Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak antolatuta, turismoari buruzko mahai inguru bat egin dute. Adituek ez ezik, bizilagunek ere parte hartu dute eztabaidan, euren iritzi eta iradokizunen bitartez.
Parte Zaharreko Liburutegi Nagusiaren ekitaldi aretoa, jendez lepo. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urtez urte, turista eta bisitarien langa gainditu egiten du Parte Zaharrak. Auzoan, guztira, 6.080 biztanle daude, eta jatetxe eta tabernez (210), eta ostatuz (180) «gainezka» dagoela salatu dute bizilagunek: «Turismoa gero eta azkarrago hazten ari da, eta Parte Zaharreko historia, identitatea eta hizkuntza galtzen ari dira. Turistek bizilagunak ordezkatu dituzte». Gaiari buruz hitz egiteko mahai inguru bat antolatu zuen astelehenean Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan. Aretoa beteta, eztabaidan parte hartu zuten Nerea Kamio Turismo ikertzaileak, Oscar Garcia Turismo graduatuak eta Miren Urkixo Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak.
Urkixok turismoaren ikuspegi orokorra eman zuen, eta galdera bat jarri zuen mahai gainean: turismoa onuragarria ala kaltegarria da?
Modernizatzeko tresna
Azaldu zuenez, turismoa herri eta hiriak modernizatzeko tresna bat izan da: «XX. mendearen hasieran, zaharkitutzat zituzten egitura batzuk eraldatzen hasi ziren. Adibidez, hondartza jada ez zen baserritarrentzako eta euren animalientzako; errege-erregina eta dirudunentzako gune bilakatu zen».
Turismoa jarduera ekonomiko gisa definitu zuen: «Ekonomian eragiten du, politikak zehazten ditu… Azken batean, sistema kapitalistaren helduaroa da. Aisialdia merkaturatzen ari da turismoaren bitartez. Hiriak eta herriak salgai daude, marka bat dira, eta enpresek ahal duten guztia egiten dute nortasun hori sortzeko. Eta herritarrek irudi bat erakutsi behar diete etortzen diren turista eta bisitariei. Egun, hemengo bizilagunak ikusle pasiboak eta figuranteak dira».
Era berean, turismoak beste hainbat arlotan eragiten duela esan zuen irakasleak: etxebizitzen salneurrian eta tokiko komertzioan, besteak beste: «Hiri horietako bizilagunak alde egin behar dute euren auzoetatik, eta turistak beste turistekin egiten dute topo».
Garciak, berriz, ikerketa bat egin du turismoaren iraunkortasun sozialaren inguruan, eta Parte Zaharreko egoera aztertu du. Lortutako ondorio nagusien artean, ondorengoak nabarmendu zituen: «Turismoak bi aurpegi ditu. Dirua eman dezake, baina ondorio ezkorrak ere eragiten ditu. Adibidez, auzoa ostalaritzaz eta ostatuz gainezka dago. Hori legala da? Berrikusi beharko litzateke. Gainera, zaratak legezkotasuna gainditu egiten du, eta bertakoak diren langileak oso gutxi dira; beraz, tokikoentzako lanpostuak ez dira sortzen ari turismoarekin».
Garciaren iritziz, turismoaren norabidea geldiaraztea zaila da, baina posible ikusten du berbideratzea. Horretarako, hainbat irtenbide proposatu zituen: «Aisialdi eskaintza beste auzoetara edo Gipuzkoa osora zabaldu daiteke, dena Parte Zaharrean pilatu ez dadin. Bestalde, auzo elkartea saiatzen da turismo osasuntsu baten alde egiten, eta, horregatik, erakundeek auzotarrak kontuan hartu behar dituzte. Turismo mota horri mugak jarri behar zaizkio, eta ezinbestekoa da borondate politikoa».
Kamiok, bere aldetik, beste ikerketa bat egin du Parte Zaharrari buruz; bereziki, turismoaren alde soziokulturala landu zuen. «2014an lehen aldiz pasa genuen 5.000 turistetako muga, eta urtez urte % 10 igotzen ari da. Beldur pixka bat ematen dit horrek. Baina ez dago dena galduta. Horrelako analisiak egiten jarraitzen badugu, zein egoeratan gauden ohartuko gara eta politika batzuk ezartzea posible izango da, Bartzelona bezalako hiri batean bilakatu ez dadin Donostia», adierazi zuen Kamiok.
Deszentralizazioa
Adituen hitzaldi eta ikuspuntuak ez ezik, bi orduko saioan, bizilagunen galderak, iritziak eta iruzkinak entzuteko aukera ere egon zen. Esate baterako, herritar batek ez zuen begi onez ikusi turismoa deszentralizatzea: «Irtenbide bat izan daiteke, baina ez ditut turistak Antigua, Loiola edo Egian ikusten. Nire ustez, arazorik handiena irabazien kontzentrazioa da. Gutxi batzuek ari dira dena eramaten: lokalak, etxebizitzak… Eta kultura ere galtzen ari da. Kanpokoei bost axola zaie zein den Parte Zaharreko egoera soziokulturala». Modu horretan, gazte askok auzotik joan behar izan dutela salatu zuten: «Etxebizitzen salneurriak, zarata, zaborra… guztiak eragiten du».
Herritarrez gain, udaleko zenbait ordezkari ere egon ziren publikoaren artean. EH Bilduko Amaia Almirallek azaldu zuen, berez, negozio bat ireki daitekeela bakarrik lehenengo pisu batean –apartamentu turistikoak, barne–. Tasa turistikoari buruz ere hitz egin zuen: «Diru hori hiria bera eta donostiarren bizitza kalitatea hobetzeko erabili beharko litzateke».
Irabazi Donostiako Loic Alejandrok hausnarketa bat proposatu zuen: «Gure azken helburua bizitzeko modu bat babestea da, ondarea bezala. Hortaz, plan bat zehaztu beharko litzateke baldintza batzuk betetzen direla ziurtatzeko».