Arrokako frontoirako bizilagunen proposamena.
Amarako bizilagunek
Arrokako frontoiaren alde jarraitzen dute lanean. Egungo frontoiaren alternatiba bat aurkeztu dute, “orain arte Hirigintza sailak frontoia kentzeko eman dituen argudioei aurre egiteko”.
Oihana Santolaria arkitektoak diseinatu du proiektua, Amarako bizilaguna da. “XXI. mendeko frontoi bat” proposatu dute bizilagunek, “betiko auzoa gune berrituarekin lotuko duena”.
Amara Bai auzo elkarteko Jon Lakunzak azaldu du frontoiaren ezkerreko paretan beirazko panel batzuk aurreikusi dituztela alternatiba honetan: “Arrokako frontoia gune kritiko bihurtu dela diotenez, egungo
pareta txikitu eta beirazko panel batzuekin osatzea proposatu dugu. Egungo frontoi askotan jarraitu dute eredu hau”. Pareta altuagoa da proposamen honetan, eta atzeko errepide berriak sortuko duen zaratatik babestuko ditu bizilagunak.
Amara Bai auzo elkartea Martin Ibabe Kirol zinegotziarekin bildu zela azaldu du Lakunzak, eta frontoiko ezkerreko pareta botatzea proposatu ziela: “Soilik frontisa uzteko proposamena egin zigun, baina gu ez geunden ados. Guk bi paretak mantendu nahi ditugu”. Bart bidali diote Martin Ibabe zinegotziari bizilagunen alternatiba.
Martin Ibabe zinegotziarekin hitz egin nahi dute berriz, eta bilera bat egin nahi dute Miren Azkarate Kultura zinegotziarekin eta bere aholkulari Xabier Eguzkitzerekin: “Frontoia auzoaren kultur espazio eta bizi gisa aldarrikatzen dugulako”. Donostia 2016 hiriburutzako lan taldearekin ere bildu nahi dute: “Kultur hiriburu garen urte honetan frontoia botatzea ez da batere logikoa”.