Kortxoenea gaztetxearen eraistea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Groseko gaztetxeko kideak bortizki bota eta eraikina eraitsi zutenetik ia urtebete igaro da, eta auziak oraindik epaitegian dirau. Hilaren 28an Kortxoenearen aldeko musika jaialdi bat egingo dute Dokan.
Iazko azaroaren 3an bukatu zen urte askoan eta eragile askoren artean eraikitako proiektua: Groseko Kortxoenea gaztetxea hauts bihurtu zuten. Urtebete igaroko da laster, eta gaztetxeko eragileak berriz elkartu dira, hitz egin eta egoera aztertzeko.
Urtemuga iritsi bitartean,
musika jaialdi bat egingo dute Dokan, eta bertan bildutako dirua Kortxoenearen auziak eragindako gastuak ordaintzera bideratuko dute. «Oraindik prozesu judizial baten barruan gaude, eta galtzen badugu, dirua beharko dugu», adierazi du Alex Martinez Kortxoeneako kideak.
Beñat Antxustegi –
Physis Versus Nomos, musikariarekin hasiko da jaialdia, 21:00ak inguruan. Andaluziatik
Sonido Vegetal taldea etorriko da, doinu dantzagarriekin eta fusio musikarekin girotzeko festa. Ondoren, Kortxoenea gaztetxean bertan sortutako
Txemak taldek joko du. Jaialdia DJ Miau-ren musika saioarekin bukatuko da.
Eraisketaren ondoren udal gobernuarekin izan zituzten bilerak antzuak izan zirela ekarri du gogora: «Guk alternatiba bat jarri genuen mahai gainean. Udalak aukera zuen egoera hura bideratzeko. Ikusi dugun bezala, denbora irabazten ari ziren. Hitz asko baina pauso gutxi. Gu prest gaude hitz egiteko, baina ez denbora galtzeko».
Dokako jaialdiaz gain, urtemugaren egunean, azaroaren 3an, Groseko Katalunia plazan hainbat jarduera egingo dituzte. Gaztetxean biltzen ziren hainbat kolektibok parte hartuko dute, tartean Urban 13 taldeak. Break tailer bat egingo dute, rapaz gozatzeko aukera izango da eta kantautore bat ere ariko da zuzenean. «Ez dugu eraikinik, baina kalea badugu. Kortxoenean egiten ziren gauza horiek guztiak erakutsiko ditugu, aldarrikapen gisa», jarraitu du Martinezek.
Kortxoenea auzia
Urtemugaren harira, Laia Abokatuak-eko
Aratz Estonbarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Kortxoenearen espedientea bi zatitan dutela banatuta azaldu du. «Alor penalean, desalojoaren goiz hartan erasoak jasan zituzten pertsonen salaketa dago. Gainera hor barruan bi salaketa daude. Gaua bertan pasa zutenena eta jipoiak jaso zituztenena. Hori une honetan largestuta dago. Froga berririk agertu ezean ez du aurrera egingo. Badaude lesio batzuk, eta egile batzuk seinalatu genituen, baina frogarik gabe ezin dugu ezer egin. Beste salaketa bat dago teilatutik jaisterakoan jaso zituen kolpeengatik. Hori oraindik irekita dago. Hasieran epaileak itxi nahi izan zuen, baina helegitea jarrita probintzia auzitegira iritsi ginen eta esan zigun arrazoi genuela, oraindik froga batzuk ez zirelako egin».
Estonbak azaldu du salaketan agertzen dela GED segurtasun enpresako jendea izan zela teilatutik jaitsiarazi zituztenak:?«Guk nahi duguna da haiei galdetzea eta enpresak esatea egun horretan zeintzuk ari ziren lanean».
Arlo zibilean eztabaidatzen dena bestelakoa da: «Pertsona hauek ez ziren jabeak, beraiek ere hala onartzen dute, baina erabiltzaileak ziren, eta erabiltzaile gisa eskubide batzuk dagozkie. Prozedura legala erabilita kanporatzeko eskubidea dute».
Jabeak gaztetxean inor bizi zenik ere ukatu dutela esandu Estonbak: «
Guk ez genekien ezer esatea errealitatetik kanpo bizitzea da. Are gehiago jabea zarenean. Orduan guk mahai gainean jartzen duguna da modu ilegal horretan eraitsi zenean, kaltetu zen material guztiaren balioaren ordainketa eta kalteordain morala. Guztira 40.000 euro eskatzen ditugu. Faktura batzuk aurkeztu genituen 20.000 euro ingurukoak, eta normalean balore morala da eskatzen den diru kopuruaren antzekoa».
Zergatik gelditu ziren Kortxonea eraisteko lanak? Estonbaren ustez hor dago auziaren muina: «Kortxoeneako kideak bota eta berehala lanak hasi zirenean guk badaezpadako neurri batzuk eskatu genituen: obrak gelditzea, demanda bat jarrita. Pertsona hauek erabiltzaileak dira, ez dira prozedura legalak errespetatuz kanporatu. Absurdoa badirudi ere, jabe izan gabe erabiltzen ari naiz lokal bat, eta nire eskubidea da, minimoa bada ere, prozedura legala erabilita kanporatua izatea. Hori oinarri hartuta esaten dugu:?ez duzue horrela egin, demanda bat jarriko dugu, eta bitartean eskatzen duguna da badezpadako neurri batzuk kalte handiagoa sor ez dadin».
Gaztetxea «korrika eta presaka» dena eraitsi zutela, eta autoa berandu iritsi zela ekarri du gogora Estonbak. Esan du bazekitela juridikoki oso aukera gutxi zeudela, baina aurrera jarraitzea erabaki zutela: «Garrantzitsua iruditu zitzaigun epaitegian jarrera bat mantentzea. Izugarria izan da gertatutako guztia. Absurdoa da, eraikinik ez badago absurdoa da eraikina babestea, eta logikoena da epaileak ezetz esatea, baina… Duela gutxi jakin genuen obrekin hasi daitezkeela eta badaezpadako neurri horiek bertan behera geratu direla. Orain ikustaldi nagusiaren zain gaude, azaroaren bukaeran izango delakoan gaude».
Gaztetxearekin gertatutakoaren inguruan susmoak dituztela azaldu du:?«Gauza oso ilun bat dago. Baina ezin dugu baieztatu. Abokatuak, promotora, enpresa eraikitzailea eta udala oso lotuta daudela uste dugu. Nola da posible horrelako egoera batean udalak ez esatea ezer? Pauso batzuk eman zirenean badakigu ez ohiko orduetan bilerak izan zirela udaletxean, baina ezin dugu frogatu. Udalean ere bazegoen jendea bezperatik zekiena gaztetxea botako zutela. Errealitatea da ezin dugula frogatu. Frogatu dezakeguna izebergaren punta da besterik ez. Bere lekukotzaren eta lesioen bidez jipoi bat jaso dutela, mehatxatu eta jo ondoren. Inolako eraisketa agindurik gabe sartu ziren. Ez dago, eta oraindik ez dute. Ez dutelako eskatu. Eskatu izan balute Kortxoeneakoen kontra eskatu beharko lukete, eta guk abokatu gisa jakin beharko genuke. Aukera izan dugun guztietan eskatu dugu baimen hori eta ez da azaldu. Eztabaida desbideratu nahi dute beste zerbaitera:?jabetza pribatua dela, ez dela zibilean erabaki behar den zerbait, prebarikazioa dela udalak gaztetxeari laguntzen badio…
Kortxoenearen gaztetxearen alde, hori bera defendatuko dutela adierazi du, horretan oinarrituko dutela euren prozedura: «Ez bada agindurik egon, legez kanpoko kanporatze bat izan da. Pertsona batek 72 ordu baino gehiago modu publikoan ematen baditu okupatzen, eskubidea du modu legal batean kanporatua izateko».
Beste gaztetxeetan gertatutako kasuren batekin konparatu daitekeen galdetuta, berretsi du «oso iluna» dela Kortxoenean gertatutakoa: «Kukutzako kasua, adibidez. Udaletxeak promotora bat babestu zuten eta aurrera egin zuen legearen indarrarekin. Polizia sartu zen bortizki eta nahi duzun guztia, baina prozedura legala errespetatu zuten. Gustatu ala ez gustatu legeak ematen zizkion aukerak erabili zituen udalak. Oso basatiki eta modu desproportzionatuan, baina behintzat egunaren argitan izan zen. Hemen ez zegoen poliziarik ere. Ertzaintzari deitu zioten iskanbila bat sortu zelako. Kaputxadun batzuk sartzen dira barrekin, bertan zeudenak mehatxatu, jipoitu eta kanporatzen dituzte. Eta berehala eraikina bota. Eskandalu bat da».
Estonbak esan du «nahiko konbentzituta» daudela, zati garrantzitsu bat ordaindu beharko dietela, «horregatik goaz horren irmo. Lortuko dugu ziur».
Kortxoenea gaztetxeari buruzko albiste eta erreportaje bilduma