Arrokako frontoirako bizilagunen proposamena.
Amarako Arrokako frontoia botatzeko asmoa azaldu zuen udal gobernuak, baina atzera egin du azkenean. Urbanizazio proiektuaren inguruan sortutako iritzi kontrajarriak direla eta, parte hartze prozesu bat hastea erabaki du: «Frontoiaren inguruan bizi diren bizilagunen iritzia jasoko du udalak, eta horren arabera erabakiko du zer egin.
Herri partaidetzako udal departamentuak jarriko du abian parte hartze prozesua. Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidea eta Iztuetako biaduktuaren inguruan erabakitzeko abian jarri dituzten prozesuen eredua jarraituko dutela adierazi dute.
Amara Bai auzo elkarteak esan du berri ona dela, baina ez daude lasai. Beldur dira soilik frontoiaren ondoko hiru atarietako bizilagunen iritzia kontuan hartzea. Frontoia Amarako bizilagun guztiena dela, eta beraz, denek erabaki behar dutela, defendatu du auzo elkarteko Jon Lakunzak: «Denok erabili dugu frontoia. Pilotan jokatzeko, jolasteko eta kultur ekitaldiez gozatzeko. Horregatik uste dugu denok erabaki behar dugula».
Udalak frontoia botatzeko azaldu dituen arrazoi guztien aurrean, proposamen sendo bat landu duela adierazi du auzo elkarteak. Eneko Goiarekin biltzeko asmoa dute, Amarako Oihana Santolaria arkitektoak frontoirako egindako proiektua aurkezteko.