioen bezala ez badituzte egiten, epaitegietara joango gara.
Badago antzeko aurrekaririk Donostian?
Astakeria asko egin izan dira inguruan. Urbieta kaleko etxe batean, sukalde bateko ur-hodi bat puskatu zen batean, eta ur-jarioa etxebizitza baten sukaldera zabaldu zen. Aseguru etxea egin zen arazoa konpontzearen kargu. Langileak joan ziren, rotaflexarekin puskatutako hodia moztu zuten, eta puska berria gehitu zioten. Pixka bat garbitu eta joan egin ziren. Handik egun batzuetara, hango bizilagunak deitu zidan, susmo txarra zuelako; abixatu ziela uralitazko hodia zela, eta ez zutela inolako neurririk hartu. Hautsa hartu eta analizatzera eramateko esan nion, Igaran dagoen enpresa espezialista batetara. Aztertu ondoren, amiantoa zela baieztatu zuten, eta hango hodi zaharraren puskak nora joan ziren? Zabortegira. Salaketa jarri genuen, eta epaitegietan dago kasua.
Udala bizilagunei lasaitasun mezua zabaltzen ari da.
Bada, jar daitezela beraiek han bizitzen! Tristea da, baina ez dizute kasurik egiten, hildakoak mahai gainean jarri arte. Duela hamasei urte, Osalanek esan zidan alarma soziala zabaltzen ari nintzela. Elkartean ez bagina mugitu, ezkutuan geratuko lirateke kontu asko. Nik lanean jarraituko dut, kontuak eskatzen, gorputzak baimentzen didan bitartean.
Sortutako soinua eta zabaldutako hauts zuria, bizilagunen etsai
Amiantoa erabiltzen zuen 1950etik 1981era Altzan lanean aritu zen fabrikak. Haurrak jolasean aritzen ziren, lantegiak bere hondakinak botatzen zituen lurretan.