Sei urte egin ditu dagoeneko Eneko Sierrak Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko kide gisa; diruzaintzan dituen azken konpromisoak bete ostean, kluba uztea erabaki du.

Eneko Sierra. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Oso ezaguna da Añorgan Eneko Sierra (Ibaeta, 1982). Auzoan arazoren bat egonez gero, askok jo dute beregana azken urteetan, laguntza eskatzeko. Hasieran pasioz aritu zen lanean, baina hainbat kontu tarteko, nekatua dagoela dio, eta klubari agur esatea erabaki du.
Xabier Altunaren bidez iritsi zinen elkartera. Nola oroitzen duzu hasiera hura?
Xabier Altunak hartu behar zuen berriro presidente postua. Zuzendaritza eratzen ari ziren, eta pentsatzen ari ziren kulturaren ardura zeinek izan zezakeen. Nire izena eman zioten, eta bilera bat egin genuen. Hasieran ez nion erantzunik eman, baina segituan erantzun nion baietz, gogoa nuelako auzoan kultur arloan gauzak egiteko. Gainera, banuen babesa inguruan: Beñat Gaztelumendi, Kepa Matxain, Irati Galatas… orduan, bazegoen nondik tira.
Bi urte egin zenituen Kultur arduradun postuan, gustura egon zinen?
Uste dut bi urte horiek oso oparoak izan zirela. Egitura sortu genuen, bertso eskola, antzerki tailerra, Obabako Testiguak literatur taldea, Jolas Etxeako liburutegia… dezente mugitu ginen, eta zarata sortu genuen.
Zertarako balio izan zizun?
Asko ikasi nuen, eta Añorgarekiko harremana sendotzeko balio izan dit. Ni berez Ibaetan jaioa naiz, Amassorrain ikastolan ikasi dut betidanik, baina Añorga Txikira bizitzera 11 urterekin etorri nintzen. Ikastolako lagunak Añorgakoak ziren, baina gero harremana galdu nuen auzoarekin, eta ez nintzen urteetan jaietan ere azaldu. Kultur ardura hartu aurretik, banuen harreman gehiago auzoarekin, baina gazteagoa nintzen garaietatik ez nuen klubarekiko oso kontzeptu ona.
Ardura hartzean, konturatu nintzen zein funtzio zuen benetan elkarteak, zein garrantzia duen eragileekin harremanak izateak auzoko proiektu bat aurrera ateratzeko. Añorgarik gabe kluba ez da ezer, Gazte Asanblada ez da ezer Añorgarik gabe, eta elkarren laguntzarik gabe ere ez gara ezer.
Ondoren jauzia eman, eta presidente izatera ere igaro zinen.
Bai, Xabier Altunak postua utzi zuen bi urte egin ostean, eta niri egin zidan proposamena. Hasieran ezezkoa eman nion, baina azkenean, baiezkoa eman nuen, eta bi urte egin nituen postuan.
Lehenengo urtean, aurretik zeuden arduradun gehienei jarraipena eman zitzaien, aldaketaren batekin. Beraz, egiten zena begiratzen aritu nintzen, eta hobekuntzak bilatzen. Futboleko arduradun batekin arazoak izan genituen, eta oso gogorra izan zen. Azkenean, futbola da klubean jende gehien mugitzen duen atala, eta urte zoro xamarra izan zen. Horrek nire figura ikaragarri erre zuen, eta presidente postua utzi nahi izan nuen, baina ez zidaten utzi, eta beste urtebetez jarraitu nuen.
Ondoren, Agurtzane Manterola jarri zenuten presidente gisa.
Hori da. Presidente bezala bi urte egin nituen, eta dimititu nuenean, Agurtzanek hartu zuen postua. Batzar oso jendetsua izan zen.
Gerora, beste bi urtez jarraitu dut Kultur arduradun gisa, baina ez da gauza bera izan. Azken bi urtetan, Kulturan jarri dudan indarrak ez dauka zer ikusirik lehenengo bi urteetan egin nuenarekin. Gogoz kontra ez dut egin, baina utzikerian erori naiz. Lan karga handia izan da, eta eskerrak inguruan beste lagun batzuek lanean jarraitu duten.
Lehenengo lau urte horietan, Xabier eta biok presidente izan ginen epean, garrantzia eman genion auzoko eragileekin elkarlana sustatzeari, eta horrek fruituak eman zituen. Eragile guztien aldetik interesa egon zen, eta elkarlana bultzatuta Añorgan gauza asko egin ditugu, arlo guztietan, eta hori goraipatuko nuke. Daramatzadan sei urtean konturatu naiz hor aldaketa bat ematea lortu dugula;?orain, elkartea ez da irla bat, erretiratuen elkartea ez da irla bat, eta gazte asanblada ez da irla bat. Zubiak daude guztien artean, kolaborazio maila oso handia da gauza askotarako, eta elkarren arteko errespetua dugu. Ezinbestekoa zen harmonia batean sartzea, eta momentu honetan lanean ari garen elkarteak eskutik elkarrekin goaz.
Gogoan dut, futbol zelaiko harmailak berritzeko auzolanean, 20 lagun baino gehiago elkartu ginela, eta oso oroitzapen polita dut. Badakit gure jarduera batzuk beste leku batzuetan eredugarriak izan direla. Kontua da, gutxi garela, eta bi eta hiru lekutan lanean ari garen lagun asko gaudela. Militantziari neurria jarri behar zaiola uste dut; Añorgarengan pentsatu behar dugu, baina ezin diogu gure aisialdi osoa eskaini; eta autokritika bezala esaten dut. Ez dut uste ona denik gizartera esportatzea lau pertsona nahikoa direla dena mugitzeko.
Aurrera begira zein behar ikusten duzu?
Uste dut Igeldon bezala herri kontseilu bat sortu beharko genukeela, Añorga, Añorga Txiki eta Errekalderen artean. Horretarako gogoa jarri behar da, eta lan handia, eta ez gaude prest lan horiek hartzeko. Hala ere, tendentzia hori izan behar dela uste dut, bakoitzak bere lana egitea, baina elkarte batean edo kontseilu batean sendotzea.
Elkartea guztiz uztea erabaki duzu, eta inork ez du Kulturako ardura hartuko, ezta?
Kontua da, zuzenean ez zaigula inor etorri Kultur postuarekin interesatua, eta niri bururatzen zaizkidanak oso lanpetuak daude. Ikusarazi behar dugu lan handia dagoela atzean, eta auzoan gauzak izateko, lan egin behar dela. Ikusarazteko onena litzateke, auzoan ezer ez egotea, eta orduan jendea konturatzea zein behar dagoen. Elkarteak baditu tradizioz urteetan zehar antolatu dituen hainbat kontu, eta horiek jarraituko dute: Olentzeroa, Errege Magoaen kabalgata, jaiak… baina ez dira gauza berriak egingo. Onena litzateke kultur programazioa auzolanean kaleratzea, baina ezinbestekoa da Kultura arduradun bat egotea.
Elkartearekin ditudan konpromisoak beteko ditut diruzaintzan, eta urtebetera inor agertzen ez bada ere, utzi egingo dut. Gustatzen zaidan arren, uste dut komeni zaidala argazkietatik kanpo egotea.