Añorgako emakumeen futbol taldea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskara Zerbitzuak hiriko 18 kirol elkarte nagusien azterketa bat egin du bertako euskararen errealitatea hobeto ezagutzeko. Elkarte horiek 12.000 bazkide eta 6.300 kirolari dituzte, horietatik haur eta gazteak dira gehienak, eta udalak eremu honetan euskararen erabilera sustatzeko estrategia abian jarri du.
Izan ere, jakina da haur eta gazte donostiarren
%96ak euskara ezagutzen badu ere, horietako askok gutxitan erabiltzen dutela eskolaz kanpo. Horregatik, metodologia berri bat jarri dute abian kirol eremuan euskararen erabilera sustatzeko: KEES, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologia.
Añorga Kultura eta Kirol Elkartean garatu dute egitasmo pilotua 2015-2016 denboraldian, Ekin kirol enpresaren bitartez. Hainbat urrats definituz,
hizkuntza ohiturak finkatzeko lagungarri izan nahi du egitasmo honek.
Hiru kirol modalitate lantzen dituzte Añorgan: futbola, saskibaloia eta pilota. Metodologia ia 40 taldetan jarri da abian 10 hilabetez, eta 360 haur eta gazteren hizkuntza ohituretan eragin da.
Haur eta gazteen %75ak beti edo askotan euskaraz egin dio entrenatzaileari, %23ak batzuetan egin dio euskaraz eta %2ak egiten dio gazteleraz bakarrik.
Haur eta gazteen arteko harremana, jokalarien artekoa alegia, %61ak beti edo askotan egiten du euskaraz beraien taldekideekin, % 35ak batzuetan eta %4ak inoiz ez.
Añorgako emaitzak kontuan hartuta, KEES metodologiak euskararen erabilera areagotzen lagundu duela ondorioztatu dute: “Haurrei eta gazteei ez zaie esaten zein hizkuntzatan egin behar duten baina entrenatzailearen hizkuntza ohiturak eta portaerak eragin zuzena du beraien hizkuntza hautuan, entrenatzailea eredu delako”, esan du Miren Azkarate Euskara eta Kultura zinegotziak.
Añorgako emaitzak ikusita, hiriko
beste sei kirol elkarteetako hainbat taldetan garatuko dute KEES metodologia denboraldi honetan: Askatuak saskibaloi taldean, Easo saskibaloi taldean, Fortuna KEn, Donostiako Atletikon, Bera Bera eta Egia eskubaloi taldean.
Diagnostikoaren datuak
Hiriko 18 kirol elkartetan egin duten diagnostikoak nahiko emaitza onak utzi dituela jakinarazi du Euskara Zerbitzuak. Zuzendaritzaren hizkuntza profilari dagokionez, 12 kirol elkarteetan zuzendaritza kideen erdia gutxienez euskal hiztunak dira, 11 kirol elkarteetan idazkaria euskalduna dute eta 6 kirol elkarteek euskara arduradun bat dute.
Hizkuntza paisaiari dagokienez, elkarte gehienek esku orriak, iragarpenak emailak eta eskutitzak elebitan egiten dituzte, 12 elkarteetan telefonoa harrera euskarazkoa da eta web orria elebitan dute 9 elkarteetan.
Bestalde diagnostikoak uzten duen daturik azpimarragarriena entrenatzaile elebidunen kopuru altua da, %75a hain zuzen ere. Dena den, entrenatzailea euskalduna izateak ez du bermatzen entrenamendua euskara izatea, kasu gehienetan ez baitute hizkuntzaren erabilera zehazten duen irizpiderik.
Errealitate horri buelta emateko sortu dute KEES metodologia. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute
diagnostiko osoa udaletxean; 19:00etan, udalbatza aretoan.