Joxepo Kortadi, eskuinetik hasita bigarrena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Joxepo Kortadi Egiako bizilaguna hil da 60 urterekin, eta hainbat bizilagunek adierazi dute samina. Auzoko dinamika eta saltsa guztietan parte hartu zuen Kortadik, baina Porrontxo jaien alde egindako lanarengatik zen batez ere ezaguna. Kortadik beste auzotar batzuekin batera sortu zituen Porrontxo jaiak 80. hamarkadan.
IRUTXULOKO HITZAk Porrontxo jaietako belaunaldi desberdinei egindako erreportaje batean azaldu zuen nolakoa izan zen jaiak abian jartzea: «Auzoan lau jai zeuden garai batean, eta bakarrak geratzen ziren, Baztangoak, baina horiek ere desagertzeko zorian zeuden. Orduan, elkartea sortu zen, dinamikan eta kulturan sartzeko eta por narices jaiak izango zirela erabaki genuen, eta hortik, Porrontxoak».
Jai batzordeko Urtzi Aizpuruk adierazi du beti zegoela prest laguntzeko, eta jaiak egiteko garantia bat zela: «Eskarmentu handia zuen jaietan, jaien memoria historikoa zen, horrenbeste urteren ondoren festen ibilbide guztia eta auzotar guztiak ezagutzen baitzituen».
Omenaldia, abenduaren 18an
Auzoaren aldeko langile nekaezina zen. Egiako San Tomas jaia prestatzen ari zen azken egunotan, abenduaren 18an ospatuko dute auzoan, eta bizilagunek egun horretan omenduko dute, Plaza Haundin, 12:00etan egingo dioten ekitaldi batean.