Erotismoa zabaldu nahi dute Donostian DSSirez egitasmoarekin. Kultur Hiriburutzaren barruan kokatzen da, eta hainbat jarduera egin dituzte ligatzeko moduak landu eta erotismoa bultzatzeko.

Nerea Sancho eta Ibai Fresnedo. (Argazkia: Malen Aldalur)
Desira, erotismoa, sexua, maitasuna, guztiak lantzen ditu DSSirez proiektuak. Erotismoari behar den garrantzia emateko asmoz sortu zuten proiektua Nerea Sancho sexologoak eta Arremanitz kooperatibako kideek. Egitasmoaren oinarrian, berriz, sexualitatea dago. Arremanitz da egitasmoaren motorra, kooperatiba honek tratu onen inguruan egiten du lan. Fresnedok azaldu du “ikuspegi feminista duela eta balioetan hezten” dutela. Dena den, Nerea Sanchorekin batera egiten dute lan; sexu aholkularitzan, hezkuntzan eta beste zenbait kontutan ibili izan da Sancho. Donostian erotismoa lantzea beharrezkoa iruditu zitzaien eta egitasmoa aurrera ateratzeko lan taldea osatu zuten.
Nola sortu da DSSirez proiektua?
Nerea Sancho (N.S.): Urte osoan egiten dugu lan sexologian eta tratu onetan. Iruditu zitzaigun 2016a Donostian urte berezi bat izango zenez, erotismoak leku bat izan beharko lukeela. Erotismoa normalean balio pertsonal bat bezala hartzen da, baina oso definitua dago kulturalki; ez da gauza bera emakumea izan hemen edo Iranen, ez da gauza bera gizona izan hemen edo Ipar Korean. Zentzu horretan esaten dugu erotismoa kulturala dela. Proiektuaren helburua jendearen bizi kalitatea hobetzea eta jendea zoriontsuagoa izatea da. Bereziki helduengan jarri dugu arreta, izan ere, askotan sexualitatea gazteekin bakarrik lantzen dugu, eta badirudi gazteen kontua soilik dela, eta hori ez da egia. Egunerokoan ikusten dira gizon eta emakume helduek dituzten arazoak; banandu egin direlako, alargun gelditu direlako, lan asko dutelako… erronka handiak dituzte.
Zer eskaintzen die DSSirez egitasmoak?
N.S.: Guk espazio bat eskaintzen diegu, jolaserako, elkar ezagutzeko, harremanak berpizteko. Nolabait testuinguru bat sortzen dugu. Egunerokoan gure lanean ikuspegi kliniko batetik begiratzen dugu, baina egitasmo honen helburua ludikotasun kutsu bat ematea da. Egin genitzakeen gauza pilo bat bururatu zitzaizkigun, eta horietatik batzuk aukeratu ditugu.
Zeintzuk aukeratu zenituzten?
Ibai Fresnedo (I.F.): Gaia lantzeko formatu konpaktu bat atera genuen, nire ustez behintzat kalitatezkoa. Gure hartzaile gehienak helduak dira, 35 urte eta 60 urte bitartekoak. Dena den, gure asmoa hartzaile horien dimentsioan sartzen diren beste pertsonak ere barne hartzea da; hor haurrak ere sartzen dira. Hori dela eta, jarduera batzuk haurrekin egin genituen.
Zein jarduera nabarmenduko zenukete?
I.F.: Niretzat jarduerarik garrantzitsuenak Donostiako auzo eta herri ezberdinetan egin ditugun Fleur Play ikastaroak dira. Ikastaro hauek hainbat helburu dituzte:?ligatzearen inguruan hitz egitea, helduok daukagun bizitza erotikoa beste profil edo bizipen batzuk dituztenekin partekatzea eta ligatze jatorraren dekalogoa sortzen laguntzea.
Karabana bat hartuta joan zarete auzoz auzo.
N.S.: Igeldon, Egian, Grosen, Amaran, Aieten, Anoetan, Loiolan, Intxaurrondon, Bidebietan, Altzan, Zubietan, Antiguan eta Ibaetan egon gara. Jendea bere egunerokoan harrapatzea zen asmoa. Normalean, jarduera bat zentroan antolatzen duzunean jendea bertara joatea espero duzu, guk alderantzizko estrategia erabiltzea erabaki genuen; hau da, geu gerturatzea jendearengana. Izan ere, asko aldatzen da errealitatea auzo batetik bestera. Gure helburua deszentralizatzea da; auzo bakoitzak bere nortasuna dauka.
I.F.: Auzoetan ere kultura ezberdinak daude. Gai hauetan dugun eskarmentuagatik badakigu gaia eta parte hartzea ez doazela eskutik helduta. Dena den, hauek ziren gure helburuak; alde batetik, ludikoa izatea; eta, bestetik, gure bizitzetan ardatz izan beharko lukeen gai bat plazaratzea.
Fleur Pay ikastaroa eta beste hainbat jarduera egin dituzue auzoz auzo.
N.S.: Auzo bakoitzean hainbat jarduera antolatu ditugu, esaterako, aurrez aipatu dugun Fleur Play ikastaroa edo haurrentzako eta gurasoentzako jarduerak. Azken jarduera honetan haurrek marrazkiak egin zituzten euren guraso edo zaintzaileen aurrean, eta helburua zen haurrek marrazkien bitartez euren gurasoen harremana nola irudikatzen zuten ikustea. Bestalde, Desioen Putzua deitu dugun jarduera bat ere egin dugu; bizilagunek euren desirak idatzi dituzte eta, bukatzeko, ogitarteko erotikoa. Ogitartekoarena funtsean aitzakia bat da konpainiaz disfrutatzeko eta norbait afaltzera gonbidatu ahal izateko.
Noiztik zabiltzate auzoz auzo?
N.S.:?Ekainean egin genuen lehenengo esperientzia pilotua Igeldon; nahiz eta egia esan, proiektu guztia izan den esperientzia pilotu edo laborategi moduko bat. Igeldokoaren ostean, irailean hasi ginen astero auzo batera joaten.
Azken ekintza potoloa gaur egingo duzue Doka aretoan: Ligodromoa.
N.S.:?Bai, gaur egingo dugu Ligodromo festa. Jende askorekin hitz egin dut jai honen inguruan eta tenperatura neurtzen ari naiz. Azpimarratu behar da ligatze kontuetan beti entrenatua egotea komeni dela. Parranda pikante bat egiteko oso aukera ederra da denentzat: norbere bikotearekin joateko, lagunekin joateko, bakarrik joateko… Zentzu horretan, elkar aurkitzeko eta elkar ezagutzeko jarduerak egongo dira. Gainera parte hartze maila ere norberak aukeratu dezake. Esaterako, bakarrik joanez gero, begiratu eta entzun soilik egin dezakezu,?edo aktibitate kolektiboetan parte hartu; eta gogotsu egonez gero, baita binakakoetan parte hartzera animatu ere. Abatarren bitartez jendea ezagutzeko aukera egongo da.
Zer dira abatarrak?
I.F.: Jende berria ezagutzea errazteko sortu ditugu abatarrak. Festara sartzean, abatarre bat edo izenorde moduko bat hartzeko aukera egongo da. Gero, panel handi batean egongo dira izenorde horiek eta jendeak mezuak idatzi ahal izango ditu bertan. Horrek pikante puntu bat ere ematen dio kontuari.
Ligatze jatorraren dekalogoa aipatu duzue lehen eta Ligodromo festaren hasieran aurkeztuko duzue. Zer da?
N.S.: Ligatze jatorraren dekalogoa auzoz auzo egindako jardueretan osatzen joan gara eta Ligodromo festaren hasieran aurkeztuko dugu. Ni taberna batera joaten naizenean giroa ez da beti aproposa izaten ligatzeko. Ligodromoan hala izatea nahi dugu eta, horretarako, festaren hasieran ohitura onen dekalogoa irakurriko dugu. Festan dauden guztiek askatasunez eta errespetuz jokatu behar dute. Esaterako, norbaiti proposamen bat egin eta ezezkoa erantzun nahi badiogu, proposamena botako dugu atzera, ez proposamena egin diguna. Printzipioz, jendea jarrera oso onarekin egongo da. Bizitza errealean bezala, denetarik egongo da tabernan; bikoteak, lagunekin dagoen jendea, bakarrik etorri direnak… baina giro ona egongo da, eta hori egunerokotasunean ez dago bermatuta.
I.B.:?Dekalogo hori da festaren oinarria eta baita Donostia 2016 Kultur Hiriburutzari utziko diogun ondarea ere.
Zer aurkituko dugu Ligodromoan?
I.F.: Hasteko, dekalogoa aurkeztuko dugu, ondoren, umorezko bakarrizketa bat egongo da. Helburua alde ludikoa lantzea, girotzea eta gaian sartzen joatea da. Gero, bakarrizketa pixka bat luzatuko da Rally Poteoan eta, azkenik, Antiguako Pepe tabernan ogitarteko erotikoa afalduko dugu.
N.S.: Gau guztian zehar Doka aretoan photocall erotiko bat egongo da, bertan gorputzak askatu ahal izateko eta baita Desioen Putzua ere. Bestalde, Sensotxoko bat ere izango dugu, hau leku intimo bat da eta bertan sentipen ezberdinez gozatzeko aukera egongo da; bikotekidearekin, lagunekin edo gauean ezagutu duzun norbaitekin joan zaitezke bertara. Jolas kolektiboen artean berriz Erotribial bat egingo dugu. Betiko tribialaren modukoa da, baina taldeka jolastuko dugu eta tematikoa izango da. Desioen Putzuan, auzoz auzo jaso ditugunak aireratuko ditugu. Ondoren, DJ Umeak alaituko du gaua eta, hortik aurrera, ikusiko dugu zer gertatzen den.
I.F.: Guk uste dugu erotismoa galdu ezin dugun hizkuntza bat dela eta mantendu egin behar dugula.
Erotismoak lekua hartu du Donostian?
I.F.: Erotismoa hirian ikusaraztea lortu dugu, eta jendeak parte hartzea ere bai. Pozik gaude lortu dugunarekin.