Arrokako frontoiaren aldeko sinadurak biltzen hasi dira
Amara Bai auzo elkarteak deituta, bizilagunak Arroka kaleko frontoian bildu dira gaur prentsaurreko bat emateko. San Bartolome hirigintza planaren inguruan duten kezka eta desadostasuna azaldu dute, eta Arroka kaleko frontoiaren alde agertu dira. Jada Amarako frontoiaren aldeko sinadurak biltzen hasi dira.
Arroka kaleko frontoia auzoaren bizitzan ezinbestekoa kirol eta kultur eremua dela defendatu dute: “Espazio honen balio historiko eta kulturala izugarria da. Amararen jatorria hemen dago. Donostiako monumentu historiko kultural bat da”.
Auzoko hainbat belaunaldirentzat espazio garrantzitsua izan dela nabarmendu dute: “Eraiki zutenetik hainbat bizilagunek erabili dute, eta beraz ez du zentzurik frontoia eraistea. Hemen jendea biltzen da eta jolasteko espazio bat ere bada. Ez da bakarrik pilotan jokatzeko frontoi bat, askoz gehiago da”.
Azpimarratu dute hirigintza proiektuan ez zela aurreikusten frontoia botatzea, eta ustekabean eman den aldaketa erabat zentzugabea eta ilegala dela uste dute.
Donostia kultur hiriburu den urte honetan, Donostia 2016ri eskatu diote frontoia babesteko, Amarako kultur bizitzarako espazio garantzitsua delako.
Gainera, frontoia Arroka kaleko bizilagunentzako babes horma bat dela azaldu dute: “Frontoi honen atzealdetik pasako den errepide berrian auto eta autobus asko pasako dira, eta frontoiak babestu egingo gaitu”. Horrez gain, umeentzako eremu segurua dela nabarmendu dute.
Udaleko ordezkariekin mahaingurua
Astelehenean, azaroaren 21ean, mahainguru bat egingo dute Amara kalean, eta udalean dauden alderdi politikoek parte hartzea nahi dute. Irabazi Donostiak eta EH Bilduk jada baiezkoa eman dute.
Pilota partida igandean
Igandean, hilaren 20an, frontoiaren aldeko eskuz binakako “partida mundiala” jokatuko dute. Patri Espinar eta Eneritz Arrieta ariko dira 11:00etan. Eta ondoren, 12:00etan, Juantxo Koka eta Julen Chiapuso, Iker Urmeneta eta Xabier Ortiz de Urbinaren kontra.
