Belartza 2 eremua babesteko protesta martxa egin dute Añorgatik udaletxera
Protesta martxa jendetsua egin zuten igandean Añorgatik udaletxera Belartza 2 gelditu plataformak deituta.
Belartza 2 eremuan metatzen ari diren materialak sortzen dituen kalteak salatzeko eta Belartza 2 eremua babesteko egin zuten martxa. Goizeko 10:30etan irten ziren Añorgako Amassorrain Ikastolatik eta Donostiako udaletxerainoko bidea egin zuten. Elkarretaratzea egin zuten azkenik udaletxe aurrean eta bertan animalien maskarekin mozorrotutako haurrek Belartza 2 eremuan isuritako harrietako batzuk udaletxe aurren utzi zituzten modu sinbolikoan.
“Belartza babestea nahi dugu. Unanue landa parkearen zati izan behar luke. Harri piloa lehenbailehen handik kentzea eta eremua lehengoratzea eskatzen dugu“, azaldu dute.
Esperantza dutela azpimarratu zuten Belartza 2 gelditu plataformako kideek martxaren bukaeran: “Martxoa aldean borroka honi heldu genionean asko izan ziren alperrik zela zioten ahotsak, asko ziren zereginik ez genuela esaten zigutenak. Bada, pixkanaka ari gara jarrera horiei buelta ematen eta gaurkoa ere horren seinale da. Añorgako bizilagunez gain, Donostiako gainerako auzoetako hainbat jende ere batu zen protestara, antolatzaileek azaldu dutenez, guztira 250 pertsona inguru.
Gaineratu dute finean eredu kontua dela: “Guk Añorga komunitatetik eraiki nahi dugu, eguneroko bizitza Añorgan bertan eginda, eta horretarako Belartza 2 poligonoa zabalduz gero ixtera kondenatuko lituzketen komertzio txikiak zabalik behar ditugu eta baserriak martxan, bertako produktuak ekoitziz”. Azkenik, azaldu dute Belartza 2 eremua babesten jarraituko dutela.
Protesta martxaz gain, Belartza 2 eremua babesteko sinadura bilketa ere abiaraziko dute Change.org plataformaren bitartez.
Belartza 2 gelditu plataformako kideek igotako bideo eta argazkiak bildu ditugu.