Altzako kiroldegian ez dute amiantorik aurkitu
Abenduaren 1ean hasiko dira kiroldegia botatzen.
Altzako kiroldegiko galdarak eta hoditeria aztertu zituzten atzo eta azterketek negatibo eman dute. Hau da, ez dute amianto arrastorik aurkitu.
Hala jakinarazi du udalak ohar bidez, eta eraiste lanak noiz egingo dituzten ere zehaztu dute. Datorren astean, abenduaren 1ean hasiko dira kiroldegia botatzen. Pare bat hilabete beharko dituzte eraiste lanak amaitzeko. Enrique Ramos, Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, “datozen hilabeteetako jai egunak kontuan izanik, urtarrila bukaerarako edo otsaila hasierarako amaituko dituzte lanak”.
Lan horiek egiten ari diren bitartean uralita zatiren bat agertuko balitz, behar den protokoloa jarriko dute abian. Hau da, Osalani deitu eta gai arriskutsuak jasotzeko zabortegi berezietara eramango lirateke.
Bestalde, amiantoa aurkitu duten inguruko lurrak nola landuko dituzten oraindik ez dute erabaki.