Azaroak 26ko mobilizazioaren helburua bide orria babestea, erraustegiaren lizitazioak gelditzeko eskatzea eta adostasun bat aldarrikatzea izango da
GuraSOSeko kideak manifestazioaren aurkezpenean. (Argazkia: Miren Azkarate)
GuraSOSek hondakinen aferari irtenbidea emateko bide orri bat aurkeztu du, “hondakinen arazoa konpondu eta gai hau liskarraren eremutik ateratzeko”, azaldu dute plataformako kideek.
Honez gain, azaroaren 26an Donostian egingo duten manifestaziora joateko deia egin diote eskal gizarteari.
Joxe Mari Izetak (GuraSOSen lehendakaria) egoeraren diagnostiko bat egin du. Bere ustez, arazoaren irtenbideak partekatua izan beharko luke, “eskarmentuak erakutsi digu gehiengo politikoak eta irtenbide alderdikoiak alferrikakoak direla, baldin eta gizartea zatitzen badute”. Ondorioz, herritarren partaidetza aktiboa ezinbestekotzat jo du.
Bestetik, arazoa gehiegi politizatu izanak gizartea urruntzea ekarri duela, propagandak informazioa ordekatu duela eta konfiantza berreskuratzeko gizarteratze berri bat beharrezkoa dela adierazi du Izetak. “Beharrezkoa da gizarteratze berri bat eta aditu eta teknikarien protagonismoa berreskuratzea egoera honi buelta emateko”.
Diagnostikoarekin amaitzeko, GuraSOSeko lehendakariak segurtasun juridikoa eta egoera legeztatzea aldarrikatu du, “planaren azken berriskupena 2008an egin zen, beranduenez 2014an berrikusi behar zen eta oraindik ez da egin”. Egoeraren ilegaltasuna azpimarratu du.
Joseba Belaustegiren esku egon da zortzi puntu dituen bide orria aurkeztea:
- Azpiegituren lizitazioa geldiaraztea.
- Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikustea.
- Gizarteratzea.
- Informazioa eta gardentasuna
- Partaidetza bidezko hausnartze prozesua.
- Osasunaren babesa eta gizarte kohesioa
- Hobeto egokitzea gaiari buruz europatik datozen politikak.
- Akordio eta irtenbide partekatua.
Horregatik guztiagatik, Mari Karmen Gilek, GuraSOSeko kideak, azaroaren 26an manifestaziora joateko deia luzatu du. “GIPUZKOA+: Eman bidea osasuna eta adostasunari” lelopean, 17:00etan Amarako parketik aterako da eta amaiera Alderdi Ederren izango du. Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute, ez dela erraustegiaren aurkako mobilizazio bat, baizik eta irtenbide partekatu baten aldekoa.