Kortxoenea eraitsi zutela urtebete
Gaurko egunez duela urtebete indarrez hustu eta bota egin zuten Groseko Kortxoenea gaztetxea. Atea hautsita, aurpegiak estalita eta metalezko zilindroak eskuan eraikinean sartu ziren dozena bat pertsona. Gaztetxe barruan erresistentzia txandan zeuden gazteak bortizki kanporatu zituztela salatu zuten. Huste “ilegal eta bortitza” izan zela azaldu zuten. Kortxoeneako hiru kidek teilatura igotzea lortu zuten, eta irrati bidez zuzenean salatu zuten bortizki botatzen hasi zirela.
Atetik sartu ziren unea kontatu zuen gaztetxeko kide batek, Ioritz Berrak. “Oso azkarra izan da dena. ni izan naiz lehena esnatzen, makina bat entzun dudalako. Ostikoka eta bultzaka atera gaituzte, ez digute deus ere hartzen gaztetxetik. Bat-batean 50 langile agertu dira, eta zuzenean eraikina botatzen hasi dira”. Gaztetxea ondo ezagutzen zuenez, berak eta beste bi kidek atzekaldetik teilatura igotzea lortu zuten. Ertzaintzak identifikatu egin zituen eta jaitsiarazi egin zituen. Bi hilabete lehenago ere gaztetxea husten saiatu zirenetik erresistentzia txandak antolatu zituen asanbladak, eta kultur egitarau oparoa egin zuten. Bi hilabeteko erresistentzia dinamika iruditan bildu zuen IRUTXULOKO HITZAk.
Behin eraikina hustuta, hondeamakinarekin kortxo fabrika izandako eraikina botatzen hasi ziren. Kortxoenea ez eraisteko protestak gaztetxe paretik hirira zabaldu ziren. Hainbat gazte Ategorrieta etorbidean eserialdi baketsua egin zuten, autoen zirkulazioa eteteko. Ertzainak bertaratu ziren, eta bidetik kendu zituzten gazteak, bortizkeriaz. Gutxienez bi lagun atxilotu zituzten eta hainbat zauritu izan ziren.
Gaur, Katalunia plazan
Gaur, osteguna, urtemugaren egunean, Groseko Katalunia plazan hainbat jarduera egingo dituzte arratsaldez. Gaztetxean biltzen ziren hainbat kolektibok parte hartuko dute, tartean Urban 13 taldeak. Break tailer bat egingo dute, rapaz gozatzeko aukera izango da eta kantautore bat ere ariko da zuzenean. «Ez dugu eraikinik, baina kalea badugu. Kortxoenean egiten ziren gauza horiek guztiak erakutsiko ditugu, aldarrikapen gisa».
Kortxoenearen eraisketatik urtebete igaroko dela eta, ohar bat idatzi dute gaztetxeko kideek: Efemerideak. Egungo egoera azaltzeaz gain, Donostiako Udal Gobernuak afera honetan izandako esku hartzearen inguruko informazioa zabaldu dute.
Kortxoenea gaztetxearen aldeko mobilizazioen bideo bilduma:
Prozesu judiziala
Kortxoenea gaztetxea bota zutenetik urtebete igaro denean Laia abokatuak-eko Aritz Estonbarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, auziak epaitegian jarraitzen baitu egun. Ikustaldi nagusiaren zain daude, hilaren amaieran izango delakoan daude.
Bost urteko ibilbidea
2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Kortxoenea. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, hainbat urtez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe. Bosgarren urtemugaren harira ‘Irautea sortzea delako’ dokumentala egin zuten.