XXI. mendeko sagardoa
XIX. mendean Parte Zaharreko sotoak sagardotegiak ziren. Antzinako tradizioa berreskuratu nahian, Arrano Elkartean eta Belea tabernan sagardoa egiten dute. Iragana orainera dakarte.
Andatz eta Txurizko. Hauek dira Parte Zaharreko bi elkartetako sotoan egiten diren sagardoen izenak. Bi lagun taldek egiten dituzte, baina guztiak dira lagunak beraien artean, edo hori diote behintzat. Sagardoaren kontura pike sanoa edo ‘inbidia’ hitza askotan atera baita elkarrizketan zehar, baina argi geratu da, horren guztiaren gainetik, umorea eta laguntasuna gailentzen direla benetan euren artean.
Lehena jaiotzen Andatz sagardoa izan zen duela sei urte. Bi lagunen artean hasi ziren, Ander eta Aratz. Bien izenen baturatik datorkio izena sagardoari. «Asko joaten ginen Oialume sagardotegira. Hango langile Anderren lagunak gara eta berak animatu gintuen sagardoa egitera», kontatu du Ander Urdapilletak sorrerari buruz. «Kupel bat zuten han, Anderrek erakutsi ziguna, guri gustatu egin zitzaigun eta erosi egin genion», laburbildu du.
Hori, historia honetan sartzeko arrazoietako bat izan zen. Bestea, Arrano Elkartea sagardotegi bat izan zenez (Korreo Bia izenekoa), tradizio hori berreskuratzeko. «Botilako etiketan azaltzen den argazkia Korreo Biako argazki bat da», azaldu du Urdapilletak. Bi arrazoi horiengatik murgildu ziren abenturatxo honetan.
Prozesua nolakoa den azaldu dute: «Oialume sagardotegikoek sagarra jotzen dute eta bertatik ateratako zukua da guk gero hona, Arranora ekartzen duguna», esan du Urdapilletak. «Oialumeko Ander etortzen da furgoneta batekin, hodi bati lotu eta horrela betetzen dugu behean dugun 150 litroko kupela», dio Andatz sagardoaren egileak barre txiki batekin.
Badute ideia bat buruan Oialumekoekin batera gauzatu nahi dutena, «sagardoa, astoekin eta egurrezko gurdietan ekartzea Astigarragatik Parte Zaharrera, antzina egiten zen bezala». Oraingoz behintzat furgonetarekin eta hodiarekin egingo dutela esan digu Urdapilletak, «bestea urruti ikusten dut oraindik».
Hortik aurrera, hilabete egon behar du zukuak kupelean, tapa irekita, oxigenoaren beharra duelako. Ondoren, beste hilabete itxita, eta dagoeneko sagardoa egina dagoela azaldu digu. «Hori da sagardoa egiteko prozesua labur azalduta», esan digu.
Kupelaren erdia botilatan sartzen dute, eta beste erdia lagun arteko bazkari edo afaritan bertatik edaten dute. «Botilaratzen dugun sagardoa ez dugu saltzen, lagun eta ezagunei oparitzen diegu, ez dugu dirurik ateratzen hemendik», argitu du Urdapilletak helburuei dagokionez.
Eta Txurizko?
Txurizko sagardoaz gehiago jakiteko Jonpa Albisurekin egon gara; zazpi laguneko ordezkari gisa aritu da. Sagardo hau duela hiru urte hasi ziren egiten lagun artean. Andatz sagardoa egiten dutenen lagunak izanik, beraiei galdezka ibili ziren kupela non lortu eta «inbidia» puntu batekin gaiaz jakin nahian, onartu du Albisuk. Hala ere, besteak probokatzaile hutsak izan zirela esan du, «hortxe etortzen zen Ander, ‘ze, ez zarete ausartzen zuek ere horrelako bat egiten…?’» . Eta horrelakoak esanez gerturatzen omen ziren haiengana, gogoratzen du Albisuk Urdapilletari begira, irribarrea hortzetan.
Lehen urtean, Bai Baiua lokalean egin zuten: «Batetik, tenperatura egokia zelako, frexkoa. Eta bestetik, Arrano bezala eta auzoko beste horrelako 30-40 sotoren antzera, Bai Biaua ere sagardotegi bat zelako antzina» azaldu digu Albisuk. Bi interes dela-eta sartu ziren hauek sagardogile: «Batetik, aipatutako historia hori berreskuratzeko. Eta bestetik, nork berak bere auzoan merkatutik kanpo dagoen zerbait egitea polita delako», gehitu du.
Parte Zaharreko ‘mamuak’
Txurizko sagardoaren izenak ere historia duela esan du Albisuk: «Txurizkoak deitzen zitzaien XIX. mendeko sagardotegietan ibiltzen ziren ‘mozkorrei’. Zergatik? Diotenez, lehortzeko eskegita zeuden maindireak hartu eta emakumeei izutzen zieten gizonei deitzen zitzaien horrela. Mamuak ziruditen». Taldeari asko gustatu zitzaion izena eta horrelaxe geratu zen. Hortik botilako etiketaren marrazkia ere.
Sagardoa egitearen prozesua berdin egiten dute, eta hauek ere ez dute saltzen: «Gainera, estatutu batzuk ditugu betetzeko. Guztion ardura da kupela zaintzea, zukuaren bila joatea, botilak hartzea, materialaren zaintza egitea…», esan digu Albisuk serio.
Guztiak ados daude, esperientzia «oso interesgarria» izaten ari da. Denek laguntzen diote elkarri, «oso pozik gaude eta asko ikasi dugu honekin guztiarekin», diote denek aho batez: «Gainera, jendeak asko eskertzen du botilak oparitzen ditugunean, eta hori ere polita da». Auzotarrek badutela beraien berri adierazi dute.
Esklusiba moduan aurreratu dute bi elkarteen artean beste sagardo bat sortu dutela: Txundatz. Bi sagardoen batura! «Aurrekoan kata itsu bat egin genuen eta hiruetatik onena Txundatz atera zen. Ikusten? Ez dago lehiarik gure artean!», dio Albisuk barrez.