Junkal Lertxundi. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Bidaia eta abentura baten kronika bat baino gehiago da ‘Mustafa-Megobari, Kaukaso-Kurdistan bizikletaz’ liburua. Bere anaia Xabier Lertxundik (1962-2007) bukatu gabe utzi zituen idatzi haiek berreskuratu ditu Junkalek. Barrenak husteko, eta dolua gainditzeko terapia hunkigarria izan dela aitortu du.
Xabierren bidaia batean oinarritzen da liburua. Noiz joan zen Kaukaso eta Kurdistan aldera?
2001eko udan joan zen. Alemanian bizi zen garai hartan. Georgiako emakume batzuk ezagutu zituen, georgiera eta euskararen antzekotasunaz hasi ziren hizketan, hango naturaz eta paisaia ikusgarriez… Azkenean ez zen beraiekin joan, denek kale egin zuten, baina haien lagun batekin joan zen, Igor Alberdirekin. Budapesten ezagutu zuten elkar, tren geltokian bertan.
Abenturazale amorratua izan behar, horrelako bidaia bat egiteko!
Abentura izugarri bat izan zen. Ez zuten elkar ezagutzen, bizikletaz egin behar zuten, eta bidaia ez zuten bat ere planifikatu. Leku gehienetan ez zegoen ostaturik, ezta jatetxerik ere. Jendeak ematen zienarekin bidaiatu behar zuten, bidean topatzen zutenarekin. Momentu arriskutsuak ere bizi zituzten. Ustekabe onak eta txarrak izan zituzten.
Nolako esperientzia izan da bere idatziak berreskuratzea?
Oso hunkigarria izan da. Nik idatzi ditudan zatietan biluztu egiten naiz, oso gordin azaltzen ditut nire sentimenduak. Askotan emozionatu egiten nintzen ordenagailuaren aurrean, eta negarrez hasten nintzen. Irakurri dutenek ere gauza bera esan didate. Niretzat terapia bat izan da, idatzi eta esan nahi nion guztia esatea. Dolua egiteko bidea eman dit. Bestalde, oso lasai idatzi dut, askatasun osoz. Nire anaia ere oso librea zen, eta tarteka esaten nuen, ‘bueno, nik hemen, zuk bezala egingo dut, sudur puntan jartzen zaidana’ [barrez].
Zerbaitek arreta eman al dizu bereziki?
Bere idatziak irakurri ahala pasarte berriak ezagutu ditut. Eta gaur egun Internetaren bidez berak egin zuen bidaia imaginatu ahal izan dut. Herrialde horiek deskubritu ditut. Bidaian bizi zituen momentu arriskutsuak izugarriak dira. Eta, aldiz, Igor Alberdi eta bere arteko harremana oso polita da. Liburuaren izenburua anaiak hari jarri zion ezizena da. Mustafa deitzen zion Kurdistan aldean zeudenean, eta Megobari, Kaukaso aldean zeudenean. Hangoen itxura omen duelako [barrez]. Xabiren bidaiaren oso relato pertsonala da liburua, baina pertsonaia fikzionatuak dira. Eguneroko formatuaren kutsu hori kendu diot, eta atalak eta izenburuak jarri dizkiot.
Abentura hartan, eguneroko bat idatzi zuen. Zuk nola berrartu zenuen berak egindakoa?
Nik animatu nuen eguneroko hura idaztera. ‘Eguneroko bat egin beharko duzu, hau kristoren abentura da!’. Han bertan eguneroko bat idatzi zuen, eta itzuli zenean horri guztiari forma eman nahi izan zion. Eleberri bat egiten hasi zen. Erein argitaletxearen lehiaketa batera aurkeztu zen, baina ez zuen irabazi. Eguneroko baten moduan idatzita zegoela, eta zaila zela hura argitaratzea. Ez zuen etsi, eta berridazten hasi zen. Horretan ari zela, bizikleta istripu batean hil zen, 2007. urtean. Jende askok bazekien bere idatziak gordeta zeudela, eta familiari galdetu ziguten ea zer egingo genuen Xabik utzi zuenarekin, behintzat guk gure artean irakurtzeko zerbait izateko.
Eta erreleboa hartu zenuen.
Bai. Niri beti gustatu zait idaztea. Sormen ikastaroak egin izan ditut, ipuin lehiaketetara aurkeztu izan ditut lan batzuk… Eta hasi nintzen pentsatzen nola nobelatu anaiarena. Gai ikusi nuen neure burua hori egiteko, baina denbora behar nuen.
Duela pare bat urte hasi nintzen serio lanean. Eguerditan bi ordu hartzen nituen liburua lantzeko. Bururatu zitzaidan bigarren ahots bat sartzea: nik anaiak izandako bitxikeriaren bat, heriotzarekin lotutako hausnarketak…. Horrela, irakurleak badaki protagonistetako bat hilda dagoela, eta horren inguruko idatzi batzuk ere badirela, tarteka. Bere lagunek bidalitako eskutitz batzuk ere badaude liburuan. Bidaiako argazki batzuk ere modu berezian sartu ditugu liburuan, Joxemi Errondosorok marraztu baititu. Joxemik Xabiri idatzi zion gutun bat ere agertzen da. Beraz, batetik badago abenturaren kontakizuna, eta bestetik, bere heriotzaren inguruan gertatutako hainbat gauza.
Senide eta lagunek zer esan dizute? Pozik al zaudete emaitzarekin?
Pozik nago ni, pozik dago familia. Uste genuena baino gehiago eman digu liburuak. Gu Grosekoak gara, eta Garoa liburu dendan aurkeztu genuen liburua, Xabierren bidaiakide izan zenarekin batera. Oso hunkigarria izan zen denok elkarrekin konpartitzea momentu hura.
Argitaratzeko prozesua nolakoa izan da?
Argitaratuko genuela argi eta garbi genuen. Yolanda Arrietarekin ikastaro bat egin nuen behin, eta hark azaldu zidan prozesua. Hainbat argitaletxetako ateak jo nituen, baina ez genuen argitaratzea lortu. Txalapartako Mikel Sotok aholku batzuk eman zizkidan autoedizioaren bidetik egin ahal izateko, eta hala egin genuen. Niretzat hau guztia berria izan da. Lehen etapan idazle lana egin nuen, eta ondoren nire lanaren idazkari lana egin dut. Oso ondo pasa dut.
Beste liburu bat idazteko gogoa eman al dizu proiektu honek?
Bai, gogoa eman dit, baina orain liburu formatu batean pentsatzea zaila egiten zait. Ni testu laburrak idaztera ohitu naiz, eta horretan naiz iaioa. Ipuin formatuan idazteko grina badut, eta asko animatzen naute ingurukoek. ‘Zure anaiak eman dizu aukera, eta orain zuk zeure kabuz egin behar duzu’, esaten didate. Idazteko, baina, istorioak behar dira. Eta hau desberdina izan da. Berak bazuen idatzita bere bidaia, eta gero badu nire istorioa ere bai. Honek indar handia ematen zidan idazteko. Orain harrapatuko nauen beste istorio bat behar dut.