
Hormairudiak horrela geratuko lirateke Gorgatxo plazan. Lau aukeren artean bat hautatu behar dute bizilagunek.
Antiguako hainbat eragileren ekimenez,
Gorgatxo plazan hutsik dagoen horma margotzeko lehiaketa egin dute. Izan ere, Antiguako frontoian harmailak jarri zituztenetik plazako jolastokiaren ondoan horma handi bat geratu da, eta auzoa edertzeko asmoz, hormairudi bat egiteko asmoa dute. Lehiaketara aurkeztu diren guztien artean lau aukeratu dituzte antolatzaileek, eta orain bizilagunen botoen bidez erabakiko da zein egilek jantziko duen horma. Naturarekin lotura dute proposamen gehienek.
Abenduaren 4a izango da botoa emateko azken eguna. Auzoko hainbat gunetan izango da lau proposamenak ikusi eta bozkatzeko aukera: Izurun, Sansustene, Antiguotarrak, Txirain, Istingorra, Baso Etxea, Platero, Bodegilla, Danena, Luis, Arteztu erakusketa aretoa, Ogi Berri, azoka txikia, Lugaritz Kultur Etxea eta Jakintza ikastolan. Internet bidez ere eman daiteke botoa
Ikertze.org webgunean.
Hormairudia abenduaren 8an eta 9an edo 15ean eta 16an margotu nahi dute. Ez dute erabaki, eguraldiaren menpe daudelako. Auzotarrak parte hartzera deitu dituzte, eta auzolanean parte hartzeko deia zabalduko dutela azaldu dute. Botoa ematen dutenen artean hormairudi sarituaren irudi bat zozkatuko dute.