Lander Arbelaitzek (Erdialdea, 1985) eta Joseba Alvarezek (Parte Zaharra, 1959) hitzaldi bana eman dute jardunaldien barruan: euskalgintzaren diskurtso eta paradigma berriak aztertu dituzte.

Lander Arbelaitz. (Argazkia: Lide Ferreira)
Egun, zein unetan dago euskalgintza?
Fase berri batean gaude. Egun, 50 urtetik gora dituen jendeak ezagutu zuen euskara batuaren sorrera, ikastolen mugimenduen indartzea, D eredua, euskara zerbitzuak, ETBren sorrera, Euskal Herrian Euskaraz… Baina 30 urte edo gazteagoak direnak horrekin guztiarekin jaio dira.
Beraz, diskurtsoak aldatzea ezinbestekoa da, ezta?
Bai, beharrezkoa da beste kode batzuekin gauzak planteatzea. Kike Amonarrizi egin nion erreportaje batean esan zidan pauso kualitatibo batzuk eman behar direla, jendearen motibazioak atzera egin ez dezan. Oraintxe, une horretan gaude, eta datozen bi hamarkadak erabakigarriak izango dira: Irlandako eredura jo dezakegu edo Europako hizkuntza minorizatuen bidea hartu.
Beraz, euskalgintzak berrasmatu behar du bere burua. Batzuetan, diskurtso berri bat eskatzen da, baina, beharbada, diskurtso berriak –pluralean– behar dira, eta horren baitan jendea eroso sentitzea.
Nola heldu gara egungo egoerara?
Azkenaldian nabaritu da euskalgintzan nahasi garela, bidea galdu dugula. Zergatik? Kalte egin diguten ideia batzuk sartu dizkigutelako buruan: esaterako, euskarak erakarri behar du, euskara ez politizatu, Pixka bat es mucho, ez nahastu euskara beste borrokekin…
Gainera, gehitzen badizkiogu umeari euskara hizkuntza zaharraren iraupena zure motxilan duzu. Orain, segi kalera! bezalako esaldiak, izugarrizko zama jartzen diogu, eta ingurunea ez da euskaraz bizitzeko aproposa.
Bestalde, astakeria asko entzun behar izan ditugu: nahiz eta euskara ez jakin, administrazioan lan egin daiteke. Orduan, euskara eskatzea diskriminazioa da askorentzat. Horren aurrean, batzuetan, argumentu gabe geratzen gara. Azkenean, guk hartu dugu zama, eta herri euskaldunean ere erdaldun elebakarrak ez ditu zalantzan jartzen bere pribilegioak. Oso lasai bizi da.
Zer da gertatzen zaiguna?
Bidea galdu dugunez, egoera deserosoak sortzen dira oso erraz. Adibidez, 40 pertsonako bilera batean norbaitek no entiendo esaten badu, besteak urduri jartzen gara. Diskurtsoak falta zaizkigu eta talkari beldurra diogu, baina talkarik gabe ezin dira gaiak mahai gainean jarri, eta norbaitek ez badu zapalkuntza bat ikusten, denboran luzatzen ari da.
Zer hartu behar dugu kontuan horri aurre egiteko?
Arazoa politikoa da, argi eta garbi. Aspaldiko diskurtsoek ere halaxe esaten dute. Hortaz, injustizia sozial bati buruz ari garela argi dago.
Horregatik, oso garrantzitsua da memoria izatea. Harrituta nago zenbat milioi ordu eskaintzen dizkioten euskararen jatorriari, eta, gero, historia liburuetan ez da jasotzen nola zapaldu zituzten herritarrak euskararengatik. Hemen, egoera latzak bizi izan ditugu: isunak, kolpeak, euskaraz egiteagatik lurra mihazkatuarazi digute… Gertatutako hori guztia ez dagoenez gizarteratua, norbaitek euskara inposatzen ari zarela esaten badizu, zaila da erantzun bat ematea.
Halere, azkenaldian, diskurtsoa(k) aldatu d(ir)a, ezta?
Halaxe da. Diskurtso eraldatzaileago, feministago eta askatzaileago baten aurrean gaude, euskara lehen lerroan kokatzen duena.
Euskaraz hitz egiten dugunean aske sentitzen gara. Oso erraz lotu liteke Euskal Herriko independentismoarekin. Euskara bultzatzeak ondorio hauetara dakar jendea. Baina independentzia ez da helburua, tresna baizik. Horregatik, ezin da independentziaren izenean euskararen borroka zapaldu. Feminismotik, euskaratik bidea egiten jarraitu behar dugu.
Feminismoa eredutzat hartu dezakegu?
Feminismotik asko dugu ikasteko. Eraso sexistei aurre egiteko tresnak ematen ditu feminismoak. Esaterako, sare sozialetan, ez da inor beraiekin sartzen ausartzen, zerbait esanez gero, baliabideak dituztelako erantzuteko.
Bada, euskalgintzak ere tresnak eman behar ditu euskaraz bizitzen jarraitu ahal izateko. Orain, ez dauzkagu tresnak erantzunak aldez aurretik prestatzeko. Eta, inondik inora, ezin da onartu euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duen jende hori erakundeetatik oraindik eta gehiago zamatzea, erakargarria izan behar da, eta ez duzue lortzen bezalako esaldiekin.
Zein da jarraitu beharreko bidea?
Talkak bistarazten eta kudeatzen jakin behar dugu. Baina talkak ere guk bilatu behar ditugu, bestela ez dago pedagogiarik. Hor dugu erronketako bat.
Bestalde, erabiltzen duten diskurtsoa hegemonikoa eta zapaltzailea da. Beraz, hori txikitu behar dugu. Euskara ez da inposatu, inposatu direnak hizkuntza handi batzuk dira.
Gainera, oso garrantzitsua da euskara kolektibizatzea eta erabilerari indarra ematea. Batzuetan, euskara aurkeztu da norbanako gisa, baina esperientzia pertsonalak kolektibizatu behar dira, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugu bezala.