Izarne Zelaia, bertsolaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Izarne Zelaia Arratibel (Egia, 1984) bertsolaria da. Txikitatik izan da bertsozalea, eta gertutik bizi izan du bertsoa. Bagera elkartearekin elkarlanean, helduentzako bertso ikastaro bat emango du.
Aspalditik zara bertsozalea?
Aita bertsolaria da eta nahiko txikitatik daukat bertsotarako zaletasuna. Gaztetxoa nintzela aitari esan nion bertso eskolan hasi nahi nuela; berarekin egiten nuen etxean baina ez genuen fundamentu asko.
Noiz hasi zinen bertso eskolan?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan nengoenean bertso eskola ematen genuen; Amaia Agirre izan zen nire lehen irakaslea. Ondoren eskolan taldea atera ez zela eta, Hernaniko bertso eskolan hasi nintzen. 16 urte ingururekin Gipuzkoako eskolarteko bertso txapelketetan parte hartu nuen. Eta gerora gazte lehiaketa batzuetan ere hartu dut parte.
Eta zer moduz?
Beti izaten nuen oholtzara igo eta zurian geratzeko beldurra, eta gogoan dut behin Gipuzkoako eskolarteko saio batean hori gertatu zitzaidala. Urduri egoten nintzen eta bertso eskolan ere oso zorrotza nintzen neure buruarekin. Unibertsitatera joateko ordua iritsi zenean bertsoa pixka bat alboratu egin nuen. Une horretan beste lehentasun batzuk nituen eta gainera ez nuen bertsotarako talde finkorik. Bertsotan jarraitu ahal izateko garrantzitsua da lagun talde bat.
Nahita hartutako erabakia izan zen?
Ez, oharkabean gertatu zen. Gero eta gutxiago joaten nintzen bertso eskolara eta, beraz, gero eta segurtasun gutxiago nuen.
Dena den, orain berriro zabiltza bertso munduan.
Unibertsitateko ikasketak bukatu ostean Hernaniko bertso eskolara bueltatzea zen nire esperantza; baina pentsatu nuen dagoeneko han ez nuela tokirik. Batzuk ni baino dezente gazteagoak ziren; eta, besteak, aurretik nire taldean egondakoak, maila oso altua zuten dagoeneko. Ez nuen jakin beraiengana joan eta toki bat egingo ote zidaten galdetzen. Nolabait esatearren, aldez aurretik nire burua baztertu nuen. Hala ere, gero Egian, Igeldon, Usurbilen eta Añorgan ibili nintzen bertso eskolan. Pello Basurtok badaki zerbait horretaz. Zenbat bidaia egingo genuen bertso eskola batetik bestera!
Zerk bultzatu zintuen bertsotan jarraitzera?
Gogoan dut bertso egun batean generoaren gaia landu zutela eta Non dago Wally? izeneko bideo bat eman zuten. Eskolarteko txapelketetako datuak agertzen ziren bertan, eta argi ikusten zen eskolarteko txapelketetan neska askok parte hartu arren, gero desagertu egiten zirela. Orduan konturatu nintzen ni ere horietako bat nintzela. Hori bultzada bat izan zen, nahiz eta, betidanik eduki nuen Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko grina. Konturatu nintzen bertsolaritzatik urruntzeko faktore asko ez zirela pertsonalak izan. Azkenean, neska gazte askori gertatzen zaiena gertatu zitzaidan.
Eta parte hartu zenuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.
Bertso egun haren osteko sagardotegi batean Unai eta Beñat Gaztelumendiri galdetu nien ea txapelketarako prestatzen lagunduko ote ninduten, eta baietz esan zidaten. Gero Unaik esan zidan Donostia eta inguruko bertsolari batzuk Dokan elkartzen hasiko zirela txapelketa prestatzeko eta bertara joaten hasi nintzen.
Nolako esperientzia izan zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa?
Esperientzia gazi gozoa. Urtetan pilatutako beldurrei aurre egitea zen erronka; publikoaren aurrean jartzea. Baina egia da behin txapelketan zaudela ez dela erraza puntuazioari kasurik ez egitea; puntuazioak zuregan ez eragitea. Urduritasunarekin ere nahiko gaizki pasatu nuen, baina asko ikasteko ere balio izan zidan; eta ikasten jarraitzeko bideak ireki dizkit.
Orain bertso saio asko egiten dituzu?
Asko ez, baina batzuk izaten ditut. Aste Nagusi piratan saio pare bat, Irungo Kabigorrin, Amara Berriko jaietan… Bestalde, aurten Testurak izeneko egitasmo bat jarri dugu abian. Egitasmoaren helburua Euskal Herriko Emakumeen Etxeak ezagutaraztea da. Bertsolariak eta gai jartzaileak, denak izaten gara emakumeak, eta oso bizipen positiboa izaten ari da, orokorrean ez dugulako aukera handirik izaten gure artean kantatzeko. Gaiak jartzerakoan, euskal idazle emakumeen testuak hartzen dituzte abiapuntu gisa.
Bagera elkartearen bitartez bertso eskolak emango dituzu. Aurrez ere ibili zara irakasle bezala?
Oso gaztetxoa nintzela Zurriolako ikastolan eman nituen klaseak, baina helduei bertso eskola ematen iaz izan nuen lehen esperientzia. Bertsozale elkartetik deitu ninduten ea talde bat hartuko nuen galdetzeko, eta baietz erantzun nien.
Nolako esperientzia izan zen?
Sei pertsonako talde txiki bat osatu genuen eta benetan esperientzia polita izan zen. Irakasle gisa joaten nintzen, baina ikasleek egiten zizkidaten galderetatik ikaragarri ikasi nuen. Polita da bertsoaren tripak erakustea. Batzuek uste dute magia egiten dutela bertsolariek, baina atzean dagoen teknika erakusten diezunean nolabait begiak irekitzen dizkiezula dirudi.
Hasi berriak ziren?
Sei pertsona soilik izan arren maila ezberdinetako jendea zegoen. Ikasle batek euskara ez zuen guztiz menperatzen eta nerbioak kudeatzen ere nahiko lan genuen. Niri gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zitzaien, baina beste esparru batean. Azkenean, urduritasunari ere barre egiten ikasten duzu. Dena den, oso ondo pasatzen genuen, batzuek uste dute bertso eskolak aspergarriak direla, baina ez da egia. Oso gauza praktikoak egiten ditugu, funtsean hitzarekin jolastea da helburua.
Nola animatuko zenuke jendea Bagera Elkarteak antolatutako bertso eskolara?
Bagera Elkarteak antolatutako bertso eskola irekia da, jakin mina daukan edonorentzat dago irekita: parrandan bertsotan aritzen direnak, jakin mina dutenak edo soilik hitzarekin jolas egin nahi dutenak. Ondo pasatzea da helburu nagusia. Aurten ez da talderik atera Lugaritzen eta, beraz, Bagera elkartearen bidez ahalegindu gara; Bagerak eman dizkigu tresnak eta tokia. Jendea animatu nahi nuke giro polita sortzen delako eta ondo pasatzen dugulako.
Bertso eskola hizkuntza lantzeko tresna izan daitekeela aipatu duzu lehen.
Hizkuntza bat erabiltzeko motibazio bat behar duzu, lanerako jakin behar izatetik harago. Hizkuntzarekin gozatzen baduzu askoz hobe; eta zentzu horretan bertso eskola oso interesgarria da euskara hobetu nahi duten guztientzat.
Bertso eskolako irakasle izateaz gain, bertso eskolako ikaslea ere bazara.
Une honetan Añorga eta Hernaniko bertso eskoletara joaten naiz. Batzuetan Antiguako gaztetxera ere bai, lehen aipatu dudan bezala txapelketaren harira taldetxo bat sortu genuen. Añorgan lortu dugu lagun arteko talde egonkor bat eta horrek balio handia du niretzat.Hernanira buelta urduritasunarekin hasi dudan arren, pozik nago.
Bertsolaritzan aritzeaz gain euskalgintzan ere bazabiltza.
Urteak dira Egian euskalgintzan interesa zuen taldetxo bat elkartzen hasi ginela. Bi urtetik behin, auzoan euskararen presentzia bermatu eta Korrikaren hutsunea betetzeko, Egian Euskaraz Eguna antolatzen hasi ginen. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa izan da antolatu dugun azkena. Orain, lana dela eta Astigarragan nago eta han ere antzeko egitasmo bat jarriko dugu abian
Aurrerantzean bertsotan eta euskalgintzan jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, euskalgintzak beti motibatu nau eta bertsotan aritzeak ere bai. Hurrengo erronka Gipuzkoako herri arteko txapelketa izango da: Añorgatik taldetxo bat atera nahi dugu. Bertsoarekin gero eta gehiago gozatzeko bide bat aurkitu nahi nuke, plazetan batez ere. Izan ere, Bertso eskolan eta lagun artean orain ere asko gozatzen eta ikasten dut eta horrela jarraitu nahi nuke.
Helduentzako bertso eskola, Bagera Elkartean
“Nola egiten da bertso bat? Zein da teknika? Ikasi ote daiteke lagun batentzako zorion agurrerako bertso bat egiten? Eta bat-batean kantatzen?”. Galdera hauei eta gehiagori erantzuteko helduentzako bertso eskola ikastaroa antolatu du Bagera elkarteak.
Bertso ikastaroa azaroaren 7tik maiatzaren 29ra izango da Bagera elkartearen egoitzan; astelehenetan 18:30etik 19:30era.
Ikastaroaren helburua denok barruan dugun “bertsolari txikiari edo handiari” forma ematea eta oinarrizko teknikak ikasteko aukera ematea direla azaldu dute.
Izarne Zelaia Arratibel bertsolari donostiarra izango da irakaslea. Izena emateko bagera@bagera.eus helbidera idatzi edo 943005074 telefono zenbakira deitu.