Auzotarrek erabakiko dute Iztuetako zubibidearekin zer egin
Egia eta Gros auzoen artean dagoen Iztuetako zubibidea nahiko hondatuta dago, eta Donostiako Udalak zer egin erabaki beharra dauka. Adifen burdinbidea igarotzeko sortu zuten zubibidea da Iztuetakoa.
Bi aukera dituzte mahai gainean: zubibidea konpondu edo zubibidea kendu, errepidearen maila jaitsi eta trafikoa bideratu.
Lehen aukera egiteko, 1,5 milioiko aurrekontua du udalak.
Bigarrena, berriz, garestiagoa da, 5 bat milioiko aurrekontua kalkulatu dute, baina ingurua birmoldatzeko aukera emango lukeela uste dute.
Bi proiektuak auzotarrei aurkeztuko dizkio udalak. Horretarako parte hartze prozesu bat jarri du abian Partaidetza sailak. Gaur eta bihar 2.000 eskuorritik gora banatuko dituzte Frantziako pasealekuko, Mirakruz kaleko, Zuhaizti plazako eta Aldakonea kaleko bizilagunen artean.
Hortaz gain, datozen asteetan erakusketa txiki bat jarriko dute Zuhaizti kiroldegiko sarreran, bi proiektuen planoak, eta argibideak zehaztuz.
Eta amaitzeko bi bilera egingo dituzte. Bata azaroaren 28an aldaketak gehien eragingo liekeen erakundeetako ordezkariekin, epaitegia, auzoko ikastetxeak eta kiroldegia, esaterako. Eta bigarrena, azaroaren 29an, herritar ororentzako bilera irekia egingo dute Zuhaizti ikastetxean.
Informazio guztia eskura izanda, herritarren kezka, zalantza, ideia edo proposamen guztiak jaso nahi ditu udalak, eta horien arabera erabaki bat hartu.